ERROAK Gizarteratzeko Elkarteko topaketa-taldeko emakumeei bizikleta dohaintza
Joan den uztailaren 23an, Kalapie elkartetik bizikleta dohaintza bat egin genien Erroak Gizarteratzeko Elkarteko emakume topaketa-taldeko kideei.
Talde honen helburu nagusitzat ditu toki seguru bat sortzea, premia desberdinak dituzten emakumeen arteko sare bat eraikitzen hastea eta topagune horietan esperientzia berriak bizitzeko leku bat eskaintzea. Taldeak hainbat jatorritako emakumeak biltzen ditu, eta urtean zehar hainbat irteera eta saio antolatzen dituzte. Ekintza hauetan, parte-hartzaileen talentua sustatu, laguntza-sare bat sortu eta ingurunea hobeto ezagutzen dute.
Bizikleta jarduera hauen artean presente egon da. Taldeko emakumeek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro bat eta bizikletaren oinarrizko mantentze ikastaro bat egin dituzte. Azken hau Kalapieren laguntzarekin.
Emakume hauek beren egunerokoan bizikleta erabiltzeko aukera izan dezaten, Gurpil Artea elkartearen bidez eta partikularren dohaintzaren bidez eskuratu ditugun bizikletak banatu ditugu. Era honetan abandonatuta zeuden bizikletei bigarren erabilera bat emanez.
Bizikleta entrega Kalapieren lokalean egin genuen, merienda eder batekin batera. Bertan Kalapieko kideek eta programan parte hartu zuten emakumeek esperientziak, aholkuak eta tarte atsegin bat partekatu ahal izan genituen.
Kalapiek etorkizunean horrelako dohaintza gehiago egiteko asmoa du. Beraz, dei egin nahi diegu bizikleta desusoan daukan edonori gurekin harremanetan jartzeko bigarren erabilera bat bilatu diezaiogun. Bidali whatsapp bat 629271481 zenbakira bizikletaren argazkiarekin eta ikusiko dugu zer egin daitekeen. Bizikletek egoera onean egon beharko dute, lan gutxirekin prest egoteko moduan.