Aparkalekuak kentzea oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasaguneetan ikuspena eta segurtasuna hobetzeko
Oinezkoen harrapaketak hiri-inguruneetako ezbehar hilgarriena izaten jarraitzen du; 2024an 204 pertsona hil ziren modu horretan estatuan. Istripu mota honek lotura estua dauka oinezkoen pasaguneetako ikuspen faltarekin. Izan ere, oinezkoek eta gidariek elkar ondo ikustea funtsezkoa da gurutzaketa segurua, arina eta eraginkorra bermatzeko.
Horregatik, ezinbestekoa da espazio publikoaren diseinuak eta oinezkoentzako pasaguneen inguruko hiri-elementuen antolaerak bi erabiltzaileek (oinezkoek eta gidariek), elkarri behar besteko aurrerapenarekin antzemateko aukera izatea.
Oinezkoentzako pasabide batean ikuspena kolokan egon daiteke hainbat faktoreren ondorioz. Ohikoena bidegurutzetik gertuegi aparkatuta dauden ibilgailuak dira, baina beste oztopo batzuek ere eragiten dute, hala nola; hondakinen edukiontziek, hiri-altzariek, landaredi hostotsuek, publizitate-panelek, merkataritza-postuek edo beste batzuek.
Donostiako adibide batzuk:

Ildo horretan, ekainaren 10ean argitaratutako seinaleen katalogoaren eguneratze berriak berrikuntza garrantzitsuak dakartza; izan ere, oinezkoen pasabideen aurreko aparkalekua arautzen du, eta ez du uzten oinezkoen pasabideen aurreko metroetan aparkatzerik. (3 m eta 6 m artean, kasuistikaren arabera).
Arau berri hau ez da anomalia bat, izan ere, Frantzia, Alemania edo Suedia bezalako herrialdeek urteak daramatzate oinezkoen pasabideen aurreko espazioa berariaz arautzen, oinezkoen eta/edo txirrindularien pasabideen aurreko metroetan aparkatzeko debekuak ezarriz, ikuspen egokia bermatzeko eta bide-segurtasuna hobetzeko.
Donostiako mugikortasun jasangarriko planak berak ere neurri hori kontuan hartzea aipatzen du (argitaratu zen datan oraindik ez zen araua): “Oinezkoen pasabideetan oinezkoen ikuspena hobetzeko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako gomendioak betez, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak gaitu behar dira semaforo gabeko pasalekuetako aurreko 5 metroetan”.
Kalapie-tik ikerketa bat egin dugu gai honi buruz non:
- Bizikletentzako aparkalekuak: Irtenbide ekonomiko eta erraz bat da, balioa ematen duena eta mugikortasun iraunkorra sustatzen duena.
- Hainbat gomendio egin dira horrelako guneetarako (gomendio orokorra, esku-hartzeak lehenesteko araubidea, eraldaketa-aukeren azterketa)
- Hiriko zenbait pasaleku esanguratsuren azterketa
Eskaera orokorra
Egindako lanaren ondorio nagusi gisa, eskaera hau egiten diegu gure inguruko udal guztiei:
Aparkalekua eta oinezkoentzako edo bizikletentzako pasabide ororen aurreko 5 metroetan ikuspena eragotz dezakeen beste edozein elementu kentzea eskatzen dugu, bidegurutzean semaforoa egon ala ez.
30 km/h-tik gorako abiadurak dituzten bideetan, beharrezkotzat jotzen dugu distantzia hori handitzea eta aurreko 7-10 metroetan aparkalekuak kentzea, bidearen erabiltzaile guztiek ikuspen egokia eta aurre-hartzea bermatzeko.
Nahiz eta indarrean dagoen araudiak kasu jakin batzuetan hain murriztaileak ez diren kasuak jaso baditzake ere, uste dugu neurri hau beharrezkoa dela segurtasun-maila optimoak bermatzeko, eta guztiz lerrokatuta dagoela ikerketan aztertutako eskuliburu teknikoekin eta jardunbide egokiekin.
Azterketa ondorengo estekan eskuragarri:
Oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabideen ikuspenaren azterketa
Soluzioen lehentasunen zehaztapena
Ikusgarritasuna hobetzeko aplika daitezkeen hainbat irtenbide daude. Hala ere, egokiena aukeratzerakoan beharrezkoa da kontuan hartzea bai ikuspenean eragiten duten hobekuntza maila, bai askatutako espazioari ematen dioten balio erantsia. Era berean, esku-hartzea egingo den lekuaren ezaugarri eta behar espezifikoak ere aztertu behar dira, faktore horiek baldintzatzen baitute alternatiba bakoitzaren egokitasuna.
Ondorioz, ez dago kasu guztietarako balio duen irtenbide bakar bat. Hala ere, badaude zenbait soluzio, ikusgarritasuna hobetzeaz gain, espazio publikoa hobetzen eta hiri-inguruneari onura gehigarriak ematen laguntzen dutenak; horregatik, beste irtenbide batzuen aurretik lehenetsi beharrekoak dira. Zehazki, lehentasunezkotzat jotzen diren irtenbideak honako hauek dira:
- Bizikletentzako aparkalekuak: ezartzeko irtenbide ekonomiko eta erraza da, eta balio erantsia ematen du mugikortasun jasangarria sustatzen duelako.
- Gune berdeak: gauzatzea garestiagoa eta konplexuagoa izan daitekeen arren, ekarpen handia egiten diete klima-aldaketara egokitzeko helburuei.
- Hiri-elementuak (bankuak, altzariak, etab.): Bereziki gomendagarriak jarduera sozial handiko eremuetan, kohesio komunitarioa eta espazio publikoaren erabilera errazten baitute.
Beste irtenbide batzuk lehentasun txikiagokotzat jotzen dira; izan ere, bisibilitatea hobetzen laguntzen badute ere, eraginkortasun txikiagoz egiten dute eta sortutako espazioari ematen dioten balio erantsia ere mugatuagoa da. Irtenbide guztien azterketa zabalagoa kontsulta daiteke ikerketan bertan.

Egokitzapena behar duten bidegurutze kopuru handia dela eta, lehentasun-erregimen bat ezarri behar da. Lehentasunezkotzat jotzen da honako hauetan esku hartzea: abiadura handiko edo zirkulazio-bolumen handiko kaleetan, semafororik gabeko pasabideetan, oinezkoentzako eta/edo txirrindularientzako fluxu handiko bidegurutzeetan, gizarte- edo merkataritza-jarduera handiko bideetan, beheranzko aldapan dauden kaleetan eta ikastetxeetatik gertu dauden inguruetan edo haurrak ibiltzen diren beste espazio batzuetan. Xehetasun gehiago izateko irakuleak azterketa kontsultatzera gonbidatzen ditugu.
