Egia kaleko bidegorri berriaren proposamena
Aurten, 2025ean, Donostiako Udalak Egia kaleko bidegorria berregokitzeko asmoa du, eta aurten bertan gauzatzeko aurrekontua du. Proiektua aurrera atera ahal izan da azken partaidetzasko aurrekontuei esker; izan ere, herritarrek proposatu eta bozkatu zuten, beste proposamen askoren artean. (Partaidetzazko aurrekontuen emaitzak)
Kalapietik, Urumea inguruko auzo guztiak (Loiola, Riveras, Martutene, etab.) hiriko erdigunearekin (Gros eta erdialdea) lotzeko bide gisa pasabide horrek duen garrantziaz jabetuta, bidegorri berri bat proposatu nahi izan dugu. Ibai inguruko auzo hauek populazio handia dute, eta, gainera, datozen urteetan handitzeko aurreikuspena dago. Beraz, kalitatezko bidegorri izateak ardatz honetan gure hirian bizikleta mugikortasuna sustatzen asko lagundu dezake.
Proposamenaren planoa esteka honetan kontsulta daiteke: Proposamen planoa Egia kalea
Proposamenak bi norabideko bidegorria proposatzen du, kalearen alde batean banatua, bizikletaz ibiltzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin, batez ere esperientzia gutxien duten erabiltzaileentzat eta/edo adinekoentzat eta haurrentzat. Proposamenak oinezkoen pasabide berri batzuk ere jasotzen ditu, oinezko mugikortasuna errazteko, eta autobus geltokietan oinezkoen eta bizikleten arteko elkarbizitza erraztuko duen diseinu bat. Azkenik, proposamenean ia aparkaleku guztiak mantendu dira. Hala ere, Kalapietik, gure hirian autoek hartzen duten gehiegizko espazioa pixkanaka gutxitzearen alde gaude, eta sortzen diren espazio berri hauek beste erabilera batzuetarako erabiltzearen alde, hala nola berdeguneetarako, espazio publikorako, espaloi/bidegorri zabalagoetarako edo garraio publikorako.
Proposamena Egia Bizirik elkartearekin elkarlanean landu da eta euren babesa dugu. Egiako bizilagunen oniritzia jaso ondoren, proposamena mugikortasun-departamentura bidali da, berrikusi eta aztertu dezaten.