T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

8
maiatza

Bizikleta mugikortasuna munduan zehar: Nantes

Kalapieko kideok, bizikletako mugikortasunaren zale amorratu garenez, asteburuako ihesaldiak eta oporrak aprobetxatzen ditugu beste hiri batzuetako bizikletazko mugikortasuna nola diseinatu eta planifikatzen den ikusteko. Iaz hasitako artikulu sorta honetan, bisita hauetan ikusitakoa ezagutarazi nahi dugu. Oraingoan, Frantziako Nantes hiriari buruzko informazioa emango dugu.

Deskribapen orokorra

Nantes Frantziako iparraldean dagoen hiria da, Loira ibaiaren ertzean, Ozeano Atlantikotik 50 km-ra. Loira Atlantikoko departamenduko eta Loirako Herrialdeetako hiriburua da. Hiriak 278.000 biztanle ditu eta metropoli-eremuak 780.000.


Geografikoki, Loira eta Erdre ibaiek zeharkatzen dute hiria. Erdigunea gehienbat laua da, baina malda txiki bat dago ibaitik urruntzen garen heinean, eta eremu zehatz batzuek malda handi samarrak dituzte. Klima euritsua da, 120 eguneko prezipitazioarekin urtean batez beste, eta urteko batez besteko tenperatura 12,7ºC-koa da (Donostian 13,8ºC-koa da, eta urtean 180 egunetan egiten du euria).

Nantes Métropole (https://metropole.nantes.fr/) erakundeak kudeatzen du Nantes hiriaren eta inguruko beste 23 erkidegoen (udalerrien) mugikortasuna. Erkidegoek autonomia dute zenbait gai kudeatzeko, hala nola lehen hezkuntzako eskolen kudeaketa, kultura-jarduerak eta zerbitzu komunitario batzuk, baina beste eskumen batzuk Métropole erakundeak kudeatzen ditu modu partekatuan, hala nola garraio publikoa (autobusa, tranbia, bizikletak), hirigintza eta lurralde-plangintza, ingurumena eta hondakinen kudeaketa eta garapen ekonomikoa eta etxebizitza. Mugikortasun guztien kudeaketa Naolib markaren pean zentralizatuta dago (https://naolib.fr /). Behar duten pertsona guztiek web, telefono edo bulego bidez eskura ditzakete beren zerbitzuak.

Nola mugitzen da Nantes?

Lehenik eta behin, Nantes zeharkatzean, atentzioa ematen du hiriguneko kale gehienak oinezkoentzat direla: plataforma bakarrekoak, eta egoiliarren ibilgailu motordunak edo baimena dutenak bakarrik sar daitezkeela noizean behin. Horri esker, ia autorik gabeko hiria da, oso erosoa eta atsegina oinez edo bizikletaz ibiltzeko.

Nantesek garraio publikoko sistema integratu eta eraginkor bat du, TANk kudeatua, tranbiak, autobusak, ibai-busak eta bizikleta partekatuen zerbitzu bat konbinatzen dituena. Tranbia, T1, T2 eta T3 lineekin, hiri-mugikortasunaren ardatz nagusia da, hiriko gune nagusiak azkar eta modu fidagarrian lotuz. Autobus-sare zabalak tranbia osatzen du, eta trenbide-azpiegitura iristen ez den auzo eta eremuetarako sarbidea errazten du. Gainera, ibai-busen sistemak Loira ibaia garraiobide gisa baliatzen du, alternatiba eszeniko eta iraunkor bat eskainiz. Eta gainera, hiriak bizikleta publikoen zerbitzu bat du (Bicloo). Honek mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzen laguntzen du, batez ere hiri-tarte trinkoenetan. Nantes Métropolek koordinatzen du sistema osoa.


Nantes Métropoleren datuen arabera, hirian gehien erabiltzen den garraiobidea garraio publikoa da, % 35eko banaketa modalarekin. Ondoren, motordun ibilgailu pribatua dago % 32rekin, eta mugikortasun aktiboa (bizikleta eta oinezko joan-etorriak barne) % 33 da. Nantesen bizikletaren erabilera nabarmen hazi da azken urteetan, 2023an % 8ko banaketa modalera iritsiz, nahiz eta Frantziako beste hiri batzuen atzetik jarraitzen duen (Estrasburgo edo Bordele adibidez) oso zifra ona da. Donostia, erabilera hedatuarekin, ez da % 5era iristen.

Trafiko motordunaren kudeaketari dagokionez, Nantes asmo handiko neurriak hartzen ari da autoaren erabilera murrizteko, hala nola: aparkalekuak murriztea, oinezkoen esparruak zabaltzea, trafikoa baretzea eta antzekoak. Emisio baxuko eremu bat ere badu, duela gutxi 2025eko urtarrilaren 1ean martxan jarri dena. (https://metropole.nantes.fr/zfe#serviceTocEntry0)

Bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko politikak eta abian dauden planen xehetasunak

Nantesek abian du 2021-2026 aldirako bizikleta-plan bat, metropoli-eremu osoan bizikletaren erabilera sustatzeko. Helburu hori garatzeko, planak bi printzipio argi ditu:

  1. Bizikletaz mugitzea segurua izan behar da.
  2. Bizikletaz mugitzeko lekua irabazi behar da, autoarentzako lekua murriztuz.

Planak irauten duen bitartean (2021etik 2026ra), Métropole sozietateak 115 milioi inbertituko ditu bizikletarako jarduketetan. Planaren helburua hirian bizikletaren erabilera 4 aldiz biderkatzea da!

Bizikleta-bideak diseinatzeko jarraibideak

Praktika onenetan inspiratuz eta Nantes XXI. mendeko hiri ziklisten laborategi bihurtuz, bizikletaren planak bideak lau ibilbide mota nagusitan egituratzea planteatzen du, bakoitza funtzio ezberdinekin.
Planak aurreikusten du metropoli-eremuari 640 km bizikleta-bide ematea. Hauek dira lau bide motak:

  1. Lehenengo mota ibilbide “magistralak” dira (“voies magistrales”). Sarearen maila nagusia dira eta azpiegitura onenak dituzte joan-etorri azkar eta seguruak bermatzeko. 8 errei izango ditu: 2 saihesbidekoak eta gainerakoak periferia-erdigunea loturakoak. Errei horiek zenbakituta egongo dira, bai eta TAN sareko lineak ere, eta koloreztatu egingo dira ikuspena hobetzeko. Aurreikuspenen arabera, 2026an hiriak mota honetako 50 km bide izango ditu, eta planak 150 km aurreikusten ditu.
  2. Ibilbide “egituratzaileak” (“voies structurantes”), 162 kilometrokoak, zirkulazio handiko bideetan kokatuko dira, eta segurtasun-maila handia bermatuko dute. Sarearen bigarren maila osatzen dute, eta ia ibilbide “magistraletan” bezain azkar mugitzeko aukera ematen dute, auto-gidariekin eta oinezkoekin gatazkak desagerrarazteko diseinatuta baitaude.
  3. Hirugarren mailan ibilbide “sekundarioak” (“voie secondaires”) eta “maillage” (saretzekoak) daude: Bide hauek bide nagusietara edo auzoen bihotzera iristeko sarea osatzen dute. Ibildidea berezitasun urbanoen aniztasunera egokitzen da, betiere txirrindularien segurtasuna bermatzeko, baina baita oinezkoena ere.

https://metropole.nantes.fr/axes-velo

Praktika egokiak

Bizikleta-aparkalekua tren-geltokian

Nanteseko tren geltokiak bizikletentzako aparkaleku estalia du, edukiera handikoa, sarreratik metro gutxira. Aparkaleku honek sarbide librea du eta bizikletak bi mailatan gordetzeko aukera ematen duten euskarriak ditu. Horrez gain, zamalanetarako bizikletentzako aparkalekuak ere baditu eta konponketa tresnen zutoina dago.

Aparkalekua erakusten duen bideoa


Bizikletentzako aparkaleku babestu bat ere badago, duela egun gutxi inauguratu zena (tamalez, hiria bisitatu genuenean oraindik ireki gabe zegoen). Aparkaleku berri hau orain Frantziako handiena da eta 1216 plaza ditu. Xehetasunak ezagutzeko bideoa.

Bicloo park

Bicloo izenarekin, Nantes Métropole enpresak 17 aparkaleku babestuko sarerako sarbidea eskaintzen du, hirian zehar banatuta, guztira 5000 plazarekin. Sartu ahal izateko, beharrezkoa da zerbitzuan harpidetzea. Tarifak honako hauek dira:

  • Egun bateko harpidetza: Sinplea 0,80 €/ Kargatzeko aukerarekin 1 €
  • Hileko harpidetza: Sinplea 8 €/ Kargatzeko aukerarekin 10 €
  • Urteko harpidetza: Sinplea 30 €/ Kargatzeko aukerarekin 40 €

Harpidetzaren kudeaketa bizikleta publikoen zerbitzura sartzeko aplikazio mugikor beraren bidez egiten da.

 
Udalaren sistemaren barruko aparkaleku babestu batzuk autoentzako aparkalekuen barruan daude.

Bicloo webgunea

Bizikletentzako beste aparkaleku eta zerbitzu batzuk

Aparkaleku babestu publikoen zerbitzuaz gain, bada aparkaleku babestuak eskaintzen dituen ekimen pribatua ere. Rezéen komunan Nielsen Concept enpresaren aparkaleku babestu bat aurki dezakegu, edukiontzi birziklatuekin egina eta eguzki-panelekin funtzionatzen duena. Guneak zerbitzu gehigarriak eskaintzen ditu, hala nola, konponketetarako tresnak, puzgailua, bizikleta elektrikoak kargatzeko puntua eta armairuak erabiltzaileentzat.


Anne-de-Bretagne zubia

2025ean martxan dagoen proiektu handienetako bat Anne-de-Bretagneko zubia berritzea da. Zubia zabaltzea aurreikusten da, oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren mugikortasunerako lekua irabazteko. Zubian bertan azpiegitura berdea sortzea eta irisgarritasuna hobetzea ere aurreikusita dago.

Hiria berdetzen

Nantes arreta berezia jartzen ari da bere hiri-espazioa berdetzeko. Horren froga da Gloriette-Petite Hollanden egitekoa den jarduketa. 1200 plazako aparkalekua kentzea aurreikusi da, 1.000 zuhaitz inguru hartuko dituen berdegunea handitzeko. Berdeguneez gain, parkean jolasguneak, aisialdirako tokiak eta ekitaldi komunitarioetarako guneak egongo dira.

Ibilgailuen zirkulazioa berrantolatu egingo da oinezkoei eta txirrindulariei lehentasuna emateko. Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak, partekatutako auto-zerbitzuak eta taxiak gordeko dira. Proiektu hau “Loire au cœur” izeneko ekimen zabalago baten parte da, Nantes hiria Loira ibaiarekin berriz lotzea bilatzen duena, hiriko bizi-kalitatea hobetuz eta ingurumen-jasangarritasuna sustatuz.

Gaur egun:

Etorkizunean:

Maila handiko beste proiektu bat “jardin extraordinaire” lorategiaren zabalkundea de. Herritarren gozamenerako berdegune berri bat sortzeko proiektu handia, bainurako espazioa barne, non 1,2 hektarea desiragaiztuko diren (Asfaltoa kendu).

Informazio gehiago:

Eskuhartzea gehiago ezagutzeko: https://nature.metropole.nantes.fr/

La rue pour tous

Covid-19aren osasun krisiari lotutako deskonfinamenduaren etapa ezberdinek eragin handia izan zuten Nantes hirian eta Nantes Métropolen. Eta beste gauzen artean oinez eta bizikletaz mugitzeari bultzada handi bat ematea erabaki zuten. Horrela, behin-behineko 43 bide egokitu zituzten oinezkoek eta txirrindulariek Nantes hirian erabil zitzaten.

Aldi baterako lehen jarduketa horren ondoren, Nantesek “La Rue pour Tous” proiektua jarri zuen martxan, behin-behineko bide horiek iraunkorki nola gauzatzen diren ebaluatzeko. Ebaluazioa herritarrekin eta hiriko hainbat eragilerekin elkarlanean egin da.

Proiektu horri esker, modu taktikoan sortutako bide asko hiriaren sarean sartu dira. Zehazki, 21 kilometro bidegorri eta 700 aparkaleku berri sortu dira bizikletentzat. Halaber, trafikoa baretu eta oinezkoentzako bide berriak egin dira.

https://dialoguecitoyen.metropole.nantes.fr/project/evaluation-des-amenagements-transitoires/presentation/presentation

Doako garraioa asteburutan

Garraio publikoa doakoa da asteburuetan. Tranbia, autobusa eta Loira zeharkatzen duen itsasontzia hain zuzen. Azken hori bereziki gomendagarria da Loira ibaian itsasontziz paseo atsegina egiteko.

Nantes inspire

Nantes Métropolek hainbat bideo ditu “Nantes inspire” izenburupean, herritarrak oinez edo bizikletaz joan daitezen inspiratzeko, hainbat pertsona edo ekimen ezagutaraziz.

Bicloo – Bizikleta publikoaren zerbitzua

Nanteseko bizikleta publikoen zerbitzua, Bicloo izenekoa, JCDecaux enpresak darama. Sistemak 123 geltoki eta 1.000 bizikleta ditu, hirian estrategikoki banatuta, eta egoiliarrei zein bisitariei sarbidea errazten die.

Erabiltzaileek bizikletak erraz alokatu ditzakete Naolib aplikazio mugikorraren bidez, eta horrek bidaia azkar eta eraginkorrak egiteko aukera ematen du. Zerbitzua hiriko garraio publikoarekin integratuta dago, eta autobus, tranbia eta Navibusen mugikortasun osagarria eskaintzen du.

Zerbitzuaren tarifak honako hauek dira:

  • Egun bateko harpidetza: 2 €
  • 3 eguneko harpidetza: 5 €
  • Urteko harpidetza: 25 €

Tarifa horren barruan, honela ordaintzen da erabilera:

  • Lehenengo 30 minutuak: doan
  • Hurrengo 30 minutuetan: 0,50 €
  • 30 minutuko hirugarren frakzioa: 1,50 €
  • 30 minutuko laugarren frakziotik aurrera: 2 € ordu erdi gehigarri bakoitzeko

Bizikleten egoera orokorra ona da, eta aukera fidagarria eta iraunkorra eskaintzen du Nantesen zehar mugitzeko. Informazio gehiago eta harpidetzak lortzeko, Naoliben webgune ofiziala bisitatu daiteke. https://naolib.fr/

Bizikletari buruzko turismo webgunearen atala

Nanteseko turismo-webgune ofizialak (Le Voyage à Nantes) bizikletari buruzko atal oso bat eskaintzen du, ibilbide posibleei, bizikleta-zerbitzuei eta ohiko galderei buruzko informazio zabalarekin.

Página web Le voyage à Nantes

Le Voyage à Nantes, lerro berdea

Hiriko interesguneak errazago bisitatu ahal izateko, Nantesek interes turistikoko puntuetatik igarotzen duen ibilbide bat du. Ibilbide hori lerro berde batek markatzen du, bisitariek jarraitu ahal izan dezaten mapa edo gps batekin ibili beharrik gabe.


Bizikletak erosteko laguntzak

Nantes Métropolek bizikletak erosteko laguntza-programa bat eskaintzen du. Dirulaguntza hauek partikularrei zein profesionalei zuzenduta daude. Eskatzailearen baldintza espezifikoen arabera (diru-sarrerak, bizikletaren prezioa eta mota, etab.) jasotako kopuruak aldatuko dira eta kosu osoaren zati bat estaliko dute.

Partikularrentzako laguntzen laburpen-taula


Enplegu-emaileen kasuan, gehienez 400 euroko dirulaguntza lor dezakete beren jarduera profesionalerako karga-bizikleta bat erosteagatik.

Pack mobilité

Pack Mobilité programa Nantes metropoli-eremuko 24 komunitateetako enplegatzaileei (enpresak eta autonomoak) zuzenduta dago, eta doako hiru laguntza-maila eskaintzen ditu mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko. Enpresaren tamainaren, jardueraren, kokapenaren eta konpromiso-mailaren arabera, pakete hauen artean aukera daiteke:

  1. Pack 1 – Informatzea: Gutxiago kutsatzen duten mugikortasun-soluzioei eta horien finantza-onurei buruzko informazioa ematen du.
  2. Pack 2 – Animatu: Ekitaldiak, jarduerak eta probak eskaintzen ditu tokiko mugikortasuneko bazkideekin.
  3. Pack 3 – Aztertzea: Mugikortasun-inkestak eta irisgarritasun-diagnostikoak barne hartzen ditu, portaeran aldaketak sustatzeko.

Programa horri esker, enpresek beren beharretara eta helburuetara egokitutako mugikortasun iraunkorreko politikak ezar ditzakete.

https://pro.naolib.fr/fr/presentation-du-dispositif

Vélorue

Kale hauetan bizikletek lehentasuna duten ibilgailu motordunen aurretik. “Autoa gonbidatua da”. Txirrindulariek errei osoa har dezakete eta automobilak bizikleten erritmora egokitu behar dira, aurreratu gabe. Bide horiek abiadura-muga txikia dute (30 km/h, normalean) eta seinale espezifikoak dituzte. Zirkulazioaren noranzkoa aldatu egiten da, igarotze-trafikoa deuseztatzeko eta zirkulazioan dauden autoen kopurua murrizteko.

Bide mota horiek Holandako eta Alemaniako adibideetan oinarrituta daude (Fietsstraat/Fahrradstrasse) eta Frantzia osoan zabaltzen hasi dira. Nantes ere hasi da bere kaleetan batzuk ezartzen.


Hiri irisgarria

Era askotako xehetasunetan ikus dezakegu hiriak kontuan hartzen duela mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna (arrapalak, sarbideak, informazioa, turismo-eskaintza, etab.). Turismo-webguneak atal berezi bat du, mugikortasun urriko pertsonentzako aukerei buruzko informazio zabalarekin.

https://www.levoyageanantes.fr/sorganiser/accessibilite-handicap/

Naolib-iraupen luzeko bizikleten alokairua

Bizikleta publikoen zerbitzuaz gain, Naolibek iraupen luzeko bizikleten alokairuak ere eskaintzen ditu (hilabetetik urtebetera). Mota desberdinetako bizikletak daude eskuragarri (konbentzionalak, tolesgarriak, mugikortasun urriko pertsonentzat, karga-bizikletak, longtaila eta elektrikoak).

Eskuragarri dauden bizikleten katalogoa

Naolib webgunea

Toki-erakundeak

L’association Place au Vélo-Nantes

Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bizikleta garraiobide jasangarri gisa erabiltzea sustatzen du Nantesen eta inguruetan. 1992an sortu zen, eta txirrindularien segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea, azpiegitura egokiak sustatzea eta herritarrak hiriko txirrindularitzaren onurei buruz sentsibilizatzea ditu helburu.

Lanean ari dira Nantes bizikletarentzako hiri lagunkoiagoa izan dadin. Eten gagabe antolazen dituzte sentsibilizazio-ekintzak, konponketa tailerrak, era askotako ekitaldiak eta eragin politikoko kanpainak . Gainera, tokiko agintariekin eta beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzen da mugikortasun jasangarria bultzatuko duten politikak garatzeko.

https://placeauvelo-nantes.fr/

Vélocampus

Vélocampus, ikasleen eta Nanteseko unibertsitate-komunitatearen artean bizikletaren erabilera sustatzen duen elkartea da. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola, bizikleten alokairua prezio merketan, autokonponketa tailerrak, mekanikako prestakuntza eta unibertsitate ingurunean mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarduerak.

https://www.velocampus.net/

Vélorution Nantes

Nantesek bere “masa kritika” propioa du, Frantzian Vélorution deitzen dena. Haurrentzako bertsioa ere badago (Kidical mass).

https://velorution-nantes.fr/

C’est pas ouf / “ez da gauza ikaragarria”

​”C ‘est pas ouf Nantes” ekimena bizikleta-erronka bat da. Parte-hartzaileek bizikletaz erritmo moderatuan 100 kilometro egiten dituzte, txirrindularitzaren irisgarritasuna eta gozamena sustatuz, kirol-errendimendu handiaren beharrik gabe. Ekitaldia aldizka antolatzen da Nantes hirian, 9:00etan irteera programatuekin eta 7 ordu inguruko iraupenarekin, atsedenaldiak eta elkarbizitza uneak barne.

https://cestpasouf-nantes.fr/

Ondorioak

Nantesera egin dugun bisita izugarri gustatu zaigu, bizikletaren eta hiri-inguruen hobekuntzaren aldeko mugimendu handia duen hiria delako.

Ikusten dugu, beste hiri askotan bezala, pandemia aldaketaren eragile izan zela hiriarentzat, eta martxan jarritako ekimen asko krisi honetatik abiatu direla. Gure ingurune hurbilean pandemiak sortutako salbuespenezko egoera ez zen ondo aprobetxatu etorkizunean iraunkorrak izan zitezkeen aldi baterako neurriak martxan jartzeko.

Edonola ere, inspiratuta eta buruan ideia asko ditugula itzultzen gara. Espero dezagun argitalpen hau ere inspirazio iturri izatea gure buruzagientzat, haien laguntzarik gabe ezinezkoa baita gure kaleak ingurune bizigarri eta atseginago bihurtzea.

Iturriak

Naolib- Nantes Métropole mobilité: https://naolib.fr/

Naolib- velo: https://naolib.fr/fr/velo

Nantes Métropole: https://metropole.nantes.fr/

Altis play (Canal de youtube):

Nantes a-t-elle réussi à se passer de la voiture ?

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies