T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

21
Api

Kalapie Eukotrenekin bildu da

Duela gutxi, hiriko txirrindularien elkartea harremanetan jarri da Euskotrenekin, eta bilera bat egin ahal izan du zuzendaritzarekin, joan den urtarrilean zerbitzuak erosi behar zituela iragarri zuten tren modelo berriei buruz.

Trenes más largos y con baño para el Topo que viene, Diario vasco, 23 de enero de 2023

Albistea irakurri genuenean asko harritu gintuen berriak aipatzen zituen hobekuntza ugarien artean ez zela bizikletaren erabiltzaileentzako hobekuntzarik aipatzen. Hortaz, empresari idatzi bat igortzea erabaki genuen.

Gaur egun, inork ez du zalantzarik bizikleta goraka doan garraiobidea dela. Ekologikoa, osasungarria eta poltsikorako ona izateaz gain, modan dago eta gero eta gehiago ikusten da gure kaleetan. Ondorioz, uste dugu garraio publikoko zerbitzuak errealitate berrira egokitu beharko liratekeela eta pixkanaka hobekuntzak ezartzen joan, bizikletaren erabilera garraio publikoarekin uztartzea errazagoa izan dadin. Euskotrenen kasuan egungo zerbitzua ontzat jotzen badugu ere, hobetu beharreko puntuak ikusten ditugu.

Gure aldetik, egungo modeloetan ikusten dugun arazo nagusia bizikletentzako espazio falta da. Uste dugu gaur egun egungo modeloen espazioa txiki gelditzen dela eta deserosoa dela. Une askotan ez dago lekurik trenean doazen bizikleta guztiak behar bezala garraiatzeko. Bizikletak erabiltzen dituzten pertsonek, askotan, zutik joan behar izaten dute bizikletari eusten, eta bidea oztopatzen dute, modu ez seguru batean.

Bestalde, kontuan izan behar da espazio horietan, bizikletez gain, haurren aulkiak, mugimendu murriztuko pertsonentzako gurpil-aulkiak eta antzeko beste ibilgailu batzuk ere elkartzen direla. Beraz, pentsatzekoa da espazio horien eskariak gora egingo duela eta egungo egoerak okerrera egingo duela neurriren bat hartu ezean.

Horrekin eta identifikatuta ditugun beste hobekuntza-puntu batzuekin, Euskotrenen zerbitzurako eskaera zerrenda bat egin dugu, eta zuzendaritzari helarazi diogu. Hauek dira aldarrikapenak:

  • Tren bakoitzean bizikleta gehiago eramateko gaitasun handiagoa.
  • Trenen barruko maniobragarritasuna hobetzea, bizikletekin sartzea errezagoa izan dadin.
  • Bizikleta-guneak dituzten bagoiak seinaleztatzea trenaren kanpoaldean, erabiltzaileak bizikleta non jarri behar duen erraz identifika dezan.
  • Bizikletak eramateko lekua nasan bertan seinaleztatu. Horrela, erabiltzailea erraz jar daiteke leku egokian trena iritsi aurretik.
  • Igogailu zabalak bizikletak sartu ahal izateko. Interesgarriagoa iruditzen zaigu igogailu bakar eta zabal bat jartzea bi eskas baino.
  • Geltokietan estalitako eta babestutako aparkaleku gehiago sortzea. Geltokiaren barruan badago, hobe. Euskotrenek kudeatzen dituen aparkalekuak badira, zerbitzua udalerriko aparkaleku babestuen zerbitzuan integratzea.
  • Geltokietan bizikletak mailegatzeko zerbitzua eskaintzea. DBizi bezalako zerbitzuak.
  • Bizikletak nola eraman daitezkeen eta nola eraman ezin diren jakiteko informazio guztia web-orrian sartzea.
  • Trenetan bizikletarekin egindako ibilbideen jarraipena eta kontaketa egiteko sistema ezartzea.

Gure eskaerei erantzunez, zuzendaritzak erantzun digu ez dutela aurreikusten trenetan bizikletentzako plaza kopurua handitzea, baina ahal den neurrian igorritako eskaera guztiak kontuan hartuko dituztela. Edonola ere, eskerrak eman nahi dizkiogu Euskotreni gurekin biltzeko prestotasunagatik.

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies