Illunbe: galdutako beste aukera bat
Donostiako Udalak Ospitaleetarako igoeran errotonda berri bat eraikitzeko lanak atera ditu lizitaziora, Illunbe inguruari sarbidea emateko, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Kalapietik publikoki salatu nahi dugu proiektu honek ez duela soilik bizikleta bidezko mugikortasuna erabat baztertzen; gainera, etorkizunean ospitaleetara eta Miramongo eremura iristeko bide nagusian bidegorri bat eraikitzeko edozein aukera behin betiko baldintzatzen duela.
Etorkizunari ateak ixten dizkion diseinua
Proiektatutako errotondak ibilgailu motordunentzako erreiak eta espaloi estu bat baino ez ditu aurreikusten. Ez dago bidegorririk. Mugikortasun jasangarriarekin konprometituta dagoela aldarrikatzen duen hiri batean, hutsune hori bera nahikoa litzateke kritikarako. Baina arazoa askoz sakonagoa da.

Errotonda lubeta edo terraplen handi baten gainean diseinatu da, eta ez du uzten etorkizunean igoera honetan bizikletentzako ibilbide bat eraikitzeko behar den espazio fisikorik. Hau da: Udalak ez du soilik orain bizikleta bidezko mugikortasunean inbertitzeari uko egin; etorkizunean akats hori zuzentzeko borondate politikoa balego ere, horretarako aukera ia ezinezkoa bihurtzen duen azpiegitura diseinatu du.
Galdutako beste aukera bat
Illunbeko errotonda ez da salbuespena, ezta hutsegite puntual bat ere. Hirian behin eta berriz errepikatzen den joera baten azken adibidea da: espazio publikoa berrantolatzeko aukerak baliatu beharrean, bizikleta berriro ere bazter uztea. Hona hemen azken urteetako adibide batzuk:
- Tren geltoki berria eta haren inguruko berrurbanizazioa bizikletaz Egiarekin loturarik sortu gabe gauzatu ziren. Ondorioz, bizikletaz joateko itzuli handia egin behar du edo bizikleta eskutik eramatera behartutzen da.
- Duela gutxi berrurbanizatutako Easo kalea kontrako noranzkoko bidegorri bat egiteko aukera paregabea zen. Kalapiek espresuki eskatu zuen, baina erabilgarri zegoen espazio guztia ostalaritzako terrazetara bideratu zen.
- Marrutxipiko autobiderako lotune berriak barrera handia sortu du, eta oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea erabaki zen soluzionatzeko, baina bizikletentzako irtenbide bat hartzea baztertu zen.
- Altzako kiroldegi berriak ingurune osoaren berrurbanizazioa ekarri zuen, baina kasu horretan ere ez zen bizikletazko mugikortasuna errazteko azpiegiturarik egin.
- Eta, batez ere, pandemia aukera historiko galdua izan zen: Europako hiri askok COVID-19aren krisia baliatu zuten mugikortasun eredua eraldatzeko, aldi baterako bidegorriak eta bestelako neurriak ezarriz, gero behin betiko finkatu zituztenak. Donostiak, ordea, aukera hura alferrik galdu zuen neurri esanguratsurik hartu gabe.
Illunbeko errotonda, beraz, sistematikoki bizikleta baztertuta uzten duten espazio publikoaren eraldaketen zerrenda luzera gehitzen da.
Proiektu handiago baten lehen pieza
Udalaren Gardentasun Atarian argitaratutako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu dugu errotonda hau ez dela jarduketa isolatu bat. Proiektuak berak espresuki aipatzen ditu etorkizunean Illunbe ingurutik autobiderako egingo liratekeen lotune berriak. Horrek erakusten du errotonda hau askoz ere esku-hartze zabalago eta garestiago baten lehen pieza dela, ibilgailu pribatuari lehentasuna ematen dion ikuspegi berarekin diseinatua. Ez dira ez oinezkoak ez bizikletak kontuan hartzen. Mugikortasun motorduna sustatzen duen estrategia da, eta, «eskari induzituaren» fenomenoaren ondorioz, trafikoa are gehiago handituko du. Hirian bada Udalak autoen aurkako politika egiten duela sinetsarazi nahi duenik; errealitateak, ordea, kontrakoa erakusten du: urtez urte errotonda gehiago, lotune gehiago eta autoarentzako azpiegitura gehiago eraikitzen ari dira.
Non dago bizikletaren aldeko inbertsioa?
Proiektu hau ezin da modu isolatuan aztertu. Legegintzaldi honetako hiru urteotan Donostian bizikleta bidezko mugikortasunerako inbertsioa ia hutsa izan da. Autoari dagokionez, ordea, diru publikoa oztoporik gabe isurtzen da. Ospitaleak-Illunbe inguruan bakarrik, 1,3 milioi euro bideratuko dira trafiko motordunarentzat soilik pentsatutako errotonda honetara. Horri gehitu behar zaizkio Galarretako lotunea eraldatzeko aurreikusita dauden 15 milioi euroak, Miramon eta Ospitaleetarako sarbideetan auto pribatuaren erabilera errazteko (edo are gehiago sustatzeko) diseinatutako jarduketa batean. Eta ez da kasu isolatua: azken urteotan egindako beste inbertsio batzuekin bat egiten du, hala nola Marrutxipiko autobiderako lotune berriarekin.
Kalapietik galdera argi bat egiten dugu: zer hiri-eredu ari da eraikitzen guztion diruarekin?
Gure eskaerak
Kalapietik honako hau eskatzen dugu:
- Illunbeko errotondaren proiektua berriz diseinatzea, bidegorri bat txertatzeko edo, gutxienez, etorkizunean eraiki ahal izateko behar den espazioa bermatzen duen aukera bat diseinatzeko.
- Illunbe inguruan aurreikusita dagoen autobiderako loturaren proiektu osoa gardentasunez azaltzea, eta mugikortasun jasangarrian izango dituen ondorioak argitzea.
- Bizikleta bidezko mugikortasunerako benetako eta aurrekontuz hornitutako konpromisoa hartzea, hiriak bere buruari ezarri dizkion klima- eta mugikortasun-helburuekin bat etorriz.
Donostiak ezin du bere hiri-etorkizuna bizikletari bizkar emanez eraikitzen jarraitu. Bizikleta kontuan hartu gabe gauzatzen den proiektu bakoitza ez da aukera galdu bat soilik: askotan, betiko itxitako aukera bat izaten da.
