T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

4
Eka

Bizikleta aparkaleku, bizikletak kentzea eta isunen inguruan (lehen zatia)

Deskonfinamendu-faseetan aurrera egin ahal, hirian autoa jaun eta jabe zen aurreko normaltasunetik geroz eta gertuago gaude. Baina hori ez da herritarrek nahi duten normaltasun berria, are gehiago, bizi izan dugun konfinamendu gogorraren ondoren.

Konfinamendua amaitzean, oinezkoak, korrikalariak eta txirrindulariak kalera irten ginenean, aire garbia, zeru urdina, txorien txioak, itsasoko brisa eta olatuak ziren nagusi. Baina egoera drastikoki aldatu da azken astean; autoak hirira itzuli dira eta erre-usaina dago nonahi.  Motorrak ere galtzadatik lasai zirkulatzen ari dira berriz ere, ohi zuten bezala kutsatzen eta azeleratzean zarata handia sortzen.

Egoera horretan, ostegunean, munizipalak OINEZKOEN ETA IBILGAILUEN ZIRKULAZIOARI BURUZKO ORDENANTZA (zehazki, 43. artikuluko 7. puntua) zorrozki betearazten hasi ziren berriz ere.

  1. artikulua

7. Bizikletak horretarako propio ezarritako aldeetan aparkatuko dira, horretarako propio jarriko diren parrilletan ondo bermatuta. Halakorik ez badago edo toki guztiak hartuta badaude, beste toki batzuetan aparkatu ahal izango dira, beti ere oinezkoen nahiz ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen ez badute. Ezin izango dira, inola ere, zuhaitzen enborrei lotu, ez eta hiri altzariei ere, baldin eta altzari horiek honda badezakete edo normaltasunez erabiltzea oztopa badezakete. Guztira 3 m baino gutxiagoko zabalera duten espaloietan ere ezin izango dira aparkatu.

Udalaren webgunean argitaratutako ohar batean, hauxe gogorarazten dute:

Donostiako Udalak bizikleten erabiltzaileei gogorarazten die berariaz horretarako prestatutako tokietan aparkatu behar direla. Kostako lerroko barandetan edo eremu publikoko beste elementu batzuetan aparkatutako bizikletak kendu eta udal altxatokira eramanen dira, dagokien isunarekin. Halaber, neurriak hartuko dira bidearen gainerako erabiltzaileen segurtasun fisikorako arriskua dakarten edo oinezkoen edo txirrindularien joan-etorria oztopa dezaketen egoeretan.

Udako egoera hori urtetik urtera errepikatzen da, baina Udalak ez du inoiz aurrea hartzen, eta, aurten ere, itsasoaren inguruko barandetan aparkatuta zeuden bizikletak “garbitzeari” ekin dio. Kalapiek ahalegin handiak eta proposamen ugari egin ditu egoera hori eragozteko eta arazoari aurrea hartzeko, baina alferrik.

Izan ere, hiriko komunikabide bati egindako adierazpenetan, zera dio Mugikortasun saileko ordezkariak: “plaza libreak zeuden inguruko bizikletentzako aparkalekuetan, eta hala frogatzen dute garabia Zurriola hondartzako morruan lanean ari zen une berean hartutako hainbat argazkik”. Zenbat plaza zeuden libre? Barandan aparkatutako bizikletentzako adina plaza? Ez dugu uste egoera Mugikortasun saileko ordezkariak azaldu bezalakoa izan zenik. Hori frogatzeko, larunbat arratsaldean hartutako argazki bat gehitu dugu behean. Ikus daiteke bizikletentzako aparkalekuak leporaino beteta zeudela:

 

Beraz, Udalak beste erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten egoeretan neurriak hartzea erabaki badu, hau modu egokiena ez bada ere, eskatu nahi diogu ordenantza zorrozki betearazteko ahalmena baliatzea, bizikleta eta txirrindulariei dagokienez ez ezik, motordun ibilgailuei dagokienez ere. Hona hemen ordenantzako beste hainbat artikulu:

  1. Motordun ibilgailuek ez dute baimenik espaloian, bizikleta-bideetan, oinezkoen eta bizikleten pasabideetan edota garraio publikoko geltokietan aparkatzeko.

2. ATALA: Abiadurari buruzko 30. artikulua. Donostiako udal-barrutiko hiribideetan, ibilgailuek, haien kategoria edozein dela ere, ezingo dute gainditu 50 km/orduko abiadura, bide bakoitzaren konfigurazioa eta egoera kontuan hartzen dituzten beste araudi murriztaileagoak eragotzi gabe, zeinak espresuki seinaleztatuko baitira. Pertsonen segurtasuna bermatzeko eta ingurumen-kalitatea hobetzeko, hiriko hainbat gunetan hogeita hamar (30) km/orduko abiadura-muga ezarri ahal izango da. Abiadura-muga duten guneak bai sarreran bai irteeran seinaleztatuko dira S-30 eta S31 seinaleak baliatuta, hurrenez hurren.

  1. artikulua.

Oinezkoek espaloi eta ibiltokietan eta berentzat seinaleztaturiko aldeetan ibili behar dute. Seinaleztatutako pasaguneetatik zeharkatuko dituzte galtzada eta bizikleta-bideak. Galtzada zeharkatzeko oinezkoen pasagunerik ez badago, ziurtatu beharko dute arriskurik eta oztoporik sortu gabe zeharkatu dezaketela.

  1. artikulua.

Bizikleta-bideak gainontzeko trafikotik eta oinezkoen aldeetatik fisikoki bereizita egongo dira. Bizikletari eta patinatzaileek baizik ezin izango dituzte erabili. Lastertasun gomendatua hamabost (15) km/h da, gehienez. Ezin da, inola ere, hogei (20) km/h baino azkarrago ibili.

Berriz esango dugu, ozen eta garbi: ez dugu uste desohorea denik hiriko kaleak bizikletaz beteta egotea; aitzitik, horrek erakusten du, erakundeen eta biztanle guztien ahaleginari esker, Donostia hiri modernoa eta ez hain kutsatu dela, eta hiri europar handien antza hartzen ari garela.

Udalak bizikleta inoiz baino gehiago sustatu beharko lukeen une erabakigarri honetan, zergatik kriminalizatzen du bizikletaren erabilera? Udalak Ordenantza zorrozki betearazi nahi badu, zergatik ez ditu betearazten motordun ibilgailuen gaineko artikuluak?

Azkenik, Udalari eskatzen diogu hiriko mugikortasun-arazo handia alde batera ez uztea eta hori konpontzeko lan egitea, motordun ibilgailuen erabilira ahalik eta azkarren mugatuz.

 

 

2 Responses

  1. Mikel Bringas

    Gaizki aparkatzeak agerian uzten duen arazoa ez da hiritarren arau-haustea, udalak jarritako baliabideen gabezia baizik. Aukera bat dena mehatxu bezala ikusten du udalak, eta horregatik hain erabaki okerrak hartzen ari da.

    1. Kalapie

      Eskerrik asko iruzkinarengatik Mikel. Arrazoi guztia duzu, eta diozuna agerian utziko dugu prestatzen ari garen hurrengo sarreretan. Urteroko kontua da, eta aurten, are eta nabariagoa izan da gabezi hori.

Leave a Reply to Mikel Bringas Cancel Reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies