T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

20
Eka

Airearen kalitatea Anoetako belodromoan. Airea 7

Joan den astean, Donostiarrak klubeko kide diren bi lagunek esan zidaten, belodromoan entrenatzen dutenean, tartanaren egoera txarra dela-eta, eztarrian hazkura dutela.
Komentatu genuen atletak gainetik pasatzean tartanak sortzen duen hautsak eragin dezakeela hori eta Kalapieren tresnekin neur genezakeela. Izan ere, Kalapiek tresna horiek arnasten dugun airearen kalitatea denbora errealean aztertzeko erabiltzen ditu, kirola egiten ari garenean edo, besterik gabe, ibiltzen, banku batean eserita egunkaria irakurtzen edo bilobak zaintzen ari garenean.
Hala, agindu nien, ekainaren 15eko goizean, belodromora gerturatuko nintzela neurketak egitera.
Barruan oso atleta gutxi zeuden entrenatzen, gehienak kanpoko pistan ari baitziren.
Hala ere, PM 2,5 hauts arnasgarriaren (2,5 mikratik beherako partikulak) neurketak egin nituen.
Hasiera batean eta laburki, belodromoaren kanpoaldean (kanpoko kutsadura mailaren erreferentziako neurketa), gero, belodromoaren barnealdean neurtu nuen eta, azkenik, kanpoko pistan, atleta saiatu batzuek zirimiripean entrenatzen zuten bitartean.
PM 2,5 partikulen osasun-arriskuak
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) PM 2,5 partikulentzako (organismoarentzat kaltegarrienak) erreferentziako balio bat proposatzen du, kutsatzailearen gehienezko kontzentrazio onargarri gisa, osasun-irizpideak hertsiki aintzat hartuta.
Alde aipagarria dago Europar Batasunak eta OMEk ezarritako balioen artean, azken hauek zorrotzagoak direlarik osasunaren defentsan.
OMEren urteko gomendioa PM 2,5 partikulentzat 10 μg/m3 da, egungo europar muga-balioaren (25 μg/m3) erdia baino gutxiago, edo 2020. urterako ezarri den 20ko balioa baino gutxiago.
Alabaina, kutsadura atmosferikoak osasunean dituen ondorioak erakusten dituzten hainbat azterketa zientifiko berrik nabarmentzen dute araututako mailak altuegiak direla biztanleria babesteko, PM 2,5 partikulen bidezko kutsadurak kontzentrazio oso txikietan ere osasunean ondorioak eragiten baititu.
Izan ere, PM 2,5 partikulen kasuan, ezin izan da identifikatu osasuna kaltetzen ez duen ataririk.
Ondorioz, OMEren gomendioek partikulen kontzentrazio ahalik eta txikienak lortzea dute helburu.
OMEren muga-balio horiek, oro har, atseden-egoeran dagoen jendearentzat ezarri dira.
Geure kasuan, kontuan hartu behar dugu, belodromo barruan, atletek abiadura-serieak egin ohi dituztela, geldi egonda baino 2-3 aldiz aire gehiago (egindako ahaleginaren arabera) arnastuz eta, hortaz, partikula eta substantzia toxiko gehiago inhalatuz.
Emaitzak

Goizeko 9:55etik 10:45era egindako neurketa jarraituan aurkitutako PM 2,5 partikulen mailak erantsitako grafikoan argi eta garbi ikus daitezke. Belodromoaren kanpoaldeari dagokion lehen partea (10:00ak baino lehen), tarte berdea, OMEk gomendatutako muga-baliotik beherako kontzentrazioak dira.
Azpimarratu beharra dago, barrutian sartu bezain pronto (10:00etatik 10:20era), partikulen mailak tarte horian daudela, OMEk gomendatutako gehieneko balioa gaindituta.
PM 2,5 partikulen kontzentrazio handi hauek neurtutako ia 20 minutuetan mantentzen dira, ni pistara gerturatzea ala ez alde batera utzita, eta kontuan hartuta 3 atleta besterik ez zeudela entrenatzen.
Hortik ondoriozta daiteke, belodromo barruan, goiz hartan airea berritu ez zelarik, hondo-kutsadura maila aipagarria zegoela. Pentsatzekoa denez, horrek gora egingo luke atleta asko ariko balira entrenatzen, tartanak sortzen duen hautsaren ondorioz.
Kanpora irtetean (10:20etik 10:45era) eta, zehazki, kanpoko atletismo-pistan, partikulen mailak tarte berdera jaisten dira berriro ere.
Ondorioa
Goiz hartako baldintzetan, belodromo barruan egindako PM 2,5 partikulen neurketen emaitzen arabera, adierazi daiteke OMEk, oro har, jendearentzat (hau da, entrenamenduak zuzentzen edo, besterik gabe, harmailatik atletak ikusten ari diren pertsonak) gomendatzen dituen muga-balioak aise gainditzen direla.
Atletei dagokienez, abiadura-seriek egiteak duen osasun arriskua, bistan denez, askoz handiagoa da, hiru aldiz aire kutsatu gehiago inhalatzen ari direlako partikula arnasgarrien (hautsa) eta pistako tartan hondatutik datozen beste hainbat produktu toxikoren bidez.
Laburbilduz, belodromo barruan egungo ingurumen-baldintzetan entrenatzeak atleten osasuna arriskuan jartzen du.

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies