Bizikletan GPSa erabiltzen ikasteko ikastaroa amaitu da
Hiru astetan zehar, ia 30 pertsonek hartu dugu parte bizikletan GPSa erabiltzen ikasteko Kalapiek bere egoitzan antolatu duen ikastaroan. Parte-hartzea esanguratsua izan da (%95 ingurukoa) eta, ikastaro teoriko-praktikoa izan denez, ikasleek aktiboki parte hartu dugu, era guztietako jarduerak eginez. Ikastaroan, mugikorrean instalatzen diren hainbat GPS aplikazio erabiltzen ikasi dugu: bereziki Wikiloc, baina Strava eta Google Maps ere gainetik aztertu ditugu.
Saio bakoitzean ibilbide txiki bat egin dugu gure GPSa erabilita, eta martxoaren 11n, igandean, hainbat ikaslek Kalapiek antolatutako Donostiari buelta bizikletaz ekimenean parte hartu genuen. 25 kilometroko martxa dibertigarri eta aldarrikatzaile hartan, ikasitakoa erabili ahal izan genuen: ibilbidea grabatu genuen eta puntu interesgarrietan edo aldarrikapenak egiteko tokietan waypoints-ak markatu genituen.
Halaber, Kalapieko monitoreek irteera ibilbidean arnasten ari ginen airearen kalitatea neurtzeko aprobetxatu zuten. Egun hartan, airearen kalitatea oso ona zen, baina hori ez da beti horrela gertatzen.
Ikusi egindako ibilbidearen Wikiloc esteka eta arnastu genuen airearen kalitatea adierazten duten irudiak.
Apirilean, Kalapiek ikastaroa berriz ere egingo du Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkartean.
Bizikletaz Donostiari buelta ematean egindako ibilbidea
Donostiari bueltan ematean arnastu genuen airearen kalitatearen gaineko irudiak.
Berdeak airearen kalitatea ona dela esan nahi du. Eskuineko grafikoak m3-ko 3 mikrogramotik beherako PM 2,5 partikulen maila adierazten du.