2022ko balantzea Donostiako bizikleta mugikortasunean eta kezka handia 2023rako
2022 urtea amaitu den honetan, Kalapietik Donostiako Udalak bizikleta bidezko mugikortasunaren arloan urtean zehar aurreikusita zituen proiektuen balantzea egin nahi izan dugu. Izan ere hiriko 2022ko aurrekontuetan, hainbat bizikleta-proiektutarako partidak zeuden aurreikusita, horietako zenbait herritarrek bozkatutako aurrekontu partehartzaile bidez aukeratuak.
2022an egin eta amaitutako bizikleta-proiektuak honako hauek dira: Kontxako bidegorriaren zabaltzea; San Martin kaleko bidegorri berria eta Antigua auzoko bidegorrien konponketak.
Hala ere, badira 2022ko aurrekontutan sartuta eta gauzatuak izan ez diren beste proiektu batzuk. Honakoxe hauek hain zuzen ere: Txomineko ibai-parkearen eta 27. poligonoko errotondaren arteko lotura; Frantzia pasealekuko bidegorria konponketa; Gernikako Arbola pasealekuko bidegorria konpontzea; eta, azkenik, zehaztua ez dagoen bidegorri zenbait hobetzeko partida bat. Egin ez izanaren arrazoia ez dugu ezagutzen.
Kezkatzen gaitu, urtea amaituta, 2022ko aurrekontuko partida hauek ahaztuta gelditzea, eta ondorioz ez exekutatzea eta Udalak dirua hau beste gai batzuetarako erabiltzea.
Baina gure kezka haunditu egin da, harriduraz egiaztatu baitugu 2023rako aurkeztu berri diren aurrekontuetan ez dagoela bizikleta mugikortasun-proiektuetarako partida espezifikorik. Ez eraikuntzarako, ezta mantentze-lanetarako ere. Ez Mugikortasun Sailean, ez Hiri Mantentze Sailean. Eta, beraz, 0 € bideratuko dira aurten bidegorrietara. Datu hau zaila da ulertzea eta sinestea gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoko egoeran, eta kontraesanean jartzen ditu gobernutik behin eta berriz entzuten ditugun mugikortasun aktibo eta osasungarri diskurtso polit guztiak.
Iturriak: