Bizikleta, beste behin, aliaturik onena edozein krisiren aurrean
Joan den astelehenean, segundo gutxitan, gizarte modernoaren zutabeetako bat desagertu zen: elektrizitatea. Itzalaldiak gure eguneroko bizitza bete-betean jo zuen. Askok lanaldia eten behar izan zuten, komunikazio kanalek ez zuten funtzionatzen, eta hiriaren egunerokoa baldintzatua gelditu zen segundo gutxiren buruan.
Zalantzarik gabe, mugikortasuna izan zen gehien kaltetutako alorretako bat. Semaforoak itzalita, trenak geldituta, ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukerarik gabe eta gasolindegiak zerbitzutik kanpo, autoan edo garraio publikoan mugitzea aukera bideragarria izateari utzi zion. Egoerak irudi surrealista ugari utzi zituen mugikortasunarekin lotuta. Hala nola, orduak oinez eman zituzten gurasoak seme-alabak jasotzeko edota bidaiaren erdian geldirik geratutako trenak besteak beste.
Horrelako egoeretan, normalena hausten denean, bizikletak berriz ere erakustsi digu mugikortasun aukerarik onena dela. Ez du elektrizitaterik behar, ezta erregai fosilik ere. Sinpleenarekin funtzionatzen du: geure hankekin. Pisua eta pertsonak garraiatzeko aukera ematen du, ez ditu bideak kolapsatzen, eta, leku gutxi hartzen duenez, errepideak askatzen ditu, larrialdi-zerbitzuek eraginkortasunez jardun dezaten. Gainera, ez dago semaforo edo zerbitzuguneak bezalako azpiegitura konplexuen mende. Era honetan, energia erabilera lehenesteko beharra badago, behar duten beste zerbitzu batzuetara (ospitaleak, zentro logistikoak edo komunikazioak) gehiago iristea ahalbidetzen du.
Ez da lehen aldia bizikleta larrialdi egoeretan gure aliaturik onena dela erakusten diguna. COVID-19aren pandemian, garraio publikoan kutsatzeko arriskutik ihes egiteko, funtsezko alternatiba bat izan zen. Langile askori beren lanpostuetara modu seguruan iristea ahalbidetu zien, eta gainera, distantzia soziala mantentzen laguntzen zuen eta konfinamenduaren estresetik ihes egiteko bide bilakatu zen.
Valentzian ere ikusi genuen, joan den urriko DANAn. Milaka auto uholdeengatik ondaturik eta garraio publikoa geldirik zegoenean, bizikleta izan zen mugikortasuna bermatzeko modu bakarra. Jende askok lanera joan ahal izatea ahalbidetu zuen, eta boluntario askok erraz eta azkar iritsi ziren kalteturiko guneetara. Garraiobide bat baino gehiago, elkartasunaren eta erantzun azkarraren tresna ere izan zen.
Beraz, gero eta energia gehiago behar/eskatzen duen gizarte honetan, nola ez pentsatu bizikleta aukerarik onena dela errekuntza-auto fosil eta/edo elektrikoen aurrean? Astelehen honetan berriz frogatu du: krisi garaian, bizikletak hegoak ematen dizkigula, eta dena gelditzen denean, bera aurrera doala: isilik, sinple eta eraginkortasunez. Ez bakarrik garraiobide gisa, baizik eta autonomiaren, erresilientziaren eta sen onaren sinbolo gisa.