Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak bizikleta ahazten dute
Euskadi Next 21-26 Berreskuratze eta Erresilientzia Programa
Gure instituzioek ez diote jaramonik egiten bizikletari
Jakina denez, Europar Batasunak funts publiko esanguratsuak banatuko ditu estatu-kideen artean, COVID 19ak eragindako pandemiak sortu dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Aldi berean, funts horiek garapen jasangarri bat (ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokionez) sustatzen duten politikak ezartzeko erabili beharko dira.
Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsa 750.000 milioi eurokoa da, eta Espainiari 140.000 milioi euro dagozkio; horietatik 72.700 dirulaguntza gisa eta beste 67.300 mailegu gisa.
Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoei eskatu zien Europar Batasunak planteatzen dituen helburu nagusiekin bat datozen eta lehentasunezkotzat jo diren sektoreei erreferentzia egiten dieten proiektuak aurkezteko.
Eusko Jaurlaritzak hiru aldundiei eta udalei eskatu zien proposamenak egiteko autonomia-erkidegoan beharrezkotzat jotzen zituzten proiektuak oinarri hartuta, bere aldetik, Espainiako Gobernuak proposamen horiek Europara bidal zitzan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak, 2020ko urriaren 7an egindako prentsaurrekoan, azaldu zuen Eusko Jaurlaritzari “31 lurralde-proiektu” aurkeztu zizkiotela, zeinek guztira 1.020 milioi euroko balioa baitzuten, eta azpimarratu zuen “mugikortasun iraunkor eta adimenduna izeneko hirugarren ardatzean, gure errepide-sareko azpiegituretan eta zerbitzu kritikoetan hobekuntzak egiteko eta Gipuzkoako bidegorri-sarea zabaltzeko proiektuak zeudela”.
Proposamena azalekoa eta gutxi landutakoa iruditu bazitzaigun ere, pentsatu genuen aukera ona izan zitekeela Europari eskatzeko Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean inbertitu nahi ez dituen baliabide ekonomikoak.
Txirrindulari gipuzkoar askoren itxaropena piztu zuen plan hori oso gaizki gauzatzen ari da, Foru Aldundiaren jarreraren ondorioz; Aldundiak ez du plana agindutako baliabide ekonomikoez hornitu.
Hain zuzen, Batzar Nagusiek 2013. urtean aho batez onartu zuten plana aintzat hartuta, zortzi urte barru amaitu beharko litzateke eta, urteko, 14 milioi euroko inbertsioa jaso beharko luke. Horren arabera, zortzi urteko epean, aurreikusitako bederatzi ibilbideek Gipuzkoako herri eta bailara guztiak bizikletaz elkartuko lituzkete. Baina hori ez da gertatuko, oraingo urte arteko hazkundeari eusten badiogu, beste 14 urte beharko genituzkeelako Oinarrizko Foru Sarea amaitzeko gelditzen diren 102 kilometroak eraikitzeko.
Gure itxaropena zen Europar Batasunak bizikleta-bideen plan garrantzitsu hori aurrera eramateko Aldundiak ukatzen dituen funtsak ematea, planak Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsak planteatu dituen helburuekin bat egiten duelako.
Bi hilabete geroago, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Euskadi Next 21-26 programa onartu zuen eta, berehala, Espainiako Gobernuari aurkeztu zion. Programak dirulaguntzak jasotzeko aurkezten diren programa-proposamen ugari biltzen ditu, zeinek guztira 5.702 milioi euroko inbertsioa baitakarte berekin. Zenbateko horretatik, mugikortasun iraunkorrerako 941 milioi euro bideratuko lirateke.
Eusko Jaurlaritzak onartutako proposamena irakurtzean harritu gaitu ikusteak ez dela ezer ez gelditzen Gipuzkoako bizikleta-bideen inguruan Aldundiak bidalitako proposamenetik. Oraingoan ere egiaztatu dugu, tamalez, bizikleta garraiobide iraunkor, osasungarri eta merke gisa goraipatzen dutenean, plantak egiten eta itxurak gordetzen ari direla.
Are gehiago, egun batzuk geroago, Aldundiak prentsa-ohar bat argitaratu zuen, non hauxe esaten baitzuen: “Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako inbertsio-programa gauzatzeko modua positiboki baloratzen dugu”, foru-bideen inguruan eskatutakoari erreferentziarik egin gabe. Halakoa omen da gure instituzioek bizikleta sustatzeko duten interesa.
Ez gaitu harritu ezta ere Eusko Jaurlaritzak bizikletarekiko agertu duen jarrerak. Zaila da aurkitzea bizikletaren alde Eusko Jaurlaritzak baino lan gutxiago egin duen administrazio publikorik.
Ez txirrindularientzako laguntzak, ez txirrindulari-elkarteentzako dirulaguntzak. Oraindik Bizikletaren aldeko Euskal Estrategiaren zain gaude, zeinak Euskal Herrian bizikleta eta bizikleta-bideak sustatzeko jarduera-ildoak definitzea baitu helburu. Aipatutako estrategia prestatzeko asmoa 2006ko urriaren 20an Eusko Jaurlaritzak onartutako legez besteko proposamenean jasotzen da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak EAEko Ingurumen Esparru programekin (2002-2006 eta 2011-2014) eta EAEko Bizikleta Bideen Plan Zuzentzailearekin hartutako konpromisoa da.
2020ko maiatzaren 2an, Euskal Herriko txirrindulari-kolektiboek, Kalapiek, Biziz Bizik, Gasteizko Bizikleteroek, Gurpil-Arteak eta Balaztak Eusko Jaurlaritzari zuzendutako adierazpen bat argitaratu genuen: Preocupación de las asociaciones de bicicleta urbana por la inactividad del Gobierno Vasco. Bertan gure kezka adierazten dugu Eusko Jaurlaritzak Covid 19aren aurrean ez duelako ezer egin, ezta ezer aurreikusi ere. Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain gaude oraindik; gure foru bizikleta-bideen exekuzioa finantzatzeko aukera bikaina galtzen ari dira eta.
Hala eta guztiz ere, bizikleta garraiobide merke, iraunkor eta osasungarri gisa sustatzen jarraituko dugu, instituzioekin gero eta gutxiago fidatzen garen arren.
Kalapie, Balazta, Gurpilartea 2021eko urtarrilaren 11
Diputazioak arlo honetan egindakoaren gainean, zertzelada pare bat gehitu daiteke.
Ander Izagirre (@anderiza)-k oso ondo adierazten du: ”Zortzi urtean zehar Diputazioak ez du erabili bide gorriak sortzeko dagoen aurrekontuaren heren bat ere. Egin ditu zati bakanak, deserosoak, desegokiak, ez du bideratuko europako funtsetatik euro bakar bat ere.
Hori bai, indarrean ez dauden ibilbideei buruzko iragarki ikusgarriak zintzilikatu ditu.
Da@gonzliste. 2008an planifikatuta zeuden bidegorriak azaltzen diren taula hartu, eta egindakoak eta egin ez direnak azaltzen ditu. Nahikoa esanda dago bertan.