Kontxan zerbitzu publikoak bakarrik: borondate politikoa besterik ez dugu behar
Kontxa pasealekua donostiarrek zein bisitariek gogokoen duten hiriko lekuetako bat da. 1990eko hamarkadan, Kalapiek behin eta berriro eskatutako proiektua gauzatu zen, hiriaren transformazio-prozesuan mugarri izan den Kontxako bidegorria. Elkarteak eragozpen asko gainditu eta kontrako iritzi asko entzun behar izan zituen. Gero, denok ikusi dugu hiriaren historia berriko bide-eraikuntza garrantzitsuenetako bat izan zela, mugikortasuna ez ezik, tokiko merkataritza ere sustatzeko. Irisgarritasuna ahalbidetu zuen eta tunelaren bi aldeetako pertsonak konektatu zituen; are gehiago, hiriguneko gaur egungo ardatz komertziala oinezkoentzat jartzen hasi zen hortik aurrera.
Mugarri gisa duen balioa alde batera utzita, La Perla eta Loretopea arteko tarte osoan oinezko eta txirrindulari asko ibiltzen dira, eta argi gelditu da oinezkoek espazio-falta dutela. Azken urteotan, eztabaida ugari piztu dira horren inguruan. 2018ko udal-aurrekontu parte-hartzaileetan, babes gehien jaso zuen eskaera bidegorriaren segurtasuna handitzeko hesiak aldatzeko eskaera izan zen. Eskaera horri eta baranda berritzeko Udalaren proiektuari esker, 3 erreiko galtzada 2 erreiko galtzada bihurtzeko proposamena gorpuzten hasi zen.
Proiektua duela gutxi abiatu zen, Covid19 garaiko konfinamendua baino lehen, eta aurrera egiten jarraitzen du. Aurreikuspenen arabera, Eduardo Chillidaren Omenaldia Flemingi eskulturaren plataformaren eta tunelaren arteko tartea ekainean amaituko dute, eta azken asteotan ikusi dugu motordun ibilgailuentzako errei bakarra, 2 semaforok (errei bakarrerako sarreraren alde bakoitzean semaforo bat dago) erregulatzen dutena, ezin hobeki funtzionatzen ari dela. Horrek argi uzten du, behar izatekotan, pasealekua errei bakarreko galtzada izan daitekeela.
Donostiak hiri europarren antzeko pasealeku bat merezi du; horretarako, bidegorriak gaur egun eta etorkizunean hirian zehar ibiltzen eta ibiliko diren txirrindularien zirkulazioa ahalbidetzeko behar bezain zabala izan behar du, Europako iparraldean eta Herbeheretan dituztenen antzekoa. Gogoan izan behar dugu hiriko txirrindulariek gehien erabiltzen duten bidegorria dela eta urtetik urtera txirrindulari-kopuruak gora egiten duela. Ez dakigu zein izango den etorkizuneko bidegorriaren zabalera, baina prentsan irakurri dugunaren arabera, gutxienez, 3 metroko zabalera duen bidegorri duin bat espero dugu.
Horregatik, Kalapiek Udalari eskatzen dio, une honetan, espazio publikoa banatzeko beharrak kontuan hartzea, oinezkoentzat, txirrindularientzat eta desplazamendu aktiboetarako hiri atseginago eta osasungarriago bat eraikitzeko eta, autoaren aldeko klixe faltsuak alde batera utzita, Donostia Europako hiri aurreratuenen mailan jartzeko. Ausardia politikoa eskatzen diegu Eneko Goia hiriko alkateari eta Pilar Arana Mugikortasun-zinegotziari, aukera paregabe hau aprobetxatu eta pasealekua berriz konfiguratzeko. Hau da gure proposamena:
- Kontxako bidegorriak, gutxienez, 3 metroko zabalera izatea, une honetan egiten ari den obraren ibilbidean ez ezik, erdigunerako eta Antiguo auzorako etorkizuneko luzapenetan ere.
- Galtzadako bi erreietan garraio publikoak, taxiak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik zirkulatzea, eta autoei zein motorrei galtzada erabiltzea debekatzea. Googlemaps bidez, Donostiako auzo batzuetatik besteetara joateko behar den denbora aztertzen badugu, alternatiba hauekin, kasurik okerrenean, aztertutako ibilbideak 4 minutuz luzatuko lirateke. Onargarria iruditzen zaigu hori.
- Covid19aren ondorengo egoerari aurre egiteko eratu den mugikortasun-mahairi eskatzen diogu, aurreko ekintzak kaltetu dituen eragileekin (DBus, Lurraldebus, taxilariak eta larrialdi-zerbitzuak) batera, Kontxa pasealekuko galtzadan erabilera esklusiboa bi erreitik errei bakarrera mugatzeko aukera baloratzeko eta aztertzeko. Horrela, zerbitzu horiek uste badute errei bakarrarekin gai direla ondo lan egiteko eta haien funtzioa betetzeko, pasealekuan espazio gehiago geldituko litzateke oinezkoentzat, txirrindularientzat eta desplazamendu aktiboetarako. Denak aterako ginateke irabazle: garraio publikoa eta desplazamendu aktiboak.
- Jakin dugu, berriki, Pilar Arana Mugikortasun-zinegotzia Kontxa pasealekua igande eta jaiegunetan trafikorako ixtearen alde agertu dela. Ekimen bikain hori gauzatzeko aukera lehenbailehen baloratzea eskatzen dugu.
- Eta Udalak Kontxako bidegorria Antiguoko anbulatorioraino (Zumalakarregi etorbidetik pasata) luzatzeko aukera aztertzea eta gauzatzea, 3 metroko zabalerari eutsita. Horrela espaloietan gertatzen diren pilaketak saihestuko lirateke. Sigi-saga dabilen bidegorri baten ordez, txirrindulari eta oinezkoen onerako, bidegorri zuzen bat egitea eskatzen dugu, oraingo bidegorriak uzten duen espazioa berreskuratzen duena; izan ere espaloiaren gainean eraikita dago, nola tuneletik Satrustegi etorbiderantz doan aldapan hala Vitoria-Gasteiz eta Logroño kaleetan.
Guztiz ados eskatutakoarekin! Batez ere Zumalakarregi hiribidean bidegorri zuzen eta erosoa egiteko proposamenarekin. Egungo bidegorriak sigi-saga dabil eta ez du ibilbide argirik (autoen eta busen bilbideak ez bezala, zeinak zuzen-zuzen doaz Zumalakarregitik). Bizikleta garraio sistema eraginkorra izatea nahi badugu, ibilgailu motordunen pareko baliabideak eman behar diogu (gutxienez).