Motorraren alde apustua egin, sustatu eta erraztasunak ematea mugikortasun iraunkor eta osasuntxuaren aurka joatea da
Azken egunotan udaletxeko osoko bilkuretan eta komunikabideetan eztabaida gai izaten ari da motorren sarrera eta zirkulazioa arautzeko Donotiak jarraitu beharreko eredua. Alderdi Popularreko bozeramaileak zera eskatu zion Mugikortasun departamentuari: «motozikletei erdigunera sartzea ez eragoztea, mugatzea edo oztopatzea, inolako mugarik gabe hiribidea erabil dezaten Grosetik Antiguora eta Antiguatik Grosera igarotzeko». Alderdi Sozialistak puntu horrekin bat egitea erabaki zuen, eta Marisol Garmendia bozeramaileak honako hau adierazi zuen: «Oinezkoen, bizikletaren eta garraio publikoaren hiria defendatzen dugu, baina motor erabiltzaile ehuneko handiena dugun hirian bizi gara, eta hori kontuan hartu behar da», mugikortasun iraunkorrerako itun bati buruz hitz egin zuen une beran.
Hiriko bizikleta-sektoretik harrituta gaude egoera honekin, eta argitu beharra daukagu motorrak ezin direla mugikortasun jasangarri gisa onartu. Motoek kutsadura igortzen dute atmosferara eta airearen kalitatea txartzen dute hirian eta, beraz, ezin ditugu garraio jasangarritzat hartu. Gainera, igortzen duten zarata edo kutsadura akustikoa kaltegarria da herritarrentzat.
Eztabaida honetan kontutan hartu beharreko beste alderdi bat osasuna da. Ohitura sedentarioei lotuta geroz eta arazo gehiago ditugun testuinguru honetan, erakundeek ohitura osasungarriagoak sustatuko dituen mugikortasun eredu bat bultzatu behar dute, hala nola desplazamendu aktiboarekin eskuratzen direnak. Motozikleta ezin da mugikortasun aktibotzat hartu, eta, beraz, erakundeek motorraren erabilerari pizgarriak kendu, eta osasuntxuak diren garraioen erabilera sustatu behar dute.
Beraz garbi gelditzen da oraindik ere oker gabiltzala mugikortasun iraunkorraren ikuspegiarekin, motorren mugikortasuna errazten eta sustatzen badugu. Marisolek esan zuen bezala, dentsitate handieneko hirian gaude, eta eztabaida ezin da kokatu garraiobide kutsakorrei eta ez-osasungarriei zer erraztasun ematen diegun, baizik eta egoera hori nola aldatzen dugun, gero eta jende gehiagok alde batera utzi dezan hiriarentzat kaltegarria den garraiobide hori, eta bizikletarekin edo hirian eta herritarren artean eragin positiboa duten beste mugikortasun-bide batzuekin bat egin dezan.