T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Paseo “berezia” hiriko bidegorrietan zehar

Hiriko ikono modernoetako batean (beste asko bisitatuko ditugu) hasiko gara, “Moneoren kuboak” izenaz ezagutzen den Kursaal auditoriumean, eta “bateko bastoidun” esaten zaion (haren kale-argi adierazgarri eta originalak direla eta) Zurriolako zubia gurutzatu ondoren, itsasorantz abiatuko gara hiriburuaren ikur bihurtu den Pasealeku Berritik, itzal handiko artista garaikidea eta Chillidaren aurkaria izan zen Oteizaren “Eraikuntza hutsa” eskulturara iristeko. Aquariuma (2. km) mundu osoan erreferentziakotzat hartzen den itsas-museoa da, hirian bisita gehien jasotzen dituena eta Euskadiko bigarrena Guggenheimaren atzetik; handik igogailua hartu eta egun gehienbat laketontziak gordetzen dituen kai dotorera jaistean, Kontxa pasealekura, “ospe handiko inguru paregabera”, iritsiko gara, akaso munduko hiri-hondartza erretratatuena. Badia inguratuz, zerumugari begira atseden hartuko dugu nahitaez ikusi beharreko “Haizearen orraziaren” plazan, Eduardo Chillida artista moderno ospetsu eta sarituaren eskultura eder eta liluragarriaz (5,6. km) gozatzeko.

Ondarretako pasealekutik itzuliko gara Antiguo auzoko bidegorria Infanta Kristina kalean (txaletez betetako auzo finaren arteria nagusia) hartzeko. Unibertsitateak atzean uztean, eskuinaldetik ezkerraldera pasa eta Lugaritzeko Euskotrenen geralekura gerturatuko gara; hortik, 1,2 kilometroko trenbide-tunel ederra gurutzatu (9. km) eta Amara Berri auzo jendetsura iritsiko gara, Errondo pasealekuko bizikleta-bidetik, Anoetako estadioa eta bestelako kirol-instalazioak ikusi ahal izateko. Kirol-hiria inguratu ostean, Urumea ibairantz abiatuko gara, kale artean, “Baleazaleen kaleko” bidegorritik, Amara berriko zabalgunearen inguruko auzoak ezagutuz. Ezkerreko ibaiertzera gurutzako dugu eskuinaldetik jarraitzeko, ertzetik eta ibaiaren paraleloan, betiere agindutako ibai-parkearen zain. Hirian eraiki den azken auzoaren (Loiolako Erriberak) muturretik Loiola auzoan sartuko gara Sarasola zubitik (Loiola-Egia); Loiola istorio asko zuhur gordetzen dituen langile-auzoa da, eta bidegorriak handik jarraitzen du kuartel historikoak (16. km) gurutzatuz, erreferentziako beste auzo batera iritsi arte: Txomin enea, “Txomin berrira” aldatzeko bezperetan betiere.

Oraingoan Txomineko zubitik (Espartxo) Urumea ibaia gurutzatu eta igoera leuna hasiko dugu, Ametzagaina parkera (kaosetik jaio den naturagunea) eramango gaituen errepide politean zehar. Ubako santutegia/komentua igarotakoan, parkean sartuko gara hegoaldeko atetik eta, zumardi bat zeharkatu ondoren, ikuspegi sinesgaitz batetik hiria erakusten digun zorioneko begiratokira iritsiko gara; orientazio-mahaia baliatuta, hiriaren ikuskizun desberdina, ikusgarria eta aparta eskaintzen du: zentro erromantikotik zabalgune eta aldirietara, Donostia inguratzen duten mendien paisaia bikaina ahaztu gabe. Nahitaezkoa da handik gertu dauden XIX. mendeko 1. Karlistaldiko (1833-1839) gotorlekuaren hondarretara igotzea, hondamen-egoera delikatuan baitzeuden (18,8. km). Parketik paseatzen jarraitu eta ekialdeko atetik irtengo gara, Garbera merkataritza-gunera. Zirkulua ixteko bizikleta-bidetik jarraituko dugu, ezkerraldetik, Hego Intxaurrondo berria, bizitegi-auzotzat jotzen den auzo moderno eta ondo diseinatua, zeharkatzeko. Bidegorriak Frantziatik etorrita hiriaren atea den Ategorrietaraino (22,75. km) eramango gaitu, erloju tradizionalaren aurreko uhartean kokatuta dagoen Iñigo Pagolaren “ate gorri” dotoreraino, bere garaian Donostia Gipuzkoako gainerako herrietatik banantzen zuten ate gorrien alegoria. Txangoa amaitzear dago jada. Ategorrietako Galtzada Zaharreko bidegorria hartuko dugu Zurriola hondartzara (1994an berreskuratu zen hareatza) iristeko, surflarientzako eta, oro har, gazteentzako toki hobeezina. Azkenik, itsasertzeko pasealekuaren muturrean (Luis Pedro Peña Santiago pasealekua), Basterretxea artistaren eskultura aurkituko dugu, “Bakearen Uso” sinbolikoa; han zerumugako linea markatzen duen itsasoa da protagonista. Txangoa Kursaal auditoriumean bukatuko dugu 2 gurpileko makinaren gainean 25 kilometroz gozatu ondoren.

Testua: Jose Mari Alquezar

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies