Bizikletaren aldeko elkarteen hausnarketak Irun eta Errenteria arteko bidegorri proiektuaren inguruan
Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean argitaratu duenez, atzerapen asko eta bizikleta elkarteen eskaera asko ondoren, azkenean Irun eta Errenteria lotuko dituen bidegorria egingo da.
Asko pozten gaitu albistea entzuteak, Gaintxurizketako bidegorria aspaldiko aldarrikapena da, eta oso positiboa da gai honetan aurrera egitea. Korridore estrategikoa da, Bidasoaldea eskualde osoa probintziako gainerako eskualdeekin lotzeko aukera ematen baitu. Errenteria eta Irun bezalako bi gune garrantzitsu konektatzeaz gain, bertako langile askori lantokietara bizikletaz iristeko aukera ematen die eta Frantziako estatuarekin lotura segurua eskaintzen du. Zalantzarik gabe, desiratua zein beharrezkoa da bidegorri berri hau.
Hala ere, ibilbidea erakusten duen bideoa eta planaren xehetasun batzuk ikusi ondoren, inguruko txirrindularien elkarteetatik (Balazta, Gurpilartea eta Kalapie) uste dugu proiektuak positiboa izan arren asmo handiagokoa izan beharko lukeela. Aldundiak berak zabaldutako bideoan ikusi daiteke zigi-sagatsua izan daitekeen ibilbide baten bidez oztopoak ekidin eta galtzada-gurutze, zubi eta poligono asko zeharkatzen dituela . (Bideoa)
Autoen trafiko-bideak, ordea, ez du inolako aldaketarik erakusten, kalitate handiagoko bizikleta-ibilbide bat sortzeko aukerak izan arren. Inguru horretako bide nagusiarekin paraleloan (A-8) autobide bat dagoenez, uste dugu beharrezkoa dela gogoeta egitea autoarentzako espazioa murrizteko eta eremua bulebarizatzeko aukerari buruz. Benetako trafikoa baretzea, oinezko eta txirrindularientzako zero kotako bidegurutzeekin, inguruko erabiltzaile eta langile guztiek denda bateko kalea edo beren lanpostukoa autobus-geltokira igaro ahal izan dezaten, pasabide altuak eta itzulinguru handiak erabili behar izan gabe. Azken batean, diseinu gizatiarragoa eta inklusiboagoa.
Gaur egun bizi dugun testuinguruan, larrialdi klimatikoaz, jasangarritasunaz eta autoaren murrizketaz gero eta gehiago hitz egiten dugun honetan, argi dago ezin garela konformatu, besterik gabe, enkajezko bidegorriak egitearekin autoaren espazioa aldatu gabe. Bidegorriak eta kalitatezko oinezkoentzako guneak sortu behar dira, seguruak eta erosoak, erakargarriak izan daitezen, denbora luzez autoen trafikoari eskainitako gehiegizko espazio hori berreskuratuz. Era berean, garrantzitsua da garraio publikoaren eta bizikletaren arteko intermodalitatea bermatzea. Hori dela eta, positiboa litzateke inguruko Euskotrenen geltokia inguruko estrategiaren parte izatea.
Izan ere, ez gaitezen engainatu, mugikortasun iraunkorra ez da espedientea betetzeko bidegorriekin eta publizitate-kanpainekin bakarrik bultzatzen. Behar da, baita ere, hainbeste maite dugun eta hainbeste arazo sortzen dizkigun objektu horri eskua sartu eta pribilegioak kendu.
Etengabeko borroka da azpiegitura berri bat planteatzen den lekuetan. Galtzada aldatzeko eta politikariei kalitatezko azpiegitura bat egiteko aukeraren aurrean, beldurra sartzen zaie, eta nahiago dute ibilbide sigi-sagatsuak egin errepidean aktuatzea baino. Autoari eskua kosta ahala kosta eskua ez sartze honek bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide deseroso eta estuak sortzea eragiten du, eta ondorioz kasu askotan erakargarri ez den eta oinezkoekin gatazka sortzen duen infraestruktura batekin gelditu behar izaten gara.
Bestalde, exekuzio-epeek ere harritzen gaituzte. Aurreikusten den epea 6 urtekoa da, baina jakin badakigu mota honetako proiektu bat 2 urtetan egingarria dela. Beraz, gure ustez, epearen atzerapena aurrekontu gai baten ondorio da. Hiru elkarteek uste dugu erakundeek lehentasuna eman beharko liekela mugikortasun aktiboko inbertsioei. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urte batzuk Gipuzkoako bizikleta bideen plan sektoriala idatzi zuenean konpromisoa hartu zuen urtean 14 milioi euro inbertitzeko mugikortasun aktiboan. Urtez urte konpromiso hau ez da betetzen, eta Europar Batasuneko herrialde askoren oso atzetik gaude biztanleko mugikortasun aktiboko inbertsioen ehunekoei dagokienez.
Beraz, Kalapie, Balazta eta Gurpilartea bizikleta mugikortasuneko elkarteetatik anbizio handiagoa eta paradigma aldaketa bat planteatu nahiko genituzke. Autoari eskainitako espazio murrizketan oinarritutako bizikleta- eta oinezkoentzako azpiegitura handitze bat. Bidegorri eroso berri bat, azkarra, gaitasun handikoa eta oinezkoen eta txirrindularien artean bizikidetza baketsua ahalbideratzen duena. Horrez gain, mugikortasun aktiboko inbertsioa handitzea, Europar Batasuneko beste herrialde batzutan egiten ari diren bezala. Aipatu behar dugu, halaber, hiru elkarteok faltan botatzen dugula trazadura berria diseinatzeko prozesuan parte hartu izana. Gure ustez, ibilbide berriak diseinatzerakoan funtsezkoa da erabiltzailearen esperientzia kontuan hartzea, eta gure elkarteek, txirrindularien ordezkari gisa, zer esateko asko dugu honen inguruan.
Zoro deitzen ziguten duela 20 urte baino gehiago kontxako bidegorria eraikitzeko auto-errei bat kentzea planteatzen genuenean. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen asmatu egin genueala. Zoro deitzen digute oraindik autoak gure kaleetatik atera eta bizigarriago den hiri bat sortzea eskatzen dugunean. Nahiz eta behin aldaketa abiarazita inork ez duen atzera bota nahi izaten. Gaintxurizketan errepikatzen ari da egoera. Gu beti bezala ziur gaude autoari erreiak murriztu, bidea baketu eta kalitatezko bidegorri bat sortzeko aukera ausarta hartzen bada denok irabaziko dugula.