T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

10
Aza

Zer arnasten dugu Donostiako erdigunean su artifizialak jaurtitzen dituzten gauetan? – AIREA 12

Kalapiek PM2,5 partikula finak neurtzeko bi gailu berri dituenez, elkarteko hainbat kidek, hirian bizikletaz edo oinez ibiltzen garenean, airearen kutsadura (bereziki autoek eragiten dutena) denbora errealean neurtzen jarraitzen dugu.

Era berean, San Joan bezperako gauean egindako neurketetan Donostiako erdiguneko airean kutsadura-maila handiak antzeman genituenez, interesgarria iruditu zaigu Aste Nagusian su artifizialak jaurtitzeak Donostiako badiaren inguruan pilatzen diren milaka pertsonek arnasten duten airearen kalitatean duen eragina ezagutzea; bai eta erretzen den material piroteknikoak eragiten duen kutsadura akustikoak ikusleengan eta, bereziki, haurrengan duen eragina ere.


Irudian, 2017ko abuztuaren 14an, 15ean, 16an, 17an, 18an eta 19an, Donostian su artifizialak jaurtitzen zituzten bitartean egin genituen airearen kalitatearen (PM2,5 partikulak) neurketak irudikatzen dira.
PM2,5 partikulei dagokielarik, kolore berdeak airea garbia, horiak ez oso garbia, laranjak kutsatu samarra eta gorriak oso kutsatua dagoela adierazten dute. Hori kontuan hartuta, irudian ikusten dena nahiko kezkagarria da.
Abuztuaren 18ko lerro berde-hori-laranja Gipuzkoa plazatik porturaino egindako ibilbidea da; eta lerro gorriak portua irudikatzen du, itsasoko eta lurreko brisaren eraginez, keak jaso zituen tokia.
Bulebarreko zati bateko lerro gorria zezensuzkoa igaro zenean egindako neurketei dagokie, lerro horia zezena portutik bulebarrera eta, handik, Garibai kalera itzuli zenekoa da.
Gaiari heltzeko, galdera hauei erantzuten saiatuko gara:
Zergatik neurtzen ditugu PM2,5 partikulak eta nola neurtzen ditugu? Zein da partikulen konposizioa? Zer eragin dute osasunean? Zer dio legeriak haiei buruz? Zer gertatzen da beste tokietako su artifizialekin? Zer edo zer al dakigu horri buruz? Eta, azkenik, zer egin dezakegu?
Sarrera
Su artifizialak, magikoak badirudite ere, kimika hutsa dira. Suen eztanda eta sonoritatea ahalbidetzen dituzten erreakzioengatik ez ezik, sortzen duten eta hain ikusgarri egiten dituen kolore-sorta zabalagatik.
Horren arrazoi nagusia bolborak barne hartzen dituen metalak dira. Hala, adibidez, sodioak sortzen ditu tonu hori eta urre-kolorekoak, barioak berdeak, kobreak urdinak, estrontzioak gorriak, titanioak dirdai zuri eta zilar-kolorekoak, kaltzioak intentsitate gehiago ematen die koloreei, magnesioak distira eta argitasuna areagotzen ditu, antimonioak distiren aureolak markatzen ditu…
Su artifizialek atmosferara isurtzen dituzten gas eta keek arriskuan jartzen dute bai ingurumena (airea, itsasoa eta lurra) bai haien eraginpean dauden pertsonen osasuna (baita zarata entzutegatik ere), bereziki ahulenen kasuan: adin txikiko umeak, adineko pertsonak eta asma, arnas arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituztenak.
Izan ere, ke horiek osatzen dituzten hainbat partikula metaliko (horietako asko 2,5 mikratik beherakoak) inhalatzen ditugunean biriketara iristen zaizkigu.
Horren harira egindako hainbat azterketa zientifikok adierazten dute su artifizialek kutsadura-maila handiak eragiten dituztela: PM2,5 partikula asko dituen kea eta kobrezko, estrontziozko, bariozko, zinkezko, magnesiozko, antimoniozko, aluminiozko, potasiozko, titaniozko eta abarrezko aerosol metaliko eta toxikoak direla-eta.
Europar Batasunak artsenikoaren eta berunaren erabilera debekatu du; hortaz, komenigarria litzateke metal horiek baimentzen dituzten beste herrialdeetatik iristen den material piroteknikoa kontrolatzea.
Ehunka su pirotekniko pizten dituzten Alacanteko Cremà eta Valentziako Mascletà ospakizunen ostean egindako neurketen emaitzek ehunka aldiz biderkatzen dute aipatu bi metal astunen presentzia hiri horietako atmosferan.
Txinan duten kutsadura-arazoa ezaguna da ere. Bertan, Beijingen, Urte Berria ospatzeko su artifizialek ohiko balioak 25 aldiz gainditu zituzten PM2,5 indizeak (osasuna gehien kaltetzen duten partikulak) eragin zituzten: m3-ko 16 mikrogramotik 407 mikrogramora igo ziren.
Txinako Segurtasun publikoko ministerioaren datuen arabera, egun seinalatu horietan zeru garbiagoa izan nahi zutelako, Txinako 138 hiritan su artifizialak debekatu eta beste hainbat 536 hiritan mugatu egin dira.
PM2,5 partikulek osasunean duten eragina. OMEren gomendioak.
Osasun-irizpideak soilik kontuan hartuta, OMEk erreferentziako balio batzuk proposatzen ditu, kutsatzaileekiko gehieneko esposizio onargarria zehazten dutenak.
Alde aipagarria dago EBk ezarritako balioen eta OMEren gidalerroen artean.
Azpimarratu behar da OMEren urteko gomendioa PM2,5 partikulentzat 10 μg/m3 dela, egungo europar muga-balioaren (25 μg/m3) erdia baino gutxiago, edo 2020. urterako ezarri den 20ko balioa baino gutxiago. Estatu Batuek, ordea, 12 μg/m3-ko muga-balioa arautu dute.
PM2,5 partikulekiko eguneroko esposizioei dagokielarik, OMEk m3-ko 25 mikrogramotik beherako balioak gomendatzen ditu. EBk, aldiz, ez du muga-baliorik ezarri.
PM2,5 partikulak neurtzeko sentsoreak eta estazio finkoekin duten korrelazioa.
Neurketak egiteko kostu eta tamaina txikiko hainbat AIRBEAM 2.5 monitore eramangarri erabili dira. Monitoreek optikoki neurtzen dituzte 2,5 mikratik beherako partikulak.
PM2,5 partikulak denbora errealean neurtzeko merkatuan dauden zenbait sentsorerekin egin berri duen azterketa batean, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) ondorioztatu du AIRBEAM 2.5 monitoreak (erreferentziako) kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko EBko hiri nagusietan erabiltzen diren estazio finkoetako sentsoreekin korrelazio-emaitza hobeak eskaintzen dituela.
Horregatik hautatu genuen AIRBEAM 2.5. Izan ere, teknologia berrien (sentsoreak, Interneta eta aplikazioak) bidez, hiriko airearen kalitateari buruzko datuak denbora errealean ematen dizkigu. Sentsoreak smartphonearekin komunikatzen dira, Bluetooth bidez, eta azken honetan geolokalizatzen eta bistaratzen dira.
Egun, 4 detektagailu txiki ditugu, neurketak egiteko dagozkien smartphoneekin lotuta. Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak eta Kalapie txirrindulari elkarteak ordaindu dituzte.
Neurketa egiten den bitartean, smartphonean, une bakoitzean, PM2,5 partikula finen maila ikus daiteke, bai eta egindako ibilbideko muturreko balioa eta batezbestekoa ere.
Ibilbidearen neurketa amaitzean, datuak sarbide libreko webgune batera (http://www.Aircasting.org/) bidali eta bertan biltegiratzen dira.

