Morlanseko tunela: ikonikotik eskasera
Donostiako Udalak Morlanseko bizikleta-tunela berritzeko lanak egin ditu. Duela ia bi hamarkada inauguratutako azpiegitura da, eta munduan bakarra da hiri ingurune barruan bizikletentzat soilik diren 1,4 kilometroko tunela delako. Orain egin den proiektu honek, lehen aldiz, oinezkoei tunelaren barrutik igarotzeko aukera ematen die. Kalapien ez gaude hobekuntza horren aurka: oinezkoa da beti mugikortasun jasangarriaren elementurik garrantzitsuena. Baina publikoki salatu nahi ditugu obra honen gauzatzean egin diren hainbat zentzugabekeria, segurtasun falta eragingo dutenak eta, beste behin ere, bizikletak hirian lehentasuna galtzea dakartenak.
Oinezkoentzako tunela, oinezkoentzako sarbiderik gabe
Proiektuak bidegorriaren alboetako bazterbideak zabaltzen ditu, uraren kanalizazioa zementuz estaliz, eta horrela bi espaloi txiki sortzen dira. Arazoa da oinezkoentzako espazio berri hau tunelaren barrualdera mugatzen dela eta gainerako tarteetan ez dela ezer egin. Lugaritz eta Morlans aldeko sarbideetan, bakoitzean 100 metro inguruko tarteetan, eta tunel nagusiaren eta tunel txikiaren arteko aire zabaleko 200 metroko tartean, ez da inolako hobekuntzarik egin. Guztira, orain arte txirrindularientzat soilik ziren 400 metro dira, eta hemendik aurrera oinezkoekin partekatu beharko dira.
Ondorioz, tunel barrutik ibili nahi duten oinezkoek txirrindulariekin partekatutako 400 metroko bidegorri-tartea ere zeharkatu beharko dute. Bizikletak urteetan tarte horietan izan duen lehentasuna galtzen du, eta oinezkoek, berriz, ingurune desatsegin eta ez-seguru batekin gelditzen dira. Denok ateratzen gara galtzen diseinu eskas honen ondorioz.
Zer zentzu du tunelaren barruan 1,4 kilometroko espaloiak egiteko ahalegin ekonomikoa egiteak, baina tunelera iristeko beharrezkoak diren 400 metroak ahazteak? Gauzak ondo egin zitezkeen, hasieratik amaierara jarraitutasuna izango zuen oinezkoentzako ibilbidea prestatuz, baina badirudi hiri honetan mugikortasun aktiboarekin zerikusia duten proiektuak beti erdibidean geratzen direla.
Elkarren artean zentzurik ez duten seinale bertikalak eta horizontalak
Bigarren arazoa tunelaren barruan bertan dago. Erdiko asfalto gorriko bidegorria ez da aldatu eta zementuzko espaloi berriak argi bereizita geratzen dira bi alboetan. Hala ere, proiektuak oinezkoen lehentasuna adierazten duen seinaleztapen bertikala ezartzen du tunel osoan, espazioa partekatua izango balitz bezala. Beraz, kontraesan nabarmena dago zoruan espazioak erabat bereizita dituen diseinuaren eta espazio partekatu bati buruz hitz egiten duten seinale bertikalen artean.
Kontraesan horrek tunela erabiltzen dutenen segurtasuna arriskuan jartzen du. Txirrindulari gehienak ez dira jabetuko oinezkoek bidegorriaren barruan lehentasuna dutela, beren bidetik argi bereizitako espaloi bat dagoenean alde bakoitzean. Nahasmena sortuko duen formula da, eta, lehenago edo geroago, sustoren bat eragingo du.
Erreforma honekin, bizikletak lehentasuna galtzen genuen gaitasun handiko eta trafiko motordunarekin gurutzaketarik gabeko ibilbide bakarrean. Argi dago oinezkoek lehentasuna izan behar dutela espaloi berrietan, baina bidegorriaren barruan, zer zentzu du?
Beste gabezia batzuk:
Tunelera egindako bisitan, obraren gauzatzean eta azken emaitzan beste gabezia batzuk ere antzeman ditugu:
- Tunelaren hormetan grafiti ugari daude oraindik, eta horietako batzuk instalatutako lona berriek partzialki estaltzen dituzte. Zaila da sinestea grafiti horiek guztiak obrek iraun duten bitartean egin direnik.
- Argiteria ez da berritu eta argi batzuek ez dute funtzionatzen, nahiz eta hasierako proiektuan berritzea aurreikusita zegoen; helarazi digutenez, aurrekontu-mugengatik.
- Telefono mugikorren estaldura berria ezin izan da garaiz martxan jarri. Aktuazio aspilditi izan da mahai gainean eta obrek bost hilabete iraun dute. Egon da denbora garaiz iristeko.
- Azkenik, tunela nahiko zikin eta hauts-geruza batekin aurkitu dugu; gure ustez, berriro ireki garbitu izan balitz jantziago geldituko litzateke.
Garrantzi desberdineko gaiak dira, baina gure ustez aktuazioaren azken gauzatzean eta akaberetan arreta falta izan dela erakusten dute. Bost hilabeteko lanen ondoren, eta hiriko bizikleta azpiegitura berezi eta erreferenteetako bat dela kontuan hartuta, azken emaitza askoz gehiago zaindu behar zela uste dugu.
Helburuak bete gabe?
Hemendik aurrera oinezkoek tunela legez erabili ahal izango duten arren, beldur gara diseinu honek hiriko oinezkoen mapan puntu beltz berri bat sor dezakeela, segurtasun-pertzepzio faltagatik. Tunel baten barruan 1,4 kilometro egiteak segurtasun falta sentiarazi dezake, eta beraz, praktikan, eragin dezake oso pertsona gutxik erabiltzea tunela oinez zeharkatzeko. Ondorioz, obraren helburu nagusia, oinezkoei sarbidea ematea, zalantzan geratuko litzateke.
Erreforma hau, gainera, bizikleta proiektuetan inbertsio falta nagusi izan den legealdi batean iritsi da. Pixka bat gehiago ez inbertitzeagatik eta gauzak ondo ez egiteagatik irtenbide eskasak aukeratzen diren beste adibide bat da, epe luzera osatu gabeko aktuazioak zuzentzea obra hasieratik behar bezala egitea baino garestiagoa baita.
Eskatzen dugu
Kalapiek honako hau eskatzen du:
- Oinezkoentzako ibilbidea tunelaren kanpoko sarbideetan ere osatzea (Lugaritz, Morlans eta aire zabaleko tartea), oinezkoek tuneletik kanpo bidegorria erabili behar izan ez dezaten.
- Seinaleztapen bertikala espazioaren benetako diseinuarekin koherentea izatea: erdiko bidegorria eta alboetako espaloiak fisikoki bereizita badaude, seinaleztapenak bereizketa hori islatu behar du.
- Udalak bizikleta eta oinezko mugikortasuneko proiektuak modu eskasean konpontzeari uztea eta obrak hasieratik irizpide tekniko egokiekin egiteko beharrezkoa den inbertsioa egitea.
Morlanseko tunela kalitatezko bizikleta azpiegituraren erreferentea zen, eta hala izaten jarraitu beharko luke. Obra-metro batzuk aurrezteagatik erabiltzaile guztientzat, txirrindularientzat zein oinezkoentzat, nahasgarria eta potentzialki ez segurua den espazio bihurtzea atzerapausoa da, eta ezin dugu horrelakorik onartu.
Argazkiak
Irailaren 19ko eta 20ko asteburuan ateratako hainbat argazki partekatzen ditugu.
Lona grafitiak partzialki estaliz

Grafitiak


Tunelen arteko tartea

Konpondu gabeko iluminazioa

Mobil estaldura soluziorik gabe

Señalizazioa

