T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Ibilgailuen Ordenantza

Jarraian txirrindularien zirkulazioaren inguruko Donostiako udal ordenantza ikusiko duzue. 
Ordenantza osoa deskargatu nahi izanez gero, hemen aurkituko duzue.

IV. TITULUA
BIZIKLETAK

46. Artikulua.
Bizikletek ere indarrean dauden trafiko eta zirkulazio arauak bete behar dituzte. Bizikleta-bideetan nahiz oinezkoek lehentasuna duten aldeetan haietarako seinaleztaturiko ibilbideetan ibiliko dira. Halakorik ez dagoen tokian, galtzadan ibiliko dira.
Txirrina eta indarrean dauden legeek agindutako distiragailu eta argiak edukiko dituzte.

47. Artikulua.
Bizikleta-bideak gainontzeko trafikotik eta oinezkoen aldeetatik fisikoki bereizita egongo dira. Bizikletari eta patinatzaileek baizik ezin izango dituzte erabili. Lastertasun gomendatua hamabost (15) km/h da, gehienez. Ezin da, inola ere, hogei (20) km/h baino azkarrago ibili.

48. Artikulua.
Bizikletak oinezkoek lehentasuna duten aldeetan seinaleztatutako bizikleta-ibilbideetan ibili ahal izango dira, baldin eta:
—Dauden seinaleei kasu egiten badiete.
—Oinezkoek duten lehentasuna errespetatzen badute.
—10 km/h-ko lastertasuna gainditzen ez badute eta oinezko kopuruaren arabera egokitzen badute.
—Metro bateko segurtasun distantzia uzten badute oinezko bat aurreratzean edo harekin gurutzatzean.
—Axolagabe nahiz beldurgarri den eta oinezkoen segurtasuna arriskuan jar dezakeen maniobrarik egiten ez badute.
Zazpi urte arteko umeak espaloietan ibili ahal izango dira bizikletaz, beti ere adinez nagusi den baten ardurapean, oinezkoak baino azkarrago ibili gabe eta haiei enbarazu egin gabe.

49. Artikulua.
Galtzadatik doazenean, bizikletak eskuineko erreitik joango dira; errei horren erdiko aldea ere har dezakete. Bestalde, ezkerreko erreitik ere joan ahal izango dira, bidearen ezaugarriak direla-eta eskuineko erreitik ezin direnean ibili edo ezkerretara jo behar dutenean.

50. Artikulua.
Bizikleta-bideetan, oinezkoek lehentasuna duten aldeetan seinaleztaturiko ibilbideetan nahiz 30 km/h lastertasuna gainditu ezin den aldeetan dabiltzan bizikletek atoi nahiz erdi-atoi bat eraman ahal izango dute, bai egunez bai gauez, edozein fardel mota nahiz umeak garraiatzeko. Atoiak edo erdi- atoiak behar bezala egiaztatu edo homologatua egon beharko du, eta haietako bakoitzerako onartzen den pisua ezin izango da inola ere gainditu.
Halaber, gidaria adinez nagusia bada, zazpi urte arteko haur bat eraman ahal izango du bizikletari lotutako aulki batean. Aulkiak behar bezala egiaztatu edo homologatua egon beharko du, eta haietako bakoitzerako onartzen den pisua ezin izango da inola ere gainditu.

51. Artikulua.
Udalak bizikleten erregistroa sortuko du, lapurretak eta galerak prebenitu eta bizikletak erraz topatu ahal izateko. Nahi duenak emango du izena Mugikortasuneko Administrazio Atalak kudeatuko duen erregistro horretan.
Serie-zenbakia duten bizikletak erregistratu ahal izango dira.
Hamalau urtetik gorakoek erregistratu ahal izango dituzte bizikletak. Horretarako, honako datu hauek eman beharko dituzte:
—Jabearen izena eta abizenak.
—Helbide eta telefonoa.
—Nortasun agiriaren zenbakia.
—Bizikletaren serie-zenbakia.
—Bizikletaren marka, modelo eta kolorea.
Hamalau urtetik beherakoen bizikletak gurasoen nahiz legezko tutoreen izenean erregistratuko dira.
Bizikleta erregistroan jasotzean, jabeak jasoarazi ahal izango du borondatezko asegurua duen.
Organo eskudunak hartutako erabaki nahiz ebazpen baten bitartez ezarriko dira erregistroaren funtzionamendu arauak.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies