Easo kale berria. Lehentasuna terrazei?
Duela bi hilabete ireki zen azkenean Easo kalea, San Martin kalearen eta Londres Hotelearen arteko zatian, itxiera luze baten ondoren. Halako esku-hartzeek aukera eskaintzen dute mugikortasuna eta espazio publikoaren banaketa berriz planteatzeko, eta Kalapietik kale honen berritzeaz zenbait gogoeta partekatu nahi ditugu.
Esku-hartze hau egin aurretik, Kalapietik eskatu genuen aprobetxatzea aukera kale honetan bizikletaz bi noranzkoetan ibiltzeko aukera ahalbideratzeko. Bi aukera proposatu genituen: Easo kalean jada existitzen den bi noranzko bidegorriari jarraipena emango liokeen bidegorria egitea edo bizikleta noranzko bikoitzeko 30 eremu bat egitea (zer da Bizikletazko Noranzko bikoitza?). Hau da, galtzadaren kontrako noranzkoan norabide bakarreko bizikleta-ibilbide bat ahalbidetzea. Hona hemen adibide batzuk:
Proposamen hau teknikoki bideragarria eta oso onuragarria izan zitekeela uste dugu. Izan ere, bizikletentzako mugikortasunerako ardatz nagusi bat sortuko litzateke, Easo kalean dagoen bidegorri zatia Kontxakoarekin lotuz, biderik zuzen eta naturalenetik. Hala ere, bistakoa da beste erabilera batzuk lehenetsi direla aukera honen aurretik.
Halaber, faltan bota dugu kalean azpiegitura berdearen aldeko apustu irmoago bat. Banku-landareontzi batzuk jarri dira (bi hilabete igaro ondoren oraindik zuhaitz edo landareren bat jasotzeko zain daudenak), baina uste dugu egungo klima-aldaketaren testuinguruan merezi zuela kalitate handiagoko konponbide baten alde egitea, zuhaitz naturalak jarrita.
Kale berriak utzi digun inpresioa, oinezkoarentzat eta garraio publikoarentzat irabazitako espazioa positiboki baloratzen badugu ere, ostalaritzako terrazentzako espazioa irabaztea beste erabilera posible batzuen gainetik lehenetsi dela izan da.
Azkenik, aipatu nahi dugu San Martin kalearen sarreran ibilgailuen pasabidea debekatzen duen seinale bat jarri dela. Salbuespenen artean badaude autobusak, taxiak eta motoak, baina ez da bizikletarik aipatzen. Udalak seinale hau zuzendu dezala espero dugu, bizikletek, gutxienez, araututako moduan sartu ahal izan dezaten kalean, Londres Hoteleko noranzkoan.