T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

2
Abu

Bizikletentzako aparkalekuak Donostian

Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak zorionak eman nahi dizkio Mugikortasun Sailari egin duen azken LAISTERBIDOL kanpainagatik. Izan ere, herritarroi gomendatzen digu, hiriko zirkulazio-arazoen aurrean, soluzio onena autoa etxean uztea eta oinez, bizikletaz edo garraiobide ez hain kutsakorretan (autobusean eta trenean) ibiltzea dela. Zorionak, bada. Bestetik, Kalapiek gogorarazi nahi dio Udalari 32 urte daramatzala gauza bera errepikatzen, guri jaramon handirik egin gabe.

Ohi bezala, Kalapiek kanpaina horretan parte hartu nahi du, eta, hasteko, bizikletarekin erlazionatutako alderdi oso zehatz eta polemiko bati heldu nahi diogu: aparkalekuak.

Hirian bizikleta asko ibiltzen diren uneetan, esaterako udan, Zinemaldian eta Jazzaldian zehar, gorriak ikusten dituzte txirrindulariek bizikletak aparkatzeko, eta toki erosoenetan uzten dituzte bizikletak. Horren aurrean, noizean behin Udalak isunak jarri, giltzarrapoak moztu eta bizikletak gorde egiten ditu. Aldi berean, Udala ahaleginak egiten ari da arazo hori konpontzeko, besteak beste, hondartzen inguruko eremuetan eta beste hainbat lekutan aparkaleku gehiago jarrita. Baina bi aldeak, bai Udala bai isunak jaso dituzten txirrindulariak, konforme ez daudela ikusita, Kalapiek uste du ez dela behar besteko soluziorik eman. Udalaren iritziz, zentzuzkoa da isunak jartzea txirrindulari asko ibiltzen diren eremuetan eta zona kritikoetan aparkaleku libreak daudelako. Isunak jaso dituzten pertsonak, berriz, haserre daude, haien esanetan, bizikletentzako aparkalekuetan bizikleta uztea ezinezkoa delako, aparkalekuak beteta baitaude. Desadostasuna da nagusi eta, egoera horretan, Kalapiek eskatzen dio Udalari, isunak jarri aurretik, ondo adieraz eta informa dezala non aparka daitezkeen bizikletak eta non ez.

Nolanahi ere, Donostian, bizikletak aparkatzeko arazoa ez da urtaroaren araberakoa, ezta aldizkakoa ere. Gogorarazi nahi dugu txirrindulariok urte osoan zehar ditugula aparkatzeko arazoak. Badakigu Udala problematikari aurre egiteko lanean ari dela. Horregatik, eskatzen diogu plan zabalagoa prestatzea eta baliabide ekonomiko zein langile gehiago bideratzea arazoa konpontzeko, kontuan hartuta hurrengo urteetan hirian geroz eta bizikleta gehiago ibiliko direla.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDEAk) argitaratu duen bizikletentzako aparkalekuen gaineko eskuliburuak dioenez, bizikletaren eraginkortasuna eta erabilera handitu egingo da txirrindulariek bizikleta helmugatik gertu (oinez, gehienez, helmugatik 50 metrora edo 30 segundora) uzteko aparkaleku seguruak badituzte. 

Hartzen diren neurriek helburu bikoitza izan beharko dute: bizikletaren erabilera erraztea eta espazio publikoa errespetatzea. Udalari eskatzen diogun planak neurri ezberdinak barne hartu beharko lituzke, bai beharrezko azpiegiturei, bai tartean dauden eragileen (dela txirrindularien dela Udalaren) jarrera-aldaketari begira.

Hona hemen gure iradokizunak:

  • Sarbide publikoko eraikin publiko eta pribatu guztiek bizikletentzako aparkaleku bat izan behar dute eraikinaren inguruan.
  • Aparkalekuak jartzea jatorrian, hau da, etxebizitzetan, joan-etorri guztiak hasten diren tokian. Dagoeneko finkatuta dauden hiri-eremuetan, eraikinetan erabili gabe dauden espazioak eta kale bereko egoiliarrek partekatzen dituzten kanpoko espazio itxiak erabil daitezke; eta egon badauden espazioei erabilera desberdina eman diezaiekegu.
  • Hirigintza-jarduera berriak egitean, aurreikusi behar da kale-mailan bizikletak aparkatzeko plaza nahikoak erreserbatzea.
  • Denok uste bezala, autoek pixkanaka hirigunea uzten badute, autoek orain okupatzen dituzten espazio horietako batzuk bizikletentzako aparkalekuak egiteko erabili beharko dira.
  • Bizikletentzako aparkaleku estali eta seguruak behar ditugu.
  • Hiriko auto-aparkalekuak egokitu daitezke bizikletak aparkatzeko balio dezaten.
  • Herritarrok informazio argia izan behar dugu bizikletak aparkatzeko guneen erabileraren gainean.
  • Hirian beste arazo bat dugu: bizikletentzako aparkalekuetan bizikleta zahar asko, hobeki esateko, txatar asko, pilatzen dira. Arazo hori konpontzeko, hondakinen gaineko araudiak ezartzen dituen zailtasunak gainditu behar ditugu eta Udalak bizikleta horiek baztertzeko sistema etengabe eta iraunkor bat ezarri behar du, bizikleta zaharrak pilatzea saihesteko. 
  • Zirkulazio-ordenantzaren arabera, bizikletak ezin dira aparkatu pertsonen, beste ibilgailuen edo salgaien mugikortasuna larriki galarazten edo zailtzen duten tokietan, ezta hiri-altzariak hondatzen dituzten tokietan ere.
  • Bizikletak ezin dira giltzarrapoz zuhaitzei lotu, txorkoei ez ezik. 
  • Bizikletak, nahiz eta bizikletentzako aparkalekuak propio ez izan, pertsonen edota ibilgailuen mugikortasuna kaltetu gabe zeregin hori bete dezaketen elementuei (bulebarreko barandei, etab.) lotu ahal izango dira.

Kalapieren aburuz, kaleetan bizikletak bistarazi behar dira, hiria ekologikoa den eta ingurumena errespetatzen duen seinale. Oso onuragarria da bizikletak hiriaren irudiaren parte izatea.

Kalapiek Udalari ideiak eta iradokizunak helarazten jarraituko du, denon artean, ingurumena gero eta gehiago errespetatzen duen hiri ekologiko eta osasungarri bat eraikitzeko.

 

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies