Trafiko lasaiagoko kaleak. Zergatik da garrantzitsua?
Badira urte batzuk Espainiako Estatuak hiriguneetako kaleetan 30 km/h-ko abiadura-muga orokorra ezarri zuenetik. Neurri hau ez da gure inguruko gauza bakarrik. Mundu osoko hiri askok ere beren kaleetako abiadura mugatzea erabaki dute, eta 30 km/h-ko muga (batzuetan txikiagoa) pixkanaka arau orokor bihurtzen ari da.
Hain beharrezkoa den neurri hau gaizki ulertua eta kritikatua izaten da askotan, baina ezartzea justifikatzen duten pisuzko argudio ugari daude. Era berean, ohikoa da pertsona askok muga honi jaramonik ez egitea (radar bat dagoenean izan ezik), horrek ekar ditzakeen ondorioez ohartu gabe.
Argitalpen honetan, muga honen atzean dauden arrazoiak azalduko ditugu; izan ere, gidariek neurri hau ulertzea eta betetzea behar dugu.
Segurtasuna hobetu
Lehenengo arrazoia argi dago: segurtasuna hobetu. Abiadura txikiagoan zirkulatzeak nabarmen murrizten du istripua izateko probabilitatea eta horrek izan ditzakeen ondorioak. Kontuan izan behar dugu 30 km/h-ko abiaduran doan auto batek 15 metroko tarte bat behar duela oztopoa ikusten duenetik ibilgailua gelditzeko gai den arte. Distantzia hau, autoa 50 km/h-ko abiaduran badoa, bikoiztu egiten da 30 metrora. 15 metro hauek susto soil bat edo tragedia baten arteko aldea erabaki dezakete.
Erreakzio-ahalmenaz gain, abiadurak eragin erabakigarria du harrapaketa bat hilgarria izateko probabilitatean. Izan ere, arriskua modu esponentzialean handitzen da 30 km/h-tik gora:
- 30 km/h-ko abiaduran → Harrapatua izanez gero hiltzeko arriskua % 5 eta % 10 artean dago.
- 40 km/h-ko abiaduran → % 20ko heriotza-arriskua.
- 50 km/h-ko abiaduran → % 50 eta % 80 artean hiltzeko arriskua.
- 60 km/h-ra edo gehiagora → % 90-100 inguruko heriotza-arriskua.
Azkenik, aipatu behar dugu abiadura handian gidatzeak gure ikusmen-eremua murrizten duela ere. Zenbat eta azkarrago joan, konturatu gabe, gure arreta puntu mugatuago batean jartzen dugu eta gainerako eremuan dagoenaren kontzientzia galtzen dugu. Aldiz, poliki zirkulatzean, inguruan gertatzen dena hobeto hautemateko gai gara, eta bideko edozein ezustekoren aurren erreakzionatzeko gaitasun handiagoa dugu.

Ondorioz, trafiko lasaiago batek gure kaleak askoz seguruagoak bihurtzen ditu guztiontzat. Arrazoi honek bakarrik nahikoa beharko luke izan. Kontuan izan behar da Espainian urtero 250 pertsona inguru hiltzen direla istripuz harrapatuta. Hala eta guztiz ere, badaude arrazoi gehiago.
Zarata gutxiago, osasun gehiago
Hirietan, trafikoa da kutsadura akustikoaren iturri nagusia, eta haren intentsitatea oso lotuta dago abiadurarekin. Zaratak, gogaikarria eta gure bizi-kalitatean eragina izateaz gain, ondorio larriak ditu gure osasunean. Estresa, antsietatea, loaren nahasmenduak eta zailtasun kognitiboak edo kontzentraziokoak sortzen ditu. Hainbat azterlanek frogatu dute trafikoaren zarata handiagoa den ikastetxeetako haurrek eskola-jarduera okerragoa dutela. Zarata arazo kardiobaskularrekin ere lotuta dago, eta hipertentsioa, infartuak eta bihotzeko beste gaixotasun batzuk izateko arrisku handiagoa sortzen du.
Zirkulazioaren zaratak bi iturri nagusi ditu: motorra eta pneumatikoen eta balazten marruskadura. Azken hau handitu egiten da abiadura handitu ahala, eta, beraz, azkarrago ibiltzeak zarata handiagoa esan nahi du beti. Auto elektrikoek ere, motor-zaratarik egiten ez duten arren, ohiko ibilgailuen marruskadura bidezko soinu bera sortzen dute, eta 50 km/h-ko abiaduratik aurrera bi auto motek zarata bera ateratzen dute.
Kontraintuitiboa badirudi ere, trafiko eraginkorragoa
Abiadura murrizteak auto-ilara gehiago sortzen dituelaren sinesmena zabalduta dago. Errealitatea, ordea, sinismen honen justu kontrakoa da: trafiko lasaiagoa eraginkorragoa da.
Hiri gehienetan trafikoaren batez besteko abiadura erreala 15 km/h ingurukoa da, muga 50 km/h izan zein 30 km/h izan. Aldea ez dago baimendutako gehieneko abiaduran, baizik eta trafikoaren arintasunean. Mantsoago gidatzean, geldialdi, azelerazio eta frenatze gutxiago izaten dira, eta honek trafikoa erregularrago bihurtzen du. Gidariek hautematen duten estresa ere gutxitzen da eta efizientzia hobetzen da.
Abiadura baxuek semaforoen beharra murriztea ere ahalbidetzen dute; izan ere, pasabidea elkar begiratuz adostu daiteke, kasu askotan, gidarien eta oinezkoen artean. Semaforoen murrizketa honek trafikoaren arintasuna hobetzen du, itxaronaldi asko saihesten baitira.
Beste uste faltsu bat da abiadura txikiagoan gidatzeak kutsadura edo erregai-kontsumoa handitzen dituela. Errealitatean, ordea, emisioetan gehien eragiten dutena abiadura handietan gertatzen diren bat-bateko azeleratzeak eta balaztatze bortitzak dira. Abiadura moderatu eta konstantea mantentzeak motorra modu eraginkorragoan funtziona dezan laguntzen du, eta horrek bai erregai-gastua bai aire-kutsadura murrizten ditu.
Gidatzeko modu leunagoak, gainera, balazten eta pneumatikoen higadura gutxitzen du; horiek dira airean, uretan eta lurzoruetan amaitzen diren partikula kutsatzaile eta mikroplastiko gehienen iturri nagusiak. Beraz, trafiko bareagoak airearen kalitatea hobetzen du eta ingurune osasungarriagoa sortzen laguntzen du.
Pertsona guztientzako kaleak
Abiadura jaisteaz ari garenean, ez gara segurtasuna hobetzeaz eta zarata murrizteaz ari bakarrik. Kale atseginagoak egiteaz ere ari gara, eta kaleak bizikidetzarako gune komun gisa berreskuratzeaz. Abiadura jaistea ez da “autoaren kontra” egotea, kaleak espazio partekatu gisa berreskuratzearen alde egotea baizik.
30 km/h-ko abiaduran dabilen kalea ez da leku arrotza; aitzitik, lasai ibiltzeko, beldurrik gabe gurutzatzeko, bizikletaz segurtasunez joateko eta haurrek arriskurik gabe jolastu ahal izateko gune bat da. Horrez gain, garraio publikoak ere irabazten du: ingurune bare batean, etengabeko azelerazio eta frenaldiak saihestuta, askoz erregularrago eta eraginkorrago mugi daiteke.
Gainera, trafiko lasaiagoak atea irekitzen die espazio publikoaren beste erabilera batzuei: terrazak, gune berdeak, auzoko topalekuak edo zama-jasotze lan seguruagoak. Kalea azkar igarotzen diren autoek menderatutako lekua izan beharrean, kalea auzoarentzako bizitza sozial eta ekonomikorako gune bihurtzen da.
Azken finean, abiadura murriztea ez doa inoren kontra, baizik eta guztion alde: oinezkoen, txirrindularien, garraio publikoko erabiltzaileen eta baita gidarien alde.
Emaitzak: Neurriak funtzionatzen du
Trafikoa baretzearen emaitzak argiak dira: trafikoaren abiadura murrizten duten hiriek nabarmen gutxitzen dute istripu-tasa. Helsinkik eta Oslok, esaterako, jada harro esan dezakete “Vision Zero”ko hiriak direla. Hau da, urte osoan zehar ez dutela istripu larririk (Hildakoekin edota zauritu larriekin) izan. Beste batzuk, hala nola Brusela edo Paris, %25 arte murriztea lortu dute trafiko-istripuetan hildakoen kopuruan.
Adibide hauek erakusten dute neurria, eraginkorra izateaz gain, heriotzak ekiditeko modu simple eta azkarra dela.
Hiri sosegatuagoak. Nola lortu?
Hiriguneetan abiadura murriztea hiria eraldatzen duen neurria da, eta autogidarien ustezko erosotasunak ez luke aurretik azaldu ditugun segurtasun, osasun eta bizi-kalitate argudioen gainetik egon behar.
Ondorioz, beharrezkoa da kale lasaiagoak lortzeko lanean jarraitzea. Abiadura-muga aldatzea aurrerapauso garrantzitsua izan da, baina ez da nahikoa. Neurri gehigarriak behar dira, trafikoaren abiadura benetan murrizteko.
Ez da nahikoa seinaleak aldatzea. Kaleak berdiseinatu behar dira, gidariak modu lasaiagoan gidatzera gonbidatzeko: bide estuagoak, bihurgune ez hain zabalak, zigizagak eta, batez ere, oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio gehiago.
Eta, beste ezeren gainetik, aldaketa kulturala behar da: astiro gidatzea erantzukizun kolektiboko ekintza dela ulertzea. Izan ere, azkenean, abiadura jaisteak ez du esan nahi denbora galtzea, baizik eta segurtasuna, osasuna eta bizi-kalitatea irabaztea guztiontzat.
Iturriak
IMPACTO DEL RUIDO EN LA EDUCACIÓN
Fewer accidents and fatalities: Brussels’ 30km/h zones prove positive impact
No pedestrian fatalities in Helsinki traffic last year
Speed Reduction Key to Safer European Roads
Oslo got pedestrian and cyclist deaths down to zero. Here’s how
