T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

14
maiatza

#OrainBizikletaz Zeren zain gaude? Has gaitezen lanean (Lehen sarrera)

Gaurtik aurrera eta hurrengo egun eta asteetan zehar, hainbat argitalpen jarriko ditugu webgunean Donostiako Udalari apirilaren 14an eta Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari apirilaren 26an bidalitako proposamenen arrazoi zehatzak azaltzeko. Argitalpen horietan 30hiria sortzeko beharrari, oinezkoentzat egindako guneei, hirigunearen banaketari, bizikleta-bide berriei, semaforoen programazioari, genero-ekitatearen ikuspegitik aldaketak egiteko beharrari, bizikletak gordetzeko aparkaleku seguruei, airearen kalitateari eta bizikleta publikoari buruz hitz egingo dugu, oraingo egoeraren adibideak emango ditugu eta gure ikuspegi kritikoena azalduko dugu.

Proposamen horietan eskatu ditugun neurri gehienak urte luzez erakundeei eskatutakoak dira, baina, orain arte, gure eskaerek ez dute eragin handirik izan.  Koronabirusaren pandemia iritsi aurretik, neurri horiek garrantzitsuak ziren jada kutsaduraren pandemiaren ondorioz eta osasun publikoaren onerako. Baina koronabirusak hankaz gora jarri du dena eta, orain, neurri horiek ez dira garrantzitsuak, nahitaezkoak baizik, lehenbailehen ezarri beharrekoak. Erakundeei gogorarazi nahi diegu, pandemiari aurre egiteko, birusaren hedapena eta kutsadura saiheste aldera, pertsonen mugikortasun segurua ahalbidetzen duten neurriak ezartzeko erantzukizuna dutela. Mugikortasun osasungarriago batekin, oinez edo bizikletaz ibiltzen bagara, pandemiari hobeto aurre egingo diogu eta onura bikoitza lortuko dugu, airearen kalitateak eta ingurumenak hobera egingo dutelako.

Behin eta berriro esan dugu eta errepikatzen jarraituko dugu: ezinbestekoa da, urruntze fisikoko segurtasun-neurriak hartuta, mugikortasun aktiboa, oinez edo bizikletaz ibiltzea, sustatzea “normaltasun berrian” pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Eta mugikortasun aktiboa bultzatzeko, oraingo eredua aldatu behar dugu eta espazio publikoaren banaketak desplazamendu-modu aktiboak bultzatu behar ditu, automobilaren erabilera mugatuta.

Kalapien kezkatuta gaude; izan ere, litekeena da, hurrengo asteetan, garraio publikoaren erabilerak behera egitea eta pertsona asko autoa edo motorra erabiltzen hastea. Hori atzerapausoa izango litzateke nahi dugun desplazamendu-moduen banaketari dagokionez. Kosta ahala kosta saihestu behar dugu.

Horregatik, Donostiako udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu desplazamendu aktiboak sustatzeko neurriak lehenestea eta agenda politikoan sartzea, eguneroko mugimenduetarako (besteak beste, lanerako desplazamenduak, auzo edo herri arteko desplazamenduak) benetako soluzioak proposatuta. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu; argi ikusi behar dugu denontzat errazagoa eta osasungarriagoa dela oinez edo bizikletaz, eta ez autoz, ibiltzea.

Gaurko lana, biharko ogia!

 

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies