T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

14
Api

Donostiak Covid19-a gainditzeko hausnarketak eta proposamenak

Kalapiek, Donostiako Txirrindularien Elkarteak, Covid-19ak eragindako egoera berri honetan, Donostiako Udalarekin jarraian irakurri daitezkeen hiri-mugikortasunaren gaineko hausnarketak eta proposamenak partekatu ditu:

Birusak eragindako pandemia mugarri izan da gure gizartearen eremu askotan (osasunean, hezkuntzan, turismoan…), baina bada, gure ustez, egoerak baldintzatu duen beste eremu garrantzitsu bat ere: mugikortasuna. Orain arte ezagutu dugun mundu globalizatuan, pertsonen mugikortasun azkar eta askea izan da birusa zabaltzen lagundu duen faktore nagusia mundu osoan. Horrez gain, hiri-mugikortasuna faktore garrantzitsua izan da birusaren tokian tokiko hedapenean.

Osasun-larrialdi egoera ezarri zen unetik aurrera, pertsonen mugikortasuna mugatu eta, ondorioz, kutsatuen kopurua murriztu egin da. Ohar hau idazten ari garen unean, ez dakigu nolakoa izango den konfinamenduaren ondorengo panorama, baina honako hau argi dugu: ezin dugu itzuli aurreko egoerara eta, gizarte gisa, hiri gisa, beste behar guztien gainetik, pertsonen osasuna ardatz duen etorkizun bat planifikatu behar dugu. 

Azterketa zientifiko, albiste eta irudi ugarik agerian jarri dute ibilgailu kutsagarrien zirkulazioa etetearekin batera kutsadurak behera egin duela [1]. Donostiako Udala hiriko airearen kalitatearen jarraipena egiten ari da eta, aste bakar batean, hirian hain denbora gutxian inoiz ikusi ez dugun partikula kutsatzaileen beherakada erregistratu du [2]. Egoera horretan, Kalapiek hausnarketa egin nahi du atzean utzi dugun, konfinamenduan zehar bizi dugun eta hurbileko etorkizunean izango dugun egoeraren gainean. Gure aburuz, hausnarketa egin beharko dugu hiri-mugikortasunaren gainean, eguneroko desplazamenduak modu aktiboan, oinez edo bizikletaz, egitea bultzatu, diskriminazio positiboa eginez. Aldaketak egiteko unea da, alferrik galdu ezin dugun eta zerbait egitera bultzatzen gaituen aukera paregabea. 

Goiko paragrafoaren ildotik, autoak gure hirian duen rola aztertu dugu ere. Gure iritziz, ezinbestekoa da, konfinamendua amaitu aurretik, ibilgailu pribatuen erabilera kontrolatzeko eta mugatzeko neurriak hartzea, ibilgailu horiek sortzen duten kutsadurak ondorio negatibo zuzenak baititu koronabirusaren kutsadura- eta heriotza-tasan. Izan ere, egin berri diren hainbat azterketek erakusten dute koronabirusaren ondoriozko heriotza-tasa altuagoa dela kutsadura handiagoko hirietan kutsadura txikiagoko hirietan baino [3]. Horrek esan nahi du are beharrezkoagoa dela autoen erabilera masifikatua geldiaraztea eta oinez edo bizikletaz egindako desplazamendu aktiboak sustatzea.

Horiek horrela, Udalari gogorarazi nahi diogu desplazamenduetarako bizikleta erabiltzeak abantaila paregabeak dituela birusa ahalik eta azkarren desagerrarazteko [4]:

  1. Bizikletaz ibiltzean osasun-agintariek gomendatzen duten pertsonen arteko distantzia fisikoa gordetzen dugu.
  2. Garraio publikoaren ordez bizikleta erabiltzen duten pertsonek birusa harrapatzeko eta besteak kutsatzeko arrisku txikiagoa dute eta, aldi berean, gehien behar dutenei haien lekua uzten diete.
  3. Autoek eta motorrek ez bezala, bizikletek ez dute ingurumena kutsatzen eta positiboki laguntzen dute koronabirusaren hedapen soziala murrizten.
  4. Bizikleta erabiltzeak ez du giro-zarata sortzen eta erabiltzaileen osasuna hobetzen du.
  5. Bizikleta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko bide merkea da, eta potentzial handia du hiriko ekonomia suspertzeko.

Azkenik, Donostian berehala aplika daitezkeen hainbat neurri eta proposamen orokor helarazi nahi dizkiogu Udalari, horietako batzuk konfinamendua amaitu aurretik aplikatzekoak, oraingo osasun- eta ekonomia-krisia lehenbailehen, ahalik eta ondorio negatibo gutxienekin eta herritarren osasun publikoa bermatuz gainditzeko helburuarekin.

Jarraian, gure iritziz, hirian ahalik eta azkarren ezarri beharko liratekeen proposamen eta ideia batzuk azaltzen ditugu:

  1. Zirkulazioa baretzea. Ibilgailuen abiadura modulatzea, herritarren segurtasuna eta bizi-kalitate bermatzeko. Hirian 30 km/orduko gehieneko abiadura ezartzea, eta 20 km/orduko gehieneko abiadura jarduera-dentsitate handiko guneetan (Gobernuaren 2019-2023 planak barne hartzen duen proposamena) [5].
  2. Aldi baterako txirrindularientzako bidegorriak ezartzea, erabilera masiboa eta segurua bermatzen dutenak. Beharrezkoa bezain egingarria iruditzen zaigu, beste hainbat hiritan egin duten bezala, hiriko kale zabalenetako errei batzuk bizikleten zirkulaziorako gordetzea. Neurri horrek arrakasta handia izan du munduko hiri askotan, garraio publikoetan pilaketak zuzenean arintzen dituelako eta herritarren mugikortasun aktiboa sustatzen duelako. Berehala ezar liteke neurri hori; seguruenik, konfinamendua amaitu bezain laster, orduan herritarrek ariketa fisikoa egiteko behar handiagoa izango baitute. Behin-behineko neurria izango denez gero, epe ertainean, birmoldatu eta behin betiko neurritzat hartu beharko litzateke.
  3. Kaleak oinezkoentzako gune bilakatzea [6]. Batez ere, hiriko erdiguneko eta auzoetako bihotzetako zenbait kaleetako espaloiek ez dute zabalera nahikoa Osasun Ministerioak kutsadura saihesteko gomendatzen duen pertsonen arteko gutxieneko distantzia bermatzeko. Horregatik, Udalari eskatzen diogu neurri hori betetzen ez duten kaleak partzialki ixtea eta mugikortasun aktiboari (oinezkoei eta txirrindulariei) toki handiagoa egitea, eta kale horiek garraio publikoaren zirkulaziorako bakarrik edota egoiliarren zirkulazio edo aparkamendurako bakarrik gordetzea.
  4. Semaforoen programazioa aldatzea [7]. Mugikortasunaren kateko lehen mailan dauden oinezkoen lehentasuna eta segurtasuna bultzatzeko politikari jarraikiz, egokia bezain beharrezkoa iruditzen zaigu semaforoen programazioa aldatzea. Oinezkoen zirkulazioa bultzatu nahi dugu, gorriz markatutako geldialdia laburtuz eta berdez markatutako pasaldia luzatuz. Horrela, pilaketak saihestuko ditugu oinezkoen pasabideetan.
  5. Lehenbailehen, Dbizi bizikleta-zerbitzu publikoa berriz ere irekitzea egoki diren osasun-neurriak ezarrita.
  6. Udalari eskatzen diogu agintari eskudunekin hitz egitea bizikleten mantentzeez eta premiazko konponketez arduratzen diren zerbitzuak irekitzeko, baimena duten profesional eta jarduerek eskatuta; kontuan hartuta neurri hori funtsezkotzat jo dela dagoeneko motordun ibilgailuen kasuan.
  7. Aparkaleku gehiago jartzea osasun-zentroetan eta mugikortasunerako trakzio-zentroetan.
  8. Salgaiak bizikletetan eta kargako bizikletetan garraiatzea sustatzea.
  9. Azkenik baina ez azken, goian aipatutako neurriak ezartzeaz gain, beharrezkoa iruditzen zaigu, aldi berean, Udalak kanpaina indartsua egitea mugikortasun aktiboko desplazamenduak (oinez eta bizikletaz) bakarrik sustatzeko, non bizikleta erabiltzeak dituen abantailak azpimarratzen diren. Kanpainarako honako bi izen hauek proposatzen ditugu: #DonostiaAktiboa edo #DonostiarrakMugituz

Neurri ekonomikoak:

  • Jakinaren gainean gaude egoera ekonomiko gogorra dugula aurretik; jarduera asko itxi dira. Konfinamenduaren ondoren, batzuk berriz ere irekiko dira, baina beste batzuk bidean geldituko dira. Administrazioak lan nekeza izango du egoera hori konpontzeko eta laguntzak ikuspegi ekonomikotik baina, batez ere, ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak diren jardueretara bideratu beharko ditu. Izan ere, alderdi hori lantzen duten hiriak eta eskualdeak aurretik dugun krisia gainditzeko egoera hobean egongo dira.    
  • Turismo Sailari European Cyclists Federation erakundeak prestatu duen eta Red de Ciudades por la Bicicleta sareak gaztelaniara itzuli duten txosten bat [8] helarazi nahi diogu. Txostenak bizikletak hiri-mugikortasunean eta turismoan duen potentzial handia zehazten du. Txostenaren esanetan, Donostiak bizikletaren jarduera eta merkatua sustatzea lortzen badu, erreferente bilakatuko da bai estatuan bai Europan.

Azkenik, nahiko genuke Udalak hemen azaldutako proposamenak bere egitea, Donostiako Udala eredu bilaka dadin herritarren zaintzari dagokionean. Udalaren eta, zehazki, Mugikortasun Sailaren eskura gaude idatzi honetan azaldutako planteamendu orokorrak garatzeko, elkarrekin lan egiteko, eta, Udalak nahi izanez gero, egindako planteamenduen aplikaziorako ideia eta erantzun zehatzak emateko. 

 

[1] Airearen kutsadura minimoetara iristen da koarentenan zehar zirkulazioa murrizteagatik: zer ikasi dezake Europak?

(en) https://ecf.com/news-and-events/news/air-pollution-falls-minimums-due-reduced-traffic-during-quarantine-what-can

(es) https://conbici.org/noticias/la-contaminacion-del-aire-cae-a-minimos-debido-a-la-reduccion-del-trafico-durante-la-cuarentena-que-puede-aprender-europa

[2] Donostiako airearen kalitatea aldatu da

https://www.donostia.eus/ataria/documents/8023875/8050807/Aire+kalitatearen+azterketa.pdf/9cd57cdd-88f3-267c-a4a0-7125613b745b

[3] Airearen kutsadurak COVID-19aren ondoriozko heriotza-tasa igotzen du

https://cadenaser.com/ser/2020/04/07/ciencia/1586278898_664501.amp.html?__twitter_impression=true

[4] Keep Cycling during the Coronavirus Outbreak

https://ecf.com/news-and-events/news/keep-cycling-during-coronavirus-outbreak

[5] Gobernuaren 2019-2023 Programa [PDF]

https://www.donostia.eus/ataria/documents/10305323/0/Donostiako+Udala+Gobernu+Plana+2019_2023.pdf/d5b3c358-2f58-f3d9-f7e3-74182f8d44f1

[6] How coronavirus will change the face of the cbd

https://www.stuff.co.nz/national/120970386/how-coronavirus-will-change-the-face-of-the-cbd

[7] Semaforoak doitu dituzte txirrindularien eta oinezkoen zirkulazioa arintzeko

https://www.bruzz.be/mobiliteit/sneller-oversteken-dankzij-het-coronavirus-2020-04-03

[8] Bizikletaren onurak. Nola aprobetxa daiteke bizikletaren potentzial handia Europan?

https://www.ciudadesporlabicicleta.org/wp-content/uploads/2019/08/TheBenefitsOfCycling2018-RCxB-Castellano.pdf

 

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies