#OrainBizikletaz Gure apustua 2 edo 4 gurpilen alde? (5. sarrera)
Apirilaren 21ean Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak hiri eta lurraldeetan bizikletaren erabilera lehenbailehen sustatzeko komunikatu bat zabaldu zuen. Bai Donostiako Udala bai Gipuzkoako Foru Aldundia sare horren barruan daude.
Komunikatuan hainbat proposamen jasotzen dira, irudi honetan laburbiltzen direnak:
Komunikatuak etorkizun oparoa iragartzen zuen Donostiako herritarrentzat: oinezkoak eta txirrindulariak lehenetsiko dituen espazio publikoaren banaketa eta bizikletaren erabilera inoiz baino irmoago sustatzea. Baina, asteak joan asteak etorri, eta ez da ezer egin. Are gehiago, Dbizi zerbitzua etenda dago, eta Pilar Arana mugikortasun arloko zinegotziak, joan den astelehenean, Kalapien aho zabalik utzi gintuzten adierazpenak egin zituen hiriko Teledonosti katean. Hitzez hitz aipatzen ditugu zinegotziak egindako adierazpen batzuk:
Autoen erabilerari buruz:
“Ojalá haya ese atasco en verano”.
“Ojalá vengan los coches al centro”.
“Uno de los indicadores [económicos] es el número de coches”.
“Ojalá aumente el número de coches”.
Kontxa pasealekua zirkulaziorako ixteari buruz:
“Tenemos encima de la mesa cerrar al tráfico los domingos y festivos”. “En cuanto se amplíen las franjas horarias tiene todo el sentido desde nuestro punto de vista cerrar los domingos y festivos La Concha”.
Elkarrizketatzaileak neurriak zenbat iraungo zuen galdetuta, “Sí, desde nuestro punto de vista sería para todo el año” erantzun zuen.
Adierazpen horiek tristura eta kezka eragin dute Kalapien, eta jakinarazi nahi dugu onartezinak iruditzen zaizkigula mugikortasun aktiboa bultzatzen duen ezein testuinguru politikotan. Horregatik, Donostiako Mugikortasun zinegotzigoari honako hau egitea eskatzen diogu:
- Atzera egitea auto pribatuaren erabileraren aldeko adierazpenei dagokienez.
- Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak erreklamatzen duen “Plan de Choque para impulsar el uso de la bicicleta” planari atxikitzeko adierazpen instituzionala onartzea.
- Planak barne hartzen dituen puntu guztien inguruan Udalak abiaraziko dituen ekintza zehatzak premiaz argitaratzea.
Bestalde, maiatzaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoa 2. fasera pasako da eta ordu-tarte gehienak desagertuko dira. Udalak Kontxa pasealekua igande eta jaiegun guztietan zirkulaziorako ixteko neurria abian jarriko al du? Zinegotziaren hitzetatik ondorioztatzen dugu neurria maiatzaren 29an abiaraziko dela eta urte osoan zehar iraungo duela.