2026ko Mugikortasunaren Astea: Kalapiek elkarbizitzari buruzko «Ireki begiak, elkar biziz» kanpaina jarriko du martxan
Bihar, irailaren 16an, Mugikortasunaren Europako Astea hasiko da. Irailaren 22ra arte luzatuko da, eta aurten ere Kalapiek parte hartuko du.
Europako erakundeek bultzatutako eta tokiko administrazioek beren gain hartutako kanpaina da. Horren barruan, hainbat kanpaina, jarduera eta ekitaldi antolatzen dira, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko eta garraioak bizi-kalitatean, espazio publikoan eta ingurumenean dituen eraginei buruz hausnartzeko.
Aurten, Donostiako Udalarekin elkarlanean, «Ireki begiak, elkar biziz» kanpaina prestatu dugu, hirian mugitzen garen pertsonen arteko elkarbizitza ardatz hartuta.
Donostian mugitzen garenean, espazioa beste pertsona askorekin partekatzen dugu: oinez, bizikletaz, garraio publikoan, autoz, motoz edo patinetez. Mugitzeko eta espazio hori erabiltzeko dugun moduak inguruan ditugun pertsonengan eragina du. Horregatik, kanpaina honen bidez arreta, errespetua eta erantzunkidetasuna sustatu nahi ditugu, baina baita herritarrek mugikortasuneko elkarbizitza nola hautematen duten eta zein egoerak sortzen dituzten arazo gehien ezagutu ere.
Horretarako, Donostiako hainbat lekutan kalera aterako gara. Herritarren iritzia jasoko dugu inkesta baten bidez, eta arauei, jardunbide egokiei eta eguneroko egoerei buruzko dinamika txikiak egingo ditugu.
Leku eta ordutegi hauetan egongo gara:
- Irailaren 17an, asteazkena, 11:00etatik 14:00etara, Herrerako geltokian.
- Irailaren 17an, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara, Jose Maria Sert plazan.
- Irailaren 19an, ostirala, 11:30etik 13:30era, Vinuesa plazan.
- Irailaren 22an, asteartea, 12:00etatik 14:00etara, Gipuzkoa plaza inguruan.
Edonork parte har dezake inkestan, aipatutako lekuetara hurbildu beharrik gabe. Galdetegia anonimoa da, minutu gutxitan bete daiteke eta euskaraz zein gaztelaniaz dago eskuragarri:
Kalapieren Donostiako elkarbizitzari eta mugikortasunari buruzko inkesta
Gure jarduerez gain, Udalak beste hainbat ekintza antolatu ditu Mugikortasunaren Asterako. Programa osoa hurrengo estekan kontsulta dezakezue:
