HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK SU ARTIFIZIALEN JAURTIKETAK ERAGITEN DITUEN KEARI ETA ZARATARI AURRE EGITEKO.
Aste Nagusiaren bezperan, Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak gomendio batzuk eman nahi dizkie herritarrei su artifizialen jaurtiketak eragiten dituen ke toxikoari eta zaratari aurre egiteko.
Aurten ere, Aste Nagusia iristen denean, gutako asko gerturatuko gara Alderdi Eder inguru paregabera su artifizialak interes eta ilusio handiz ikustera.
Inola ere ez diogu utzi nahi horrelako ikuskizun piroteknikoetara joateari, baina modu seguru eta osasungarrian ikusi nahiko genituzke, jakinaren gainean, arriskuak saihestu edo, behintzat, minimizatu ahal izateko.
Su artifizialak, magikoak badirudite ere, kimika hutsa dira; suen eztanda eta sonoritatea ahalbidetzen dituzten erreakzioengatik ez ezik, sortzen duten eta hain ikusgarri egiten dituen kolore-sorta zabalagatik.
Horren arrazoi nagusia bolborak barne hartzen dituen metalak dira. Hala, adibidez, sodioak sortzen ditu tonu hori eta urre-kolorekoak, barioak berdeak, kobreak urdinak, estrontzioak gorriak, potasio erregarriak moreak, titanioak dirdai zuri eta zilar-kolorekoak, kaltzioak intentsitate handiagoa ematen die koloreei, magnesioak distira eta argitasuna areagotzen ditu, antimonioak distiren aureolak markatzen ditu…
Su artifizialek atmosferara isurtzen dituzten gasek eta keek arriskuan jartzen dute bai ingurumena (airea, itsasoa eta lurra) bai haien eraginpean dauden pertsonen eta animalien (maskotak…) osasuna. |
Kalapieko kideek bi urte daramatzagu (2017 eta 2018) AirBeam1 eta AirBeam2 gailu eramangarriekin, besteak beste, PM 2,5 partikulek (2,5 mikra baino txikiagoak eta osasunerako oso kaltegarriak) eragiten duten kutsadura-maila neurtzen, Aste Nagusian su artifizialak jaurtitzen dituztenean Alderdi Ederren eta, Gabonetan, Urumea ibaiko bokalean kokatuta dagoen plataforma batean.
Dela Aste Nagusian dela Gabonetan, PM 2,5 partikulen kontzentrazioek Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) gomendatutako balioak aise gainditzen dituzte hiriguneko eremu zabala batean.
PM 2,25 partikulen kontzentrazio handiek su artifizialak jaurtitzen diren eremu inguruan keak arnasten dituzten herritarren osasuna kaltetu dezakete, bereziki, herritar ahulenena (haurrak, adinekoak eta arnas arazoak zein arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonak).
PM 2,5 partikulak oso toxikoak dira eta osasunerako kaltegarriak, oro har, piroteknian erabiltzen den bolborak metal kantitate handiak (besteak beste, barioa, estrontzioa eta potasio erregarria, eta, neurri txikiagoan, magnesioa, aluminioa, rubidioa, artsenikoa, beruna, bismutoa, kobrea, etab.) barne hartzen dituelako.
Keen arriskuaz gain, badago garrantzi handiko beste arrisku bat: kutsadura akustikoa. Izan ere, soinu-maila oso handia da, 110-120 dezibeletik gorakoa (hegazkin batek igarotzean eragindakoa baino handiagoa) su artifizialak jaurtitzen diren lekutik 100 metro baino gutxiagora dauden pertsona eta maskotentzat.
OMEk dio ikuskizun piroteknikoak osasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeela ez badira bidezko neurriak hartzen, bereziki, haurrekin. Izan ere, haurrak dira ikuskizun piroteknikoak ikustera sarrien gerturatzen direnak, eta haien entzumena gurea baino ahulagoa eta ezegonkorragoa da.
Horregatik guztiagatik, Kalapieren ustez, Aste Nagusiaren bezperan, komenigarria eta beharrezkoa da herritarrei su artifizialen jaurtiketak eragiten dituen kearen eta zarataren berri ematea, gomendio baliagarri eta ulerterrazak eskainita.
HERRITARRENTZAKO GOMENDIO OROKORRAK.
– Kearekiko esposizioa harik eta gehien murrizten bada, osasunean eragiten dituen efektu kaltegarriak txikiagoak izango dira. Hortaz, onena da kea ez inhalatzea edo, ahal den neurrian, inhalazioa minimizatzea.
– Herritarrei kea zuzenean iristen ez zaien toki batean kokatzea gomendatzen diegu, eta arreta berezia eskaintzea haizearen norabideari.
– Nahiz eta kea ez ikusi, erre-usain soilak esan nahi du leku horretan PM 2,5 partikulen mailak OMEk gomendatzen dituen mugak 5-10 aldiz gainditzen dituela.
– Eta ikusten badugu kea guregana datorrela, tokiz aldatzea gomendatzen dugu; kasu horretan, PM 2,5 partikulen mailak OMEk ezarritako balioa 20 aldiz gainditzen baitu.
– Hala ere, herritarrak lasai ibil daitezen, azpimarratu nahi dugu kea iristen ez den Alderdi Eder inguruko tokietan PM 2,5 partikulen maila hutsaren hurrengoa dela.
– Kutsadura akustikoa saihesteko, su artifizialak jaurtitzen diren tokitik distantzia batera kokatzea gomendatzen diegu herritarrei; ahalik eta urrunen kokatu, kalte gutxiago jasoko baitu entzumenak.
– Umeak, batez ere, soinu-fokutik distantzia jakin batera (ehunka metro) kokatu behar dira, zarataren ondorioak bereziki kaltegarriak baitira umeentzat.
– Umeen belarrietan tapoiak edo kotoi pixka bat jartzeak zarata 20 dezibelean arintzen lagun dezake, soinu-maila zazpi aldi murriztuz. Ez da gutxi!