Bidegorri aitzindari batek Donostia eta Frantzia lotuko ditu 2026an, AHT-ren lanak amaitu aurretik
Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du mugikortasun-politikak iraultzea eta bere inbertsio eta exekuzioan fokua jartzea, mugikortasun aktiboari soilik lehentasuna emanez, eta, ekintza nagusi gisa, 2013an onartutako bizikleta-bideen plan sektoriala (gaur egun berritze prozesuan dagoena) abiaraztea erabaki du. Diputatu nagusiaren adierazpenen arabera, “Europa iparraldeko hainbat herrialdetan duela gutxi egindako bidai baten ondoren, konturatu gara aldaketa horren alde egiten duten politikek onura eta abantaila ugari dakartzatela, ez bakarrik zuzenekoak herritarrengan eta haien osasun indibidual eta kolektiboan, baita ekonomikoak ere, osasun-gastuetan aurrezten duelako eta ibilgailu motordunentzako azpiegituren mendeko gastua murrizten duelako. Ikusi dugu, halaber, hiri- eta landa-mailan, tokiko ekonomia nabarmen hobetu dela herrialde horietan “.
Ondorioz, aurrekontu berriek bizikletaren eta ibiltarien azpiegitura garatzeko inbertsioa laukoiztu egingo dute, urtean ia 30 milioi eurora iritsiz, eta Gipuzkoa Herbehereak, Belgika edo Danimarka bezalako herrialdeen parean jarriko dute.
Politika aldaketa horren isla izango da, lehenik eta behin, 2026a amaitu baino lehen Donostia eta Frantzia lotuko dituen bidegorria. Bidegorri berri hau aitzindaria izango da, ez bakarrik Gipuzkoan eta estatuan, baita Europa mailan ere. Aldundiaren eta Kalapieren arteko lehen lankidetza estuaren ondoren, maila goreneko azpiegitura diseinatzaileen laguntzarekin garatu da proiektua, sena haundiko Dutch Cycling Embassy eta Copenhagenize Design Company aitzindarieekin hain zuzen ere.
Diputatuak adierazi duenez, “bidegorri berriak diseinu berritzailea izango du, mundu mailako bizikleta azpiegitura bakar batek ere oraindik ikusi ez dituen ezaugarri berritzaileekin. 4 metroko zabalera izango du ibilbide osoan, trazadura zuzena izatea lehenetsiko da eta galtzadarikin ez du apenas bidegurutzerik izango. Bidegurutze bat dagoen lekuetan, ezarriko den sistema berritzailearen ondorioz, aurretik autoak gelditu egin beharko dira, eta lehentasuna emango zaio bidegorrian doan edozein txirrindulari edo oinezkori. Era honetan, erabiltzaileak ez du ibilbidean zehar inon gelditu beharko. Bulego eta poligonoak lotuko dituen adarrak ere egingo dira, eta bizikleta elektrikoak kargatzeko estazioak jarriko dira lan-eremuetatik gertu. Etorriko diren beste berritasunen artean, karga-bizikletak diruz laguntzeko programa bat jarriko da martxan ere, eskualdean ahalik eta auto gehien desagerrarazteko. ”
Kalapietik poztu egin gara albiste honekin, desiratutako bidegorriak urteak eta urteak eman baititu AHT iritsi aurretik egiten ote zen ikusteko borrokan. Zalantzarik gabe, ez zuen zentzurik atzerapenak oinez eta bizikletaz mugitzea sustatzen jarraitzeak eta mugikortasun aktiboak behar zuen bultzada hau. Izan ere, Aldunditik adierazi duten bezalaxe, mugikortasun hau da jasangarriena, seguruena eta osasungarriena, eta hau da lehentasunez sustatu beharrekoa.