Kalapiek Aginagako trenbide-saihesbideak askatutako bidea bizikleta eta oinezkoen erabilerarako egokitzea eskatu du
Eusko Trenbide Sarea (ETS) datozen hilabeteetan hasiko da Orio eta Usurbil artean trenbide-saihesbide bat eraikitzeko lanekin, Aginaga parean. Aktuazio honetan tunel bat egiteko asmoa dago, trenaren ibilbidea laburragoa izan dadin. Honek 2,7 kilometro inguruko tartea libre utziko du. (ETS adjudica por 30,6 millones la variante ferroviaria de Aginaga, entre Orio y Usurbil)
Proiektuaren planoa (tunela berdez eta libre geratzen den tarte beltz etenez):
Kalapie Donostiako hiriko txirrindularien elkartetik uste dugu erabiltzen ez den trenbide zatia lehenbailehen egokitu beharko litzatekeela bizikleta eta oinezkoen erabilerarako. Gaur egun, Txokoalderainoko bidea herritarrek erabiltzen dute jada, paseatzeko eta kirola egiteko. Azpiegitura hau Txokoaldetik harago zabaltzeak onura handia ekarriko luke herritarrentzat, ibilbide erosoa eta natura- eta paisaia-balio handikoa eskaintzen baitu.
Ondorioz, Kalapietik eskaera helarazi diegu bai probintziako bidegorrien sarea kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun departamentuari, bai Eusko Jaurlaritzako mugikortasun iraunkorreko departamentuari. Kalapiek eskaera bera egin zuen proiektuaren alegazioen fasean 2022an, baina konpromiso falta aurrean, berriro egin nahi izan dugu eskaera.
Gure ustez, ETSk Txokoaldeko zubia berregokitzea bere gain hartzen duen bezala, liberatutako tarte hori egokitzea ere ETSren ardura izan beharko litzateke. Kontutan izan behar dugu jarduera hau jasota dago jada Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikleta Bideen Plan Sektorialean, eta, beraz, funtsezkoa da administrazioen arteko koordinazioa, betetzen dela bermatzeko.
Eskaera erregistratu ondoren, aldundiaren erantzuna jaso dugu esanez bizikletaren plan estrategikoak Usurbil-Aginaga bidegorria 2032tik aurrera eraikitzeko asmoa duela. Harrituta gaude erantzunarekin, eta uste dugu ez dela onargarria hainbeste itxarotea azpitarte hau egokitzeko. Ulertzen dugu tarte osoari ezin izatea epe laburrean heldu, jarduketa konplexua baita. Baina ez dugu ulertzen bidearen azpitarte hau ahalik eta eperik laburrenean ez egokitzea.
Beraz, espero dugu inplikatutako erakundeek esandakoak kontutan hartzea, eta bizikleta eta oinezkoen ibilbide hau lehenbailehen errealitate bat izatea.