KALAPIE hiriko txirrindularien elkarteak bere iritzia plazaratu nahi du alderdi politikoek, hiri-mugikortasunari dagokiolarik, hurrengo urteetarako aurkeztu dituzten proiektuen gainean.
Izan ere, aldaketa aipagarriak izango dira laster alor horretan.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearen esanetan, hiriek autoak erdialdetik “atera” beharko dituzte lau urteko epean, “osasun-arazo” bat baitugu. Hori esan aurretik, Eusko Legebiltzarrean, sailburuordeak honako hau adierazi zuen: “klima-aldaketari aurre egiteko neurri nagusia, 2025etik aurrera, hirietako erdialdeetan autoen sarbidea mugatzea da”.
Guk urte dezente daramatzagu planteamendu hori defendatzen eta, ildo horretan, hiru proposamen egiten ditugu:
Lehenik eta behin, Bulebarra eta Zurriola elkartzen dituen bizikleta-ardatzean, Bretxa aurreko bidegorria kentzea eta oinezkoak txirrindulariengandik bereiztea. Horretarako, Zurriolako zubiko mendebaldeko espaloia zabaldu behar da eta bidegorria zubiaren beste aldera eraman. Horrela, zubiaren bi muturretan oinezkoen eta txirrindularien arteko gatazkak saihestuko ditugu eta, aldi berean, Zurriola etorbidearen hasieran, alde batetik bestera gurutzatu beharra saihestuko dugu. Baina, horretarako, zubian, zirkulazio-errei bat kendu behar da.
Bigarren proposamena Kontxa pasealekurako planteatu diren aldaketen ingurukoa da.
Proiektuak aurreikusten du egungo errepidearen azpian tunel bat egitea eta, horrela, azalerako eremu osoa oinez eta bizikletaz ibiltzeko uztea. Baina, horrela, ibilgailuek hiri-erdialdera sartzen jarraituko dute eta, hortaz, proiektua ez dator bat Ingurumen sailak etorkizunerako proposatzen dituen planteamenduekin.
Proiektu alternatiboak, aldiz, zirkulazio-errei bat kentzea proposatzen du, pasealekua eta bidegorria zabaltzeko, eta gainerako bi erreiak ibilgailuen zirkulaziorako uztea. Hain garestia ez den eta errazago gauzatu daitekeen proiektu hori egokia iruditzen zaigu, baldin eta gainerako erreiak garraio publikoen eta ez ibilgailu pribatuen zirkulaziorako eta larrialdietarako uzten badira.
Horrela, garraio publikoari lehentasuna emango diogu eta haren erabilera sustatuko dugu.
Alkateak eta Mugikortasun zinegotziak komunikabideetan egindako adierazpenen arabera, aldaketa horiek ez dira egingo Topoaren pasantea abiarazi arte. Gogorarazi nahi dugu Kontxako bidegorria txertatu zenean eta Amara-Antiguo-Errotaburu biaduktua abiarazi ondoren 2001ean eskatu ziren trafikoaren gaineko inpaktu-azterketek jada bi zirkulazio-errei kentzea ahalbidetzen zutela. Beraz, gure ustez, orain ez dago oztoporik aldaketa hori berandutu gabe gauzatzeko.
Azkenik, San Martin kalean bidegorri bat txertatzea proposatzen da, Antiguotik Herrerara Mirakruz kaletik pasatzen den bizikleta-ardatz handi bat sortzeko. Urteak dira dagoeneko gure elkarteak proiektu hori aldarrikatzen duela, eta eskatzen dugu proiektua prestatzean ibilgailu partikularrekin partekatutako eremuaren gaineko borrokan nagusi diren estutasunak ahaztea. Izan ere, ardatz horrek garrantzi handia du hiriko mugikortasun iraunkorrean, eta bidegorria bizikleta-autobidea balitz bezala eraiki beharko litzateke, Londreseko Cycle Superhighways izenekoen antzera: zabalera eta seinaleztapen egokiak dituzten bizikleta-erreiak, alegia.