T. 943 451 511 / M. 629 271 481 / kalapie@kalapie.org

Albisteak

20
Eka

Bidegorri gorriak edo beltzak, benetan garrantzitsua al da kolorea?

Gure kaleek bizikletentzako bide bereiziak izan aurretik, herritarrek bizikletaz mugitzeko zuten aukera bakarra galtzada ibilgailuen joan-etorriarekin partekatzea zen. Bizikleta erabiltzeko aukera seguruagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko asmoz, lehenengo bidegorriak eraikitzen hasi ziren. Bidegorriak izan dira, bizikleta gutxi batzuek bakarrik erabiltzen zuten aisialdi elementu bat izatetik gure hirian benetako mugikortasun-alternatiba izatera pasatzea ahalbidetu duen infraestruktura.

Europako herrialdeetan zeuden bidegorriak adibide gisa hartuta, Gipuzkoako udalerriek ere gorriaren aldeko apustua egin zuten azpiegitura honen kolore bereizgarri gisa. Kolore horri esker, erreiak erraz identifikatu eta bereiz zitezkeen, eta honek euren erabilpena eta sustapenean lagundu zuen. Honela, gorria, gure bizikleta bideen ezaugarri garrantzitsu bilakatu zen, eta euskarak bidegorri izena hartu zuen bizikleta bideei erreferentzia egiteko. Zalantzarik gabe, ezaugarri honek azpiegitura hau benetako arrakasta izateko eta herritar askok bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko bultzada eman zuen.

Hala ere, azken urteotan Donostiako Udalak bidegorrietan kolore gorria erabiltzeari utzi dio. Pilar Arana mugikortasun zinegotziak prentsan egindako adierazpenen arabera (Los bidegorris dejan de ser rojos, DV, 15/03/2022) , aldaketa hau bidegorriak era honetan hobeak direla sinetsita egin dira. Izan ere, orain irizpide orokor berria errei berriak gorriak ez izatea da, bizikletak autoekin galtzadetan integratzea baita kontua.

Hala ere, prentsari berriki egindako adierazpenetan (Los diecisiete principales bidegorris de Donostia se renovarán con asfalto negro, DV, 27/05/2023) beste argudio bat erabili da aldaketa hori justifikatzeko. Adierazi zutenaren arabera, aldaketa beltza gorria baino hobeto eta errazago mantentzen omen delako egin zen.

Argudio politiko hauek argi eta garbi kontraesanean daude Europako bizikleta-azpiegituren diseinu-gidek ezartzen dutenarekin. Horregatik, Kalapietik, aukera aprobetxatu nahi dugu bidegorrien koloreari buruz adituek esaten digutenari errepasoa egiteko. Zenbait gida aztertu ondoren (artikuloaren amaierako iturrietan aipatuak) gorriaren aldeko arrazoiak honela laburbildu genitzazke:

1. Segurtasuna eta ikusgarritasuna

Bizikleta-erreiak gorriz pintatzeak ikuspena areagotzen du bai txirrindularientzat bai ibilgailu-gidarientzat eta oinezkoentzat. Ikusgarriagoa denez, murriztu egiten da txirrindularien eta ibilgailuen arteko talka-arriskua. Herrialde batzuek beste kolore batzuk aukeratzen dituzte, hala nola berdea edo urdina, eta helburu bera lortzen dute. Garrantzitsuena da aukeratutako kolorea asfalto beltzetik argi bereiztea, aparteko ikuspen hori lortzeko.

2. Espazioaren bereizpen argiagoa

Gorriz margotutako bidegorri batek argi eta garbi adierazten du bizikletentzako zuzendua dela espazio hori, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat. Horrela, edozein herritarrentzat errazagoa da espazio publikoa nola banatzen den ulertzea, eta kasu bakoitzean lehentasuna duenak, segregazioa praktikan jartzea erraztuz. Gainera, erreiak gorriz margotzeak aukera ematen die txirrindulariei beren espazioa berehala identifikatzeko eta bizikleta-ibilbide seguruak erraz aurkitzeko. Horrela, bizikletaren erabilera errazten da, eta txirrindulariek ibiltzeko hain egokiak ez diren eremutan sor daitezkeen gatazkak murrizten dira.

3. Bizikletaren erabilera sustatzea

Gorria oso kolore ikusgarria da, eta, beraz, identifikatzeko oso erraza. Horri esker, bizikleta-azpiegiturak presentzia handiagoa du hirian, eta, horrela, identifikazioa errazagoa eta intuitiboagoa denez, koloreak berak bizikletaren erabilera sustatzen du herritarren artean.

Kalapietik badakigu udal bizikleta sarea 30 gunez ere osatuta dagoela non bizikletek bidea ibilgailuekin elkarbanatzen dute beltza den kaltzada batean. Baina hau ezin da aitzakia izan bidegorriak ere beltzak izateko. Aitzitik, garrantzitsua da sarearen zatia kolore argiz eta gorriz markatzea, bereizia eta segurua dela markatu eta besteetik bereizteko. Mantenuaren argudioa ere ez zaigu zentzuzkoa iruditzen, azken batean aurrekontu aurrezpen txiki bategatik, txirrindularien segurtasuna eta lehen aipatutako gainerako bertuteak arriskuan jartzen baitira.

Azaldutako arrazoi guztiengatik, pentsatzen dugu kolorea garrantzitsua dela, eta ahal den guztietan bidegorriak gorriak izatea komeni dela, are gehiago galtzada-bidegurutzeetan, puntu arriskutsuenen segurtasuna hobetzeko. Hainbatetan planteatu diogu jada Mugikortasun Departamentuari gure hiriko bidegurutze arriskutsu batzuetan zorua gorriz margotu dezala (adibidez: Lizarra eta Easo arteko bidegurutzean); izan ere, gorriz margotzen ditugunean, gidariek txirrindularien pasabide bat dagoela errazago ikusten dute, abiadura moteltzen dute, arreta handitzen dute eta, ondorioz, txirrindularien segurtasuna hobetzen da.

Jarraian bidegorri gorrien hainbat adibide toki ezberdinetan:

  • Galtzada bidegurutze bat Bruselasen. 

  • Holandan gorria ibilgailuekin partekatutako galtzadak direnean ere erabiltzen da. Hona hemen bi adibide:

  • Galtzada gurutzabideetan zoru gorri adibideak (estatuko zeinbait hirietako argazkiak):

  • Bidegorria zorua gorria den hainbat adibide (Errazagoa da erabilerak identifikatzea eta bereiztea):

Kontsultatutako iturriak: 

  • Recomendaciones para proyectos de infraestructura ciclista del MITMA: MITMAren bizikleta-azpiegiturako proiektuetarako gomendioetan, bizikleta-ibilbidea bisualki nabarmenduko dela xedatzen da, ibilgailu motordunen erabiltzaileei bizikleta-erreiaren norabide-aldaketez ohartarazteko.
  • Manual de diseño de tráfico de bicicles CROW, Fietsberaard: Koloreari esker, diseinuak zerbait garrantzitsua jakinarazten die erabiltzaileei. Gorria da orain ziklobientzako eta ziklo-bizikletentzako estandarra, nahiz eta inongo legetan oinarrituta ez egon. Praktikan, edozein kolore da posible. Kolore bakarra (gorria) erabiltzean, bizikletaren azpiegitura ezagunagoa eta ikusgarriagoa egiten da. Uste da horrek eragin ona duela erosotasunean (erabiltzeko erraztasuna) eta bide-segurtasunean. Koloreen erabilerak zikloruta baten jarraitutasuna ere lagun dezake, motordun trafikoko ibilbide baten bidez. 1980etan egindako azterketek erakutsi zuten ziklobanda gorriek txirrindularien bide-espazioaren azterketa hobetzen zutela motorzaleen artean, eta pixka bat distantzia handiagoa mantendu zutela pasatzean.
  • Guía de buenas prácticas, ECF: Kolorea eta gainazalaren aukeraketa txirrindulariari zein bide hartu erakusteko modu erabilgarria izan daitezke
  • Manual de vías ciclistas de Gipuzkoa: Erabiltzaileek arriskua eta istripu-arriskua murrizteko abiadura egokietan gurutzatzea lortzeko tekniken artean, honako hauek daude: zoladuraren kolorea eta egitura aldatzea.
  • Cycling dutch embassy principles: Bizikleta-erreiek koherenteak izan behar dute eta diseinu uniformeko jarraibideak izan behar dituzte sare osoan. Zirkulazio-eremu arautuagoetan, azaleraren eta kolorearen aukeraketak argi eta garbi adieraz dezake bidearen erabiltzaile bakoitzarentzat izendatutako eremua. Azalerak eta koloreak eremu egokira gidatu behar dituzte bide-erabiltzaileak, eta argi eta garbi adierazi behar dituzte pasatzen uzteko arauak. Bidearen erabiltzaileek eremu baten bidez beren bidea negoziatu behar duten eremuetan, garrantzitsua da txirrindularien portaera aurrez aurreikustea.
  • Using cool pavements as a mitigation strategy to fight urban heat island—A review of the actual developments (https://www.sciencedirect.com/science/article/abs/pii/S136403211300350X). Ikerketek ere erakusten dute asfaltoaren koloreak gure hiriak berotzen dituen bero-uharte efektuan arintze-efektua izan dezakeela.
  • Evaluation of Blue Bike-Lane Treatment in Portland, Oregon (https://journals.sagepub.com/doi/abs/10.3141/1705-16?journalCode=trra). Koloreak segurtasunean benetako eragina duela frogatzen duen azterketa.
  • Is Red the New Black? A Quasi-Experimental Study Comparing Perceptions of Differently Coloured Cycle Lanes (https://www.frontiersin.org/articles/10.3389/fpsyg.2020.554488/full): Erabiltzaileek kaltzadaren kolore beltz desberdin batetik ibilitzea nahiago dutela frogatzen duen ikerketa
  • Rolling out a red carpet for cyclists (https://bicycledutch.wordpress.com/2011/06/02/rolling-out-a-red-carpet-for-cyclists/): Post honetan azaltzen da nola ezarri pintura gorria kostu baxuan eta zergatik den garrantzitsua kolorea

Zure iritzia utzi

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies