T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

18
Eka

Bizikleta aparkaleku, bizikletak kentzea eta isunen inguruan (bigarren zatia)

Herritarrek ohartarazi digute eta sare sozialetan ikusi dugu, azken asteetan, Udalak bizikletak kendu dituela, itsasertzeko eremuetan ez ezik, Alde Zaharrean, Egian eta beste hainbat auzotan ere. Horregatik, Udalari gogorarazi nahi diogu arazo bat dugula eta irtenbide bat bilatu behar dugula, hirian ez dagoelako bizikletentzako behar besteko aparkalekurik.

Elkarteak behin eta berriz aldarrikatu du bizikletentzako aparkaleku seguruen sare bat sortu behar dela. Bizikletentzako aparkalekuak bizikletak erabiltzen ez direnean jartzen diren tokia da, eta baita bizikleta aparkatzea ahalbidetzen duten seinaleztapen-, babes- eta lotura-elementuen multzoa ere. Bai jatorrian bai helmugan aparkaleku eroso eta segurua izatea nahitaezko baldintza da bizikletaren erabilera normalizatua bermatzeko eta bizikleta erosteko prestasuna bultzatzeko. Bizikletak lapurtuko dizkietela edo narriatuko direla uste badute, herritarrek hirian zehar ibiltzeko bizikleta erabiltzeari utziko diote, edo, bestela, kalitate txarreko eta mantendu gabeko bizikletak erabiliko dituzte. Horrek mesede eskasa egiten dio hiriko txirrindularitzari.

2003an, Donostiako Udalak Kalapie Hiriko txirrindularien elkarteari txosten bat enkargatu zion, bizikletentzako lurpeko aparkalekuak gaitze aldera. Txosten hori eskuragarri dago Cristina Enea fundazioko Ziklotekan:

INFORME SOBRE LA VIABILIDAD DE HABILITAR PLAZAS DE APARCAMIENTOS DE BICICLETAS EN PARKINGS SUBTERRÁNEOS EN EL CENTRO URBANO DE DONOSTIA – SAN SEBASTIÁN

Elkarteak proposamen ugari egin ditu ere bileretan, mugikortasun-batzordeetan eta webgunean zein hiriko prentsan argitaratutako ohar publikoetan. Hona hemen gure webguneko azken oharrak:

Bestetik, Bizikletaren Behatokiaren memoriak arazo horren berri ematen du eta gaiari eskainitako atal batean (3.2.2 Bizikletentzako aparkaleku sarea) hainbat irtenbide proposatzen ditu. 

Donostiako udal-administrazioaren mugikortasun-politikak, nagusiki, motordun ibilgailuen zirkulazioan jarri du ardatza. Hiriaren erdialdean, lurpeko aparkalekuen sare erakargarri bat jarri du auto-gidarien eskura. Ibilgailuak kanpotik hiriaren erdialdera zuzenean sartzen dira, eta, horren ondorioz, ingurumen-arazoak eta sartzeko lurrazaleko espazio-eskakizun handia ditugu. Oinordetu dugun sare horrek mugikortasunaren garapena eta motordun ibilgailuak hiriaren erdialdean sartzeko ezarri beharko liratekeen murrizketak baldintzatzen ditu. Aparkaleku-sare horretan, guztira, 8982 ibilgailu (5471 txandakakoak eta 3511 egoiliarrentzat) sartzen dira. Lurrazaleko aparkalekuak kanpo utzita, lurpeko aparkaleku-plazak hiri osoan zehar banatuta dauden bizikletentzako aparkaleku-plazak baino ugariagoak dira (8248). 

Baina plaza-kopuruaz gain beste kontu bat ere azpimarratu beharra dago: auto batek betetzen duen tokian 10-12 bizikleta aparka daitezke. Horregatik, hiriko txandakako aparkalekuen % 10 besterik ez bizikletentzako gordeko balira, bizikletentzako 5000-6000 aparkaleku seguru izango genituzke; eta horrek, neurri handi batean, arazoa konponduko luke.

Etxague Jenerala kaleko bizikletentzako aparkalekua

2023. urterako emisio txikiko hiriguneak eskatzen dituzten zuzentarauak bete nahi baditugu, autoen zirkulazio kutsatzailea (motordun ibilgailuak dira gehien kutsatzen dutenak) murriztera eta mugatzera behartuta gaude. Beharrezkoa iruditzen zaigu aparkaleku horietako batzuk, bai lurpekoak bai lurrazalekoak, pixkanaka birmoldatzen joatea. Eta bi irtenbide erraz proposatzen ditugu horretarako:

  1. Txandakako aparkalekuak bizikletentzako aparkaleku bihurtzea. Aparkaleku horiek hirigunean banatuta daudenez gero, erdialdeko beharrak hobekien asetzen dituen soluzioa da. Autoen erabilera murrizten du eta bizikletak aparkatzeko segurtasuna hobetzen du.
  2. Txandakako aparkalekuak egoiliarrentzako aparkaleku gisa birmoldatzea. Eta, neurri horrekin, egoiliarrentzat birmoldatzen den aparkaleku bakoitzeko, lurrazalean libratzen den espazio publikoa espaloiak zabaltzeko erabiltzea eta, nagusiki, oinezkoentzat gordetzea. Hona hemen adibide argi bat. Ramon Maria Lili kalean, autoentzako 75 aparkaleku daude, gutxi gorabehera. Kursaaleko eta Katalunia plazako lurpeko aparkalekuek, bien artean, 856 txandakako plaza dituzte. Lurpeko aparkaleku horietako txandakako plazen % 8-9 egoiliarrentzako gordeko bagenitu, oinezkoek eta txirrindulariek bakarrik erabiltzeko kalea lortuko genuke. Neurri hori erraz zabal daiteke beste eremu eta aparkaleku batzuetara, kontuan hartuta ez dituela egoiliarrentzako aparkaleku-plazak murrizten eta, aldi berean, egoiliarrek bide publikoko espazioa berreskuratzen dutela.

Azkenik, hondartzen inguruan aparkatzeko arazoari aurre egiteko, Udalak jakitera eman du aldi baterako 198 aparkaleku instalatu eta banatuko dituela. Plaza-kopuru hori eskasa da udako hilabeteetan bizikleta erabili ohi duten txirrindulariek aparkatzeko duten arazoa konpontzeko; hortaz, oso eskasa da konfinamenduaren ondoren bizikletaren erabilerak nabarmen gora egin duen uda berezi honetarako. Maiatzaren 30an, Kalapiek Kontxa inguruan baranda, txorko eta zuhaitzetan aparkatutako bizikletak kontabilizatu zituen: Miramarrera igotzeko semaforotik La Perlaraino, 72 bizikleta, eta La Perlatik Londres hoteleraino, 309 bizikleta. Orotara, 381 bizikleta bizikletentzako aparkalekuetatik kanpo. Udalak bizikletentzako 45 aparkaleku iragarri ditu eremu zehatz horretarako. Datu horrek argi uzten du aldi baterako bizikletentzako aparkalekuen kopurua handitzeko beharra.

Informazio-iturria: https://www.donostia.eus/home.nsf/0/7B2A7EBB250B6131C125857B003ACE63?OpenDocument&idioma=cas

Amaitzeko, adierazi nahi dugu ez gaudela batere ados lurpeko aparkalekuetan ordubetez doan aparkatzeko aukerarekin, Europako politika berritzaileen kontrako neurria baita. Eta Udalari eskatu nahi diogu, behingoz, bizikletentzako aparkaleku-faltari dagokionez esku hartzeko; baliabide ekonomikoak eta langileak behar dira arazoa konpontzeko eta bizikletari, eta ez autoei, erraztasunak ematen hasteko.

 

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies