Non daude nire bizikleta garbitzeko/konpontzeko zerbitzu publikoak?
Donostian bizikleta erabiltzen duten herritar askok dakiten bezala, gaur egun ez dago bizikletak konpontzeko edo garbitzeko gune/espazio/leku publikorik hirian. Beraz, bizikleta garbitu nahi dutenek inguruko udalerrietara joan, edo gune nagusietatik oso urrun dauden gasolindegietako batean ordintzera behartuta daude. Konponketa txikietarako tresnaren bat eskuratu nahi izanez gero, aukera bakarra tailer batetik pasatzea edo bere poltsikotik ordaintzea da.
Era honetako azpiegituretarako dagoen eskaera handia ikusita, kalapietik denbora daramagu udalari eskatzen hirian garbiketa-gune bat eta erremintadun totemak jar ditzala.
Inguratzen gaituzten herri askok (Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Lasarte, Orio…) bizikleta doan garbitzeko guneak dituzte, eta gehienek (ia guztiek ez esatearren) konponketa-puntuak jarri dituzte, edonork oinarrizko tresnak eskura ditzan. Ulertezina da Donostiak, mota guztietako hainbeste erabiltzaile izanik (errepidea, MTB, eta abar), eta punta-puntako hiria izateaz hain harro gauden honetan, oinarrizkotzat jotzen dugun zerbitzu mota hau ez izatea.
Gure ustez, desinteres politikoa dago honen atzean, kokalekurik ezaren justifikazioa ez baita baliozkoa. Aurreko aldietan adierazi dugun bezala, Kalapieren ustez 3 garbiketa-puntu ere beharko lirateke (hiriaren mendebaldean, ekialdean eta hegoaldean), hauek Anoetan, Saguesen eta Errotaburun jar litezke, non eraikitzeko leku nahikoa badagoen, betiere interes politikoa badago. Erreminta-totemei dagokienez, prezioa eta espazioa kontuan hartuta, 5 unitate ere instalatu beharko lirateke. Gure eskaeraren aurrean, ezin dugu ontzat eman baliabiderik ezean oinarritutako justifikazio bat hirian obra asko eta aurrekontu handikoak egiten ari diren garai honetan. Jarduera honek inbertsio barregarria eskatuko luke, egiten diren beste proiektuekin alderatuta, eta itzulera oso altua da txirrindularientzat.
Beraz, udalari eskatzen diogu erreakzionatzeko eta lan egiteko arlo honetan, Gipuzkoako biztanle eta txirrindulari gehien dituen udalerria izanik, nahiko abandonatuta baikaude. Dirua gutxi da eta onuradunak asko.