T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Noticias

12
Eka

Hiri-bernaturalizazioa: espazio publikoa berreskuratzeko aukera

Azken hamarkadetan, gure hiriak neurri handi batean automobil pribatuaren beharretara egokitu eta diseinatu dira. Horren ondorioz, espazio publikoaren zati handi bat ibilgailuen zirkulaziora eta aparkalekuetara bideratzen da. Europako hiri askotan kalkulatzen da bide-espazioaren %60 eta %70 artean zuzenean edo zeharka trafiko motorizatuari eskaintzen zaiola. Espazioaren banaketa hau bidegabea da, kontuan hartuta hiriko joan-etorrien %25 inguru baino ez direla egiten ibilgailu pribatu motorizatuan.

Espazio publikoaren okupazio honek, automobilaren erabilerari lotutako ingurumen- eta gizarte-inpaktuez gain (airearen eta zarataren kutsadura, berotegi-efektuko gasen emisioak, bide-segurtasuneko arazoak eta abar), aukera-kostu handia ere badakar. Hiriaren zati hain garrantzitsu bat automobilari eskaintzeak espazio hori onura kolektibo handiagoa duten beste erabilera batzuetara bideratzea eragozten du, hala nola parke eta berdeguneetara, oinezkoentzako guneetara, elkarguneetara edo bizikleta-azpiegituretara.

Gero eta hiri gehiagok errealitate honetaz kontzientzia hartu dute, eta historikoki automobilak okupatutako hiri-espazioaren zati bat berreskuratzen ari dira pertsonen zerbitzura jartzeko.

Espazio hau berreskuratzeak aukera ugari eskaintzen ditu hiri osasungarriagoak, jasangarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzeko. Horietako interesgarrienetako bat hiri-bernaturalizazioa da. Jarraian azalduko dugu zertan datzan prozesu hori eta zergatik gero eta hiri gehiagok egiten duten haren aldeko apustua.

Zer da hiri-bernaturalizazioa?

Hiri-bernaturalizazioa hirietan natura-elementuak berreskuratu eta integratzeko prozesua da. Helburua ingurumen-kalitatea hobetzea, biodibertsitatea handitzea eta hiri-espazioak pertsonentzat osasungarriagoak, erresilienteagoak eta atseginagoak bihurtzea da. Horretarako, berdegune eta parke berriak sortu daitezke, edo landaredia kaleetan, plazetan eta beste hiri-espazio batzuetan txertatu.

Prozesu honen barruan jarduera ugari sar daitezke, hala nola zuhaitzak landatzea, parkeak eta korridore berdeak sortzea, ibai eta hezegune urbanoak leheneratzea, euri-lorategiak instalatzea edo asfaltoz estalitako azalera iragazgaitzak espazio berde eta iragazkorretan bihurtzea.

Estetika hutsetik harago, hiri-bernaturalizazioak urbanizazioak denboran zehar galduarazi dituen funtzio ekologiko batzuk berreskuratzea du helburu. Horri esker, hiriek tenperatura hobeto erregula dezakete, euri-ura modu eraginkorragoan kudeatu, airearen kalitatea hobetu, biodibertsitatea sustatu eta klima-aldaketaren ondorioetara hobeto egokitu.

Kasu askotan, hiri-bernaturalizazioak espazio publikoaren banaketa bera berriz pentsatzea ere eskatzen du, trafiko motorizatuari eskainitako azalera murriztuz eta pertsonentzako, naturarentzako eta bizikidetzarako espazio gehiago sortuz.

Zergatik egin hiri-bernaturalizazioaren aldeko apustua?

  1. Pertsonentzako espazioa berreskuratu

Hiri-bernaturalizazioak asfaltoak eta trafikoak menderatutako kale eta plazak pertsonentzako atseginagoak, erosoagoak eta erabilgarriagoak diren espazio bihurtzen ditu. Zuhaitzak, lorategiak, parterreak eta berdeguneak txertatzeak hiriaren itxura hobetzen du, ingurumen-konforta handitzen du eta espazio publikoaren erabilera soziala sustatzen du.

Gainera, elementu hauek ingurune erakargarriagoak sortzen dituzte paseatzeko, egoteko eta harremanak izateko, kaleak bizikidetzarako gune bihurtuz eta ez soilik ibilgailuen joan-etorrietarako espazio.

Berdeguneek ez dituzte soilik ingurumen-onurak ekartzen; herritarren arteko bizikidetza eta gizarte-kohesioa ere indartzen dituzte, topagune eta harremanetarako espazioak sortuz.

2. Tenperaturaren erregulazioa eta bero-uharte efektuaren murrizketa

Hiri-landarediak kale eta plazen tenperatura murrizten du itzalari eta ebapotranspirazioari esker. Azken hau landareek ura askatu eta inguruko airea hozten duten prozesu naturala da. Horri esker, bero-uharte efektua arintzen da (Asfaltoak, eraikinek eta bestelako azalera artifizialek beroa metatzearen ondorioz hiriek landa-eremuek baino tenperatura altuagoak izatearen efektua), erosotasun termikoa hobetzen da eta hiriak erresilienteago bihurtzen dira gero eta ohikoagoak diren bero-boladen aurrean.

3. Osasun fisikoaren eta mentalaren hobekuntza

Hiri-ingurunean landaredia egoteak eragin positiboak ditu herritarren osasunean eta ongizatean. Ikerketa ugarik erakutsi dute berdeguneekin eguneroko kontaktuak estresa, antsietatea eta neke mentala murrizten laguntzen duela, aldartea eta bizi-kalitatea hobetuz.

Gainera, ingurune naturalek oinez ibiltzera, paseatzera eta aire librean jarduera fisikoa egitera gonbidatzen dute, bizi-ohitura osasungarriagoak sustatuz. Onura fisiko eta psikologiko horien konbinazioak azpiegitura berdea tresna eraginkor bihurtzen du herritarren ongizatea hobetzeko.

4. Airearen kalitatearen hobekuntza

Hiri-azpiegitura berdeak airearen kalitatea hobetzen laguntzen du atmosferan dauden kutsatzaileen zati bat atxikiz, bereziki esekiduran dauden partikulak eta trafiko motorizatuari lotutako beste kutsatzaile batzuk.

Gainera, automobilari eskainitako espazioa murrizteak haren erabilera ere gutxitzen laguntzen du, eta horrek kutsatzaileen emisioak jatorrian bertan murriztea ahalbidetzen du.

5. Zarataren murrizketa

Kutsadura akustikoa hirietako ingurumen-arazorik hedatuenetako bat da. Trafiko motorizatua da haren iturri nagusia, eta atsedenari, osasunari eta pertsonen bizi-kalitateari kalte egiten die.

Hiriak bernaturalizatzeak ez du soilik zarata jatorrian murrizten; landarediak soinu-uhinak xurgatu eta sakabanatzen laguntzen du, ingurune lasaiagoak eta erosoagoak sortuz.

6. Klima-aldaketara egokitzea

Hiriak bereziki kalteberak dira bero-boladen, euri-jasa handien, uholdeen eta lehorte luzeen aurrean. Klima-aldaketa fenomeno horietako asko areagotzen ari da, eta gure hiri-inguruneak diseinatzeko modua berriz pentsatzera behartzen gaitu.

Azpiegitura berdea tresnarik eraginkorrenetako bat da hirien erresilientzia handitzeko. Tenperatura erregulatuz, ingurumen-kalitatea hobetuz eta uraren kudeaketa naturalagoa sustatuz, hiri-bernaturalizazioak hiriei egungo eta etorkizuneko klima-erronketara hobeto egokitzen laguntzen die.

Gainera, azalera iragazkorrek, berdeguneek eta ibai nahiz erreken ibilguak leheneratzeak ura lurrean infiltratzea errazten dute, eta euri-jasa handietan uholde-arriskua murrizten laguntzen dute.

7. Biodibertsitatea

Hiri-bernaturalizazioak biodibertsitatea berreskuratzen ere laguntzen du. Zuhaitzak landatzeak, berdeguneak sortzeak eta naturguneak leheneratzeak babeslekua, elikadura eta ugalketarako guneak eskaintzen dizkie hegazti, intsektu polinizatzaile eta beste animalia txiki askori. Gainera, espazio horiek korridore berdeen bidez lotzeak fauna mugitzeko aukera errazten du eta hiri-ekosistemak indartzen ditu. Biodibertsitate handiagoak hiriaren oreka ekologikoa hobetzeaz gain, ingurumen-aldaketen aurrean erresilienteago bihurtzen du.

Gainera, espezie horietako askok funtzio ekologiko ezinbestekoak betetzen dituzte, hala nola polinizazioa edo izurriteen kontrol naturala.

Hiri-bernaturalizazioaren forma nagusiak

Hiri-bernaturalizazioak forma ugari har ditzake, kale edo plaza bateko esku-hartze txikietatik hasi eta hiri oso baten eraldaketa-proiektu handietaraino. Hiri bakoitzak bere behar eta ezaugarriak dituen arren, hauek dira jarduera ohikoenetako batzuk:

Hiri-zuhaitzak landatzea

Kale, etorbide eta plazetan zuhaitzak landatzea hiria bernaturalizatzeko modurik erraz eta eraginkorrenetako bat da. Zuhaitzek itzala ematen dute, tenperatura murrizten dute, airearen kalitatea hobetzen dute, karbono dioxidoa xurgatzen dute eta espazio publikoak atseginago bihurtzen dituzte paseatzeko eta bertan egoteko. Gainera, habitat garrantzitsua dira hegazti eta intsektu askorentzat.

Parkeak eta berdeguneak sortu eta handitzea

Parkeak eta berdeguneak hiri-azpiegitura ekologikoaren funtsezko elementuak dira. Aisialdirako, kirola egiteko eta bizikidetzarako espazioak eskaintzeaz gain, biodibertsitatea sustatzen dute, tenperatura erregulatzen laguntzen dute eta hirien erresilientzia handitzen dute muturreko fenomeno klimatikoen aurrean.

Korridore berdeak

Korridore berdeek parkeak, lorategiak, ibaiertzak eta beste naturgune batzuk lotzen dituzte zuhaitzez hornitutako ibilbideen edo landarediz estalitako guneen bidez. Lotura horiek fauna mugitzeko aukera errazten dute eta hiri-ekosistemak indartzen dituzte. Aldi berean, oinezko eta txirrindularientzako ibilbide atseginago eta seguruagoak sortzen dituzte, mugikortasun jasangarriagoa sustatuz.

Ibaiak eta hiri-ibilguak leheneratzea

Hiri askotan ibaiak eta errekak estali edo eraldatu dira bide-azpiegiturei edo urbanizazioei lekua egiteko. Espazio horiek leheneratzeak ekosistemak berreskuratzea, uraren kudeaketa hobetzea, biodibertsitatea handitzea eta balio paisajistiko eta sozial handiko espazio publiko berriak sortzea ahalbidetzen du.

Zoruaren desinpermeabilizazioa

Asfaltoz edo zoladuraz estalitako gainazalak espazio iragazkor eta berdeekin ordezkatzeak euri-ura modu naturalean lurrean infiltratzea ahalbidetzen du. Horri esker, uholde-arriskua murrizten da eta uraren kudeaketa hobetzen da. Gainera, gainazal horiek bero-uharte efektua arintzen laguntzen dute eta landarediaren presentzia sustatzen dute.

Estalki eta fatxada berdeak

Eraikinetan landaredia txertatzeak, estalki berdeen edo fatxada berdeen bidez, natura dentsitate handiko hiri-inguruneetara hurbiltzen du. Soluzio horiek eraikinen isolamendu termikoa hobetzen dute, hiri-beroketa murrizten dute eta biodibertsitaterako espazio berriak sortzen dituzte.

Kaleak eta plazak eraldatzea

Potentzial handiena duten jardueretako bat trafikoari eta aparkalekuari eskainitako espazioa berreskuratzea da, berdegune, egonleku edo jolas-eremu bihurtzeko. Esku-hartze horiek naturaren presentzia handitzen dute hirian, espazio publikoaren kalitatea hobetzen dute eta haren gizarte-funtzioa indartzen dute.

Adibibide batzuk

Hiri-bernaturalizazioaren adibideak mundu osoan aurki daitezke, baina hona hemen ezagunenetako batzuk.

Catharijnesingel kanala (Utrecht)

Hiri-bernaturalizazioaren adibiderik ezagunenetako bat Herbehereetako Utrechteko Catharijnesingel kanala da. 1970eko hamarkadan, kanal historiko horren zati bat bete egin zuten hiri-autobide bat eraikitzeko. Hamarkada batzuk geroago, hiriak erabaki zuen jarduketa hura atzera botatzea: bide-azpiegitura kendu eta kanala zein haren inguruko berdeguneak berreskuratu zituen.

Emaitza ingurune erakargarriagoa izan da, biodibertsitate handiagoarekin, uraren kudeaketa hobearekin eta oinezko zein txirrindularientzako espazio gehiagorekin. Proiektu horrek erakusten du posible dela automobilak menderatutako espazioei natura eta hiri-kalitatea itzultzea.

Catharijnesingel before and after, Utrecht, Netherlands

Cheonggyecheon erreka (Seúl)

Hiri-bernaturalizazioaren beste adibide esanguratsu bat Hego Koreako Seul hiriko Cheonggyecheon errekaren berreskuratze-proiektua da. Hamarkadetan zehar, errekaren ibilgua hiriaren erdigunea zeharkatzen zuen autobide goratu baten azpian estalita egon zen.

2000ko hamarkadaren hasieran, azpiegitura hura eraitsi eta erreka leheneratu egin zen, hiriaren erdigunean hainbat kilometroko korridore berde bat sortuz. Aktuazio honi esker, bero-uharte efektua murriztu zen, biodibertsitatea handitu zen, espazio publiko berriak sortu ziren eta hiriko eremu zabal baten biziberritzea lortu zen. Gaur egun, hiri-bernaturalizazioaren nazioarteko erreferente nagusietako bat da.

Kaleen berdetzea Parisen

Azken urteotan, Parisko Udalak hiri-bernaturalizaziorako estrategia anbiziotsua bultzatu du, zuhaitzen landaketa masiboan, berdegune berrien sorreran eta gehiegizko asfaltodun kale eta plazen eraldaketan oinarrituta.

Kale askotan zuhaitzak, parterreak eta azalera iragazkorrak txertatu dira, eta lehen trafikoari eta aparkalekuei eskainitako espazioaren zati bat oinezkoentzako gune eta berdegune bihurtu da. Aktuazio hauek bero-uharte efektua murrizten laguntzen dute, ingurumen-kalitatea hobetzen dute eta hiria atseginagoa eta erresilienteagoa bihurtzen dute klima-aldaketaren aurrean.

Paris se verdit pour lutter contre les îlots de chaleur et la pollution

El antes y después de París demuestra que SE PUEDE.

Superillak Bartzelonan

Bartzelonako superillak Europako espazio publikoaren eraldaketaren adibiderik ezagunenetako bat dira. Eredu horrek trafikoa berrantolatzen du eremu jakin batzuetan ibilgailuen zirkulazioa murrizteko eta berdegune, plaza, haur-jolasgune eta egoteko espazioetarako lekua askatzeko.

Horri esker, zarata eta kutsadura gutxitzen dira, mugikortasun aktiboa sustatzen da eta kale bizigarriagoak sortzen dira. Superillek erakusten dute posible dela pertsonentzako espazioa berreskuratzea hiriaren funtzionaltasunari uko egin gabe.

Era berean, agerian uzten dute hiri bat bernaturalizatzeak ez duela zertan parke berriak sortzea esan nahi; trafikoak menderatutako kaleak berdegune eta bizikidetzarako espazio bihurtzea ere izan daiteke.

El poder de una idea que puede transformar nuestras ciudades. Literalmente.

Ondorioak

Hiri-bernaturalizazioa hirietako bizi-kalitatea hobetzeko eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko tresnarik eraginkorrenetako bat bihurtu da. Naturarentzat espazioa berreskuratzeak pertsonentzat ere espazioa berreskuratzea esan nahi du, ingurune osasungarriagoak, erosoagoak eta erresilienteagoak sortuz.

Donostiak ere bat egin behar du eraldaketa horrekin. Horretarako, gaur egun ibilgailu pribatuari eskainitako espazioaren zati bat pixkanaka berreskuratu eta berdeguneetara, zuhaitzetara, egoteko guneetara eta korridore ekologikoetara bideratu beharko da. Automobilak oraindik ere hiriko espazio publikoaren zati neurrigabea hartzen du; horregatik, ikuspegia eta ausardia behar ditugu Donostia berdeagoa, bizigarriagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestagoa eraikitzeko.

Iturriak

https://www.miteco.gob.es/es/ceneam/recursos/materiales/guia-de-recursos-sobre-renaturalizacion-de-ciudades.html

Paris se verdit pour lutter contre les îlots de chaleur et la pollution

Une nouvelle forêt à Paris ? La métamorphose de la place de la Catalogne

Transforming grey parking space into green space accessible for all: Effective policy and design

https://www.sostenibilidad.com/construccion-y-urbanismo/renaturalizacion-urbana

¿Por Qué Las Ciudades ENTUBARON Sus Ríos y Arroyos? || Urbanópolis

Leave a Reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies