Kalapietik “Movilidad sostenible ni un paso atrás” mobilizazioa babesten dugu
Kalapie Hiriko Txirrindulari elkarteak bere babesa adierazi nahi dio #MovilidadSostenibleNiunPasoAtrás estatu-mobilizazio handiari. Mobilizazioa estatuko hainbat elkarte ekologista, txirrindulari, oinezko eta auzotarretatik deitu dute estatuko hiri askok maiatzeko udal-hauteskundeen ondoren eratutako gobernu berrien esku mugikortasun iraunkorrean izandako atzerapauso larriak salatzeko. Bartzelona, Valladolid, Elx/Elx, Logroño, Malaga, Palma, Gijon, Castelló eta Valentzia, besteak beste, mugikortasunerako neurri kaltegarriak jasaten ari dira. Hala nola bidegorriak eta autobus-erreien ezabatzea, emisio txikiko eremuak kentzea, espazio publikoen desmuntatzea eta etorkizunean hiri-aldaketa horiek sustatuko dituzten ekintzak garatzen ari dira.
Horrelako neurriak atzerapausoak dira mugikortasun iraunkor, seguru eta osasungarri baten sustapenean, eta guztiz onartezinak dira gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan. Erakunde sinatzaileek udal gobernu talde berriei euren jarrerak berriz aztertzeko eskatu diete, autoz edo motorrean ibiltzeko eskubiderik ez dagoela gogoraraziz, eta osasunerako, segurtasunerako, espazio publikoa erabiltzeko eta ingurumen garbia izateko eskubideak ukaezinak direla. Atzerapausoez gain, mobilizazioek ere, estatuko hiri gehienek mugikortasun jasangarriaren arloan jasaten duten aurrera pauso falta salatzen dute.
Kalapieren ustez, mugikortasun jasangarriaren alorrean izandako atzerapauso hauek guztiz onartezinak dira, eta erabat ados gaude mugikortasun jasangarria sustatzeko neurri gehiago eta anbizio handiagoa behar direla esatean. Beraz, elkartetik bat egiten dugu mugikortasun iraunkorraren kontra doazen neurriei amaiera emateko eskaerarekin, eta hiri guztietan mugikortasun iraunkorragoa eta aktiboagoa sustatzeko anbizio handiagoa eskatzen dugu, baita gurean ere.
Mobilizazioetan parte hartu nahi dutenentzat bizikleta martxa bat dago deituta Bilbon, Areatzan 16:30ean hasita.