T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

11
Urt

Oslo, auto aparkaleku gabeko hiria

2023. urtea hasi berri da, eta, horrekin batera, klima-aldaketari buruzko legea datorkigu. Horren arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerriek emisio gutxiko eremuak ezarri behar dituzte hirian airearen kalitatea hobetu eta klima-aldaketa eragiten duten emisioak murriztu ahal izateko. Emisio gutxiko eremu hauek hiriko erdigunera gehien kutsatzen duten autoen sarbidea arautu eta mugatu nahi dute. Udal gehienak berandu doaz, eta oraindik ez dituzte eremu hauek ezarri; hala ere, denak daude (edo egon beharko lukete) gaia lantzen.

Testuinguru honetan, interesgarria da Osloren kasua aztertzea. Eskandinaviako hiri honek, beste hiri askok bezala, autoen trafikoa murriztu nahi zuen, bertako biztanleengan eta ingurumenean eragiten dituen eragin negatiboez jabetuta.

Hasiera batean, Udalak iragarri zuen trafikoa erabat itxi nahi zuela alde zaharrean, dendaz, bulegoz, aisialdi-zentroz eta apartamentuz betetako 1,7 kilometro koadrotan. Neurri honek merkatarien erresistentzia gogorrarekin egin zuen topo, eta udalak, azkenean, atzera egin behar izan zuen.

Une horretan, udalak planteamendua aldatu zuen. Autoak erdigunetik kendu beharrean, arazoa sakon aztertzea erabaki zuen, eta alde zaharrera autoz hurbiltzeko pizgarri nagusia, aparkalekuak, kentzearen alde egin zuen.

Era honetan, udalak plan bat jarri zuen abian, eta, pixkanaka, aparkalekuak kendu zituen, hiriko eremu zentrelalnetatik hasi eta erdigune osora zabalduz. Aldi berean, garraio publikoa sustatu eta azpiegitura berria sortu zuen txirrindulari eta oinezkoentzat. Aparkalekuetatik libre geratu ziren guneak espazio publiko, berdegune, bidegorri, bizikleta-aparkaleku, oinezkoentzako gune eta antzekotan bihurtuak izan ziren. Denbora gutxian, trafikoa murriztu egin zen hirian, eta jendea beste garraiobide batzuetara pasatu zen, ibilgailuen trafikoa debekatu beharrik gabe. Gaur egun, hiriaren panorama zeharo aldatu da, eta Osloko herritarrek beren buruari galdetzen diote nola litekeen orain paseatzen ari diren kaleak garai batean autoz beteta egotea.

Gure hirian, ordea, udalak ez du amore ematen, eta aparkalekuek sortzen dituzten arazoak aldarrikatzen urteak daramatzagun arren, plazen kopurua ez da murrizten.

Are gehiago, duela gutxi baieztatu da San Bartolomen aparkaleku berri bat irekitzea aurreikusten dela, eta horrek nekez lagunduko du Donostiak behar duen trafikoa murrizten. Hori dela eta, uste dugu autoak etiketatzeko eta debekatzeko sistema ezartzeaz gain, emisio gutxiko eremu berriak neurri osagarriekin batera etorri behar dutela, hala nola autoarentzako guneak berdegune edo gune publiko bihurtuz edota aparkaleku-plazak murriztuz. Edonola ere, ohiko autoen ordez etiketa berdeak dituzten elektrikoak jartzea ez da gure hiriek behar duten irtenbidea mugikortasun osasuntxu eta jasangarri bat eraikitzeko bidean.

Iturriak:

Oslo ha tenido una idea brillante para sacar a los coches de sus calles: eliminar los aparcamientos, Magnet

What happens when a city bans cars from its streets?, BBC

Oslo’s car ban sounded simple enough. Then the backlash began, The Guardian

How Oslo Achieved Zero Pedestrian and Bicycle Fatalities, and How Others Can Apply What Worked, The city Fix

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies