Donostian arnasten dugun airearen lehen emaitzak – Airea 4
Orain dela hiru hilabete hasi ginen Donostian airearen kalitatea neurtzen. Fase honetan PM 2,5 partikulak aztertzen ditugu, arnasten ditugunen artean, gure osasunean gehien eragiten dutenak alegia.
Duela aste pare bat emaitza hauek Zaragozan apirilaren 27, 28 eta 29an egin zen “Bizikleta eta hiria” nazioarteko Biltzarrean aurkeztu genituen.
Eman genuen hitzaldia interesatzen bazaizue, hemen aurkituko duzue: Ponencia Congreso Zaragoza
Lehen emaitzak
Laginak hartzen emandako 3 hilabeteen ostean, hainbat “pertzepzio” interesgarri aurreratu ditzakegu. Izan ere, uste dugu behin betiko emaitzak aurkezteko epe luzeagoa behar dela, era guztietako egoera eta ibilgailuen lagin asko bildu ahal izateko: oinezkoak, bizikletak, autoak, autobusak eta aldiriko trenak.
Gainera, horren aurretik, gure detektagailu mugikorrak Eusko Jaurlaritzak Donostiako hainbat puntutan jarri dituen kabinetakoekin konparatzeko proba batzuk egin behar ditugu.
1. pertzepzioa.- Donostiako airean kutsadura dago. Azken bi hilabeteetan ez dugu astirik izan hiri osoa zehatz-mehatz aztertzeko, baina egun eta ordu desberdinetan 200 joan-etorri egin ditugu. Hauxe da hiriaren mapa pixelatuak ematen digun irudia:
Oharra: koloreztatzeko berdea (ondo, 12 µm-raino), horia (erdipurdikoa, 35 µm-raino), laranja (txarra, 55 µm-raino) eta gorria (oso txarra, 150 µm-raino bakarrik neurtzen du) erabili dira.
Airearen kalitatea erdipurdikoa da PM 2,5 partikulei dagokielarik.
2. pertzepzioa.- Airearen kutsadura-maila kezkagarri izan da hainbat momentutan, esaterako, apirilaren 7a eta 11 bitartean.
1. adibidea.- Airearen kalitatearen batezbestekoa, PM 2,5 partikulei erreparatuta, apirilaren 7a eta 11 bitartean Donostialdean.
Neurtutako ibilbide bat ere ez dago berdez markatuta, guztiak horiz (erdipurdiko kalitatea) edo laranjaz (kalitate txarra) margotu dira.
2. adibidea.- Apirilaren 10ean Oiartzunetik Donostiara joan ginen bizikletaz (13 km, mapan eskuinetik ezkerrera) 12:35etik 13:35era. Hauxe da hurrengo grafikoa:
PM 2,5 partikulen kontzentrazio-grafikoa ezkerretik eskuinera irakurtzen da. Kutsadura-maila handia ikus daiteke: batez beste 42 µm eta grafikotik kanpo gelditzen den piko bat (92 µm).
3. pertzepzioa.- Kutsadura handiko gertaera zehatz hauek honako fenomeno atmosferikoekin lotuta daudela dirudi: tenperaturen inbertsioa, behe-lainoen estabilizazioa, eta abar. Esaterako:
Donostian, kasu honetan, bi neurketa egin ziren Kontxako hondartzaren, Udaletxearen eta Alde Zaharraren inguruan, horiek guztiak zirkulazio gutxiko tokiak, 2:30 orduko aldearekin.
Lehenengo neurketak kutsadura handia erakusten du, horiz eta laranjaz markatuta, bigarrena ordea berdez agertzen da. Zer gertatu da? Tenperaturen inbertsioa desegin duen bat-bateko aldaketa bat.
Airea aztertzeko Eusko Jaurlaritzaren kabinak sortutako grafikoak ustekabeko aldaketa hori berretsi egiten du, PM 2,5 partikulen neurketak bat ez badatoz ere.
Oharra: koloreztatzeko berdea (ondo, 12 µm-raino), horia (erdipurdikoa, 35 µm-raino), laranja (txarra, 55 µm-raino) eta gorria (oso txarra, 150 µm-raino bakarrik neurtzen du) erabili dira.
4. pertzepzioa.– Bizikleta-bide berberetan, egoera eta egun desberdinetan, existitzen den kutsadura-mailan alde esanguratsuak antzematen dira, motordun ibilgailuen intentsitatearen arabera, besteak beste. Horrek esan nahi du neurketa gehiago egin behar ditugula.
Ikus daitekeen bezala, hiru hilabete hauetan, bi detektagailu erabilita, interes handiko informazio aski lortu dugu. Aurrerantzean, informatzen jarraituko dugu.