Autoentzat txandakako aparkaleku berri bat San Bartolome-n, ez mesedez!
KALAPIE hiriko txirrindularien elkarteak bere iritzia plazaratu nahi du Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak onartu berri duen aparkaleku berriaren gainean. Hala, autoentzat txandakako 200 plaza eta bizikletentzat 247 plaza dituen aparkaleku berri bat egingo da, Easo eta San Bartolomé kaleak gurutzatzen diren tokian, San Bartolomé muinoaren oinarrian eraikiko den merkataritza-gunean.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburuordeak duela urtebete esandakoaren arabera, seguruenik, hiriek autoak erdialdetik “atera” beharko dituzte lau urteko epean, autoek “osasun-arazo” bat sortzen baitute. Hori esan aurretik, Eusko Legebiltzarrean, sailburuordeak honako hau adierazi zuen: “klima-aldaketari aurre egiteko neurri nagusia, 2025etik aurrera, hirietan autoen sarbidea mugatzea da”.
Epe ertainera eta luzera, azkenaldian bizikletaren erabilera nabarmen hazi denez, garraio publikoaren eremuan garapen teknologiko berriak (autobus-flota berria, hiriaren erdialdera joateko saihesbidea, taxi komunitarioak eta autonomoak) agertu direnez eta gazteek auto propio izatea hain beharrezkotzat jotzen ez dutenez gero (badaude beste alternatiba batzuk eta gazteentzat autoa ez da estatus-sinbolo bat), hiriaren erdialdean auto partikularren presentzia gero eta txikiagoa izango omen da.
Hortaz, tamalgarria da ikustea, aipatutako oharren kontra eta Europa osoan hirien erdialdean auto partikularren sarrera mugatzeko joera orokortu eta hedatuaren kontra, 2021. urtean, hiriaren erdialdean autoen sarrera bultzatzen duen proiektu bat abian jartzea. Izan ere, proiektuaren espiritua joan den mendekoa da, auto partikularra mugikortasunaren jaun eta jabe zen eta hirigintzako esku-hartze guztietan lehentasuna zuen garaikoa.
Lehendik dauden txandakako aparkalekuek hiriaren erdialdeko mugikortasunean eragiten dituzten arazoen, trafiko-pilaketen eta kutsaduraren gaineko hitzaldi batean, Eneko Goia alkateak esan zuen azpiegitura oinordetu bat dela eta, ondorioz, erabili beste biderik ez dagoela. Dudarik gabe, txandakako aparkaleku berri bat eraikitzea ez da arazoa konpontzeko modu onena.
Kazetari batek egungo mugikortasun-jarraibideak betetzen ez dituen aipatutako aparkalekuaren eraikuntzari buruz galdetu zionean, Alkateak hauxe erantzun zuen: “Erabaki zaharra da, aurreko gobernuarena. San Bartoloméko operazioak aparkalekua barne hartzen du, eta esku-hartze hori alde batera utziko bagenu, operazioaren zati handi bat zalantzan jarriko genuke”.
Egungo irizpideei jarraiki proiektuak akatsak baditu ere, aurrera egin behar da. Ezin dugu ahaztu Udala hirigintza-operazioaren % 37aren titularra dela.
Auto partikularrari mesede egiten dion azpiegitura bat sortzen dugun bakoitzean, garraio publikoaren erabilera frenatzen dugu. Martxan jarri den metro-topoaren saihesbidearekin, aldiz, saihesbideak rol nagusia izaki, ez da txandakako aparkalekurik behar. Eta azpimarratu beharra dago merkataritza-gune berrian Zubiri plazako metro-topoaren geltokiarekin konexio zuzena duen lotura bat aurreikusi dela.
Bestetik, kontuan hartu behar dugu, inguru horretan, 50 eta 250 metro bitarteko erradio batean, badaudela txandakako beste aparkaleku batzuk (Artzain Ona: 384 plaza, Kontxa: 655 plaza, San Martin: 300 plaza eta Easo: 146 plaza).
Haatik, metro-topoaren pasabideak hiriaren erdialdean sartzen diren ibilgailu partikularren sarbidea murrizteko eta desplazamendu aktiboak sustatzeko balio beharko luke, besteak beste. Hori da behintzat Pilar Arana mugikortasun-zinegotziak etengabe egiten duen promesa.
Gainera, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunak dioen bezala, aparkaleku berriak eragingo dituen inpaktuak aztertu eta Mugikortasun Kontseiluari kontsultatu behar zaio aurretik: «Hiri-antolamendurako Plan Nagusiak barne hartzen dituen aurreikuspenei jarraiki, hiriaren erdialdean txandakako aparkalekuen eskaintza zabaltzearekin batera horrek eragingo lituzkeen inpaktuen azterketa egin behar da eta Trafiko Batzordeari aholku eskatu behar zaio aurretik».
Aparkaleku berriak bizikletentzako 247 plaza barne hartzen ditu ere, antza, horrela itxura “berdeagoa” izango duelakoan, orain greenwashing deitzen zaiona, alegia. Baina horrek ez du murrizten auto partikularrak erakartzeko efektua. Eta inpaktua aztertzeak balio dezake erabakitzeko hori ote den bizikletentzako aparkaleku bat jartzeko toki onena, erabaki oker batek hirian bizikletaren erabilera sustatzeko ahaleginari kalte egingo lioke eta.
Baina, dirudienez, ez da azterketarik egin behar. Erabakia hartuta dago eta aurrera egingo da.
Amaitzeko, dezepzioa hartu dugu ikustean ezein alderdi politikok ez duela erreakzionatu gure hiriaren mugikortasunaren etorkizuna baldintzatzen duen erabaki horren aurrean. Beharbada Covid-19ak hain gogor astindu gaitu non ez digun uzten aurrera begiratzen. Baina, hain zuzen, zientzialarien gogoeten arabera, pandemiak berak zerikusia izan dezake planetarekiko dugun jarrera arduragabearekin.
Aupa zuek!!
Ze erokeria!