AirBeam sentsorea PM2,5 partikulak neurtzeko
PM2,5 eta beste aldagai batzuek neurtzen dituen aplikazioa


Neurketak/Emaitzak
Aurrekari hauek ikusita eta, bizikletaz zein oinez hirian egindako ibilbideetan, PM2,5 partikulak denbora errealean neurtzen igaro ditugun azken 7 hilabeteetako (600 emaitza baino gehiago) esperientziaren ondoren, San Joan bezperako gauean Donostiako erdigunean antzemandako kutsadura-maila handia (Kalapie.org webgunean argitaratu genuen moduan) kontuan hartuta, komenigarria eta egokia iruditu zaigu Donostiako ikusleek su artifizialak jaurtitzen diren “bitartean eta ondoren” inhalatzen duten PM2,5 partikula-maila ezagutzea.
Donostiako Aste Nagusian su artifizialak jaurtitzen diren 8 gauetan, abuztuaren 12tik 19ra arte, egin ditugu neurketak.
Abuztuaren 12an, larunbatean, itsasoko eta lurreko brisak keak Urgullerantz aldentzen zituen. Lortutako emaitzen arabera, lurrean zeuden pertsona gehienek ez zuten izan su artifizialetatik zetozen toxikoekiko esposiziorik.
Halaber, abuztuaren 13ko gauean Alderdi Ederren parean dagoen Askatasuna hiribideko balkoi batetik egindako neurketek emaitza onargarriak eman zituzten, haizeak ez zuelako kea harantz bideratzen.
Beste 6 gauetan, berriz, abuztuaren 14tik 19ra arte, PM2,5 partikula arnasgarriekiko esposizio-mailek, erdiguneko eremu askotan, aise gainditu zituzten OMEk ezarritako mugak.
6 gau horietan, gailentzen zen haize/brisaren arabera, neurgailuak keak joaten ziren tokietara eraman genituen.
Hala, PM2,5 partikulen kontzentrazio handiak aurkitu genituen ia hiriko erdigune osoan.
Erdiguneko kaleen mapan, lerro gorri jarraituak m3-ko 55 mikrogramotik gorako PM2,5 partikula-mailak irudikatzen ditu, lerro laranjak 35 eta 55 bitartekoak, horiak 12 eta 35 bitartekoak eta berdeak m3-ko 12 mikrogramotik beherakoak.
Lerro gorriak eremu zabala estaltzen du: Kontxa pasealekua, Easo, San Martzial, Urbieta, Loiola, Hondarribia, Getaria eta Arrasate kaleak, Askatasuna Hiribidea, Hernani, Garibai eta Andia kaleak, Gipuzkoa plaza eta ingurua, Bulebarra eta portua.
Su artifizialek irauten duten 15-20 minutuetan, ez genuen astirik izan neurketak egiteko hiriko eremu zabalagoetan: Urumea ibaia, Artzain Ona, Alde Zaharra, Urgull, hondartza eta badiako ontziak. Bistan denez, hango kutsadura-mailak handiagoak izango ziren, keak zeraman norabideari erreparatuta begiratu batean ikus zitekeen moduan.
Eta zer esanik ez segurtasun-neurriengatik mugatutako eremuari dagokiolarik, su artifizialak jaurtitzen diren tokitik hurbilen dagoena, alegia. Horrek, gailentzen den haize/brisaren arabera, gertuko etxebizitzei eragiten baitie.
Nabarmendu beharra dago, egun guztietan (baita 15eko eta 16ko zezensuzkoa irten zenean), neurketa egin genuen une edo puntu askotan, kutsadura-maila hain zela handia non m3-ko 185 mikrogramoko neurgailuaren gehienezko detekzio-balioa aise gainditzen baitzuen.
Hori argi ikus daiteke azken 6 gauetako (14tik 19ra) grafikoetan, non PM2,5 partikulen kontzentrazioak, antza denez, m3-ko ehunka mikrogramokoak izan baitziren. Izan ere, keak buru gainean izango bagenitu bezain gertu sentitu eta ikusi genituen.
ABUZTUAK 14 (abuztuaren 14ko jatorrizko neurketa)ABUZTUAK 15 (abuztuaren 15eko jatorrizko


ABUZTUAK 16 (abuztuaren 16ko jatorrizko neurketa) ABUZTUAK 17 (abuztuaren 17ko jatorrizko neurketa)


ABUZTUAK 18 (abuztuaren 18ko jatorrizko neurketa) ABUZTUAK 19 (abuztuaren 19ko jatorrizko neurketa)

Abuztuaren 19ko azken grafikoan, 0:00ak igarotakoan (20ko egunsentian), agertzen den puntu altuena Zurriola pasealekuan dagoen txurro-dendako keei dagokie; zertxobait baxuagoak diren hurrengo puntuak, aldiz, Gros auzoko terraza batean gure mahaitik gertu erretzen zeuden pertsonen tabako-keei dagozkie.
Oro har, grafikoetan, PM2,5 partikulen kontzentrazioaren hazkunde azkarra ikus daiteke su artifizialak jaurtitzen hasi ziren unetik (22:45) amaitu ziren arte (23:00-23:05). Ondoren, kontzentrazio horrek behera egin zuen pitinka-pitinka.
Era berean, hainbat gautan, neurketak egin ziren zezensuzkoa irten zenean, abiatutakoan eta gero bulebarrean, eten zen tokian.
Zenbait kasutan, monitorearen m3-ko 185 mikrogramoko goi-muga gainditu zen, 15eko, 16ko eta 18ko grafikoetan, 23:30ak eta 23:40ak bitartean, antzematen den moduan.
Bestalde, abuztuaren 12tik 19ra, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen barruan, Donostiako kutsadura atmosferikoa neurtzen duten estazioetako sentsoreek eman zituzten emaitzak ikusita, hauxe ondoriozta daiteke:
– Hirian dauden 4 estazioetatik, PM2,5 partikulak Ategorrietako eta Tolosa hiribideko estazioetan bakarrik neurtzen dira.
– Bi estazio horietako PM2,5 partikulen kontzentrazioak urteko beste egunetakoen antzekoak dira. Ez dute detektatu hiriaren erdialdean su artifizialek eragindako aldizkako poluzioa.
Material piroteknikoak eragiten duen kutsadura akustikoa
Zarata mehatxu ikusezina da herritarrontzat, baina gaixotu gaitzake. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi du zarata gaixotasun gehien eragiten dituen ingurune-alderdietako bat dela. Baina, zarata sortzera eta jasatera ohituta gaudenez, agian ez gara haren ondorio kaltegarriez jabetzen.
Izan ere, kutsadura atmosferikoaren atzetik, ingurunearekin lotuta, kutsadura akustikoa osasunean arazo gehien eragiten dituen bigarren kausa da.
Hainbat azterketek zarata neurrigabearen eta gaixotasunen hazkundearen arteko lotura zuzena frogatu dute.
Kutsadura akustikoaren iturri nagusiak, eta intentsitate handienekoak gainera, su artifizialak dira: 120-130 dezibel inguruko zarata-mailak eragiten dituzte su artifizialak jaurtitzen diren lekutik 100 metro baino gutxiagora dauden pertsonengan.
OMEren aburuz, osasuna larriki kaltetzen dute, bereziki, adin txikiko umeen osasuna.
Azkenik, bitxikeria gisa, esan daiteke, lan-munduan, entzumen-galera (gorreria) saihesteko, 8 ordurako gehienezko esposizio-maila 87 dezibelekoa dela.
Soinu-maila bikoizteak 3 dezibelio igotzea dakar
Hala, 87 dezibel 8 ordutan eta 90 dezibel 4 ordutan, 93 dezibel 3 ordutan, 96 dezibel ordubetean, 99 dezibel 30 minututan, 102 dezibel 15 minututan, 105 dezibel 7,5 minututan edo 108 dezibel 3,75 minututan gauza bera da.
Beste era batera esanda, 4 minututik beherako 108 dezibeleko esposizioak eta 8 orduko lanaldian 87 dezibeleko esposizioak kalte bera egiten diote entzumenari. Kontuan izanda enpresako osasun-taldearen kontrolpean dagoen lan-adineko (18 eta 65 urte bitartekoa) pertsona osasuntsu batez ari garela.
Ikuskizun pirotekniko horietan parte hartzen duten herritarrak, aldiz, askotarikoak dira, pertsona ahulenak (umeak) barne; eta hainbat minutuko su artifizialek 108 dezibeleko zarata-mailako esposizioa eragiten dute.
Azken gogoetak
Hau izan da su artifizialen jaurtiketak Donostiako erdigunean eragiten duen kutsadura atmosferikoaren maila, oinarrizko mailan, neurtu dugun lehen aldia.
Aurkitutako PM2,5 partikulen kontzentrazio handiek aise gainditzen dituzte OMEk gomendatutako balioak. Horrek herritarren osasuna arriskuan jartzen du, bereziki, pertsona ahulenena, hau da, ikuskizun piroteknikoak eragindako kea iristen den eremuetan kokatuta dagoen jendea.
Esan gabe doa, PM2,5 partikulen maila altu horiek ez zirela antzeman Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ategorrietan eta Tolosa hiribideetan kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko instalatuta dituen estazioetan, estazio horiek igorpen-fokutik urrun baitaude. Horrek esan nahi du kutsadura eremu zehatz batean lokalizatuta dagoela.
Aurkitutako PM2,5 partikulen mailak Alacanteko Cremà, Valentziako Mascletà eta Beijingo Urte Berria bezalako ikuskizun piroteknikoetako mailen antzekoak dira.
Begi-bistakoa da su artifizialak Alderdi Ederretik (etxebizitzetatik gertu dagoen eta jende asko biltzen duen tokia) jaurtitzeak kearekiko eta giroko zaratarekiko esposizioa errazten duela.
Beraz, emanaldi piroteknikoak egiteko toki hori erabiltzen den bitartean, komenigarria litzateke jendeari hainbat gomendio orokor ematea:
– Kearekiko esposizioa harik eta gehien murrizten bada, osasunean eragiten dituen efektu kaltegarriak txikiagoak izango dira. Hortaz, soluzio onena da kea ez inhalatzea edo, ahal den neurrian, inhalazioa minimizatzea.
– Herritarrei kea iristen ez zaien toki batean kokatzea gomendatzen diegu, eta arreta berezia eskaintzea haizearen norabideari.
– Konposatu piroteknikoak ekoizteko forma berriak ikertzen ari dira, ingurumena gehiago errespetatzen duten, hots, ke eta kutsadura gutxiago eragiten duten, nahasketak erabilita.
Komenigarria litzateke su artifizialek eragiten duten kutsadura aztertzea. Gonbita luzatzen diegu EHUri eta Ikerketa-zentroei beste autonomia-erkidegoetan egin den azterketa-lanari ekiteko, aerosol metalikoen, material piroteknikoa jaurtitzean sortzen diren gas eta bestelako toxikoen konposizio kimikoa zehatz-mehatz ikertzeko.
120 dezibeletik gorako (hegazkin batek eragiten duena baino gehiago) zarata-maila handiei dagokienez, OMEk dio ikuskizun piroteknikoek osasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeela ez badira hainbat neurri hartzen. Bereziki, adin txikiko haurren kasuan, haien entzumena ahulagoa eta ezegonkorragoa delako eta, horrez gain, su artifizialekiko esposizio handiena duen populazio-taldea direlako.
Honako neurri hauek har daitezke:
– Ohikoak baino isilagoak diren su artifizialak jaurtitzea. Eztabaida sutsua piztu da horren inguruan eta merkatuan badaude horrelakoak.
– Jendea ikuskizun piroteknikoa jaurtitzen den puntutik zentzuzko distantzia batera kokatzea. Ahalik eta urrunen kokatu, kalte gutxiago jasoko du entzumenak.
– Umeak, bereziki, soinu-fokutik distantzia jakin batera kokatzea. Populazio-talde horretan zaratak ondorio kaltegarriak eragin ditzake-eta.
– Belarrietan tapoiak edo kotoi pixka bat jartzeak zarata 20 dezibelean arintzen lagun dezake.
Azkenik, adierazi nahi dugu, etorkizunera begira, ikuskizun piroteknikoak egiteko leku berri baten bideragarritasuna aztertu beharko litzatekeela, kea eta soinu-fokua populazio handiko eremuetatik eta herritar asko ibiltzen diren guneetatik ahalik eta gehien aldentzeko.

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